Aurreikuspenik onenak ere hobetu dituzte Gorpuztietako ospakizunek
Aspaldiko Ibarrangeluko jairik jendetsuenak izan dira. Luhartzen kontzertuak eta pilota partiduek erakarri dute jende gehien. Jaien balorazio positiboa egin dute udaletik.
Giro ederrean eta espero zena baino jende gehiagogaz ospatu dituzte Gorpuzti jaiak Ibarrangelun, ekainaren 16a eta 25a bitartean. Udaleko antolakuntza lantaldetik adierazi dutenaren arabera, “aurreikusten zuten” jende asko bertaratzea, “baina inondik inora ere ez hainbeste“: “Azken urteotan Gorpuztiek ez dute hainbeste jende erakarri; polita izan da pertsona gazteak herriko jaietan ikustea, inguruan hainbeste jai egonik”.
Herriko gaiteroak izan dira aurtengo jaietako protagonista nagusiak; beren 25. urteurrena izan da aurten, eta jaietako ohorezko txupina jaurti zuten. “Ibilbide luze hori omentzeko modu ederra izan zen”, adierazi dute udaletik. Gaiteroek, hain zuzen ere, jaietako beste hamaikatxo ekimen ere alaitu dituzte beren doinuekin. Esate baterako, Lagan egindako itsasgizonen eta arrantzaleen urteroko bazkarian izan ziren; bazkari horretan berrogei pertsona inguru izan ziren, hau da, “kopuru oso polita”.
Bederatzi paella aurkeztu zituzten txapelketara, eta Natxituarrak taldeak irabazi zuen.
Kontzertuei dagokionez, “emaitza bikaina” izan dute: “Eingo taldekoak asko dira eta, gainera, herriko pandero-jotzaileekin elkartu ziren, emanaldi berezia emateko”. Luhartz erromeriak, bestalde, herriko plaza ikuslez lepo bete zuen, hilaren 18an. Antolakuntzatik azaldu dute enparantza ez dutela “sekula hain beteta ikusi”. Ikusle asko erakarri zituen hirugarren emanaldia The Uski’s-ena izan zen: “Ia-ia herriko taldea da, bertokoa bikain ezagutzen duten plaza da, eta ikuskizun paregabea eman zuten”.
Herri bazkari jendetsua. Gorpuztietako herri bazkaria jaien “isla garbia” izan dela adierazi dute udaletik: “Jende dezentek izena ematea espero zen, are gehiago urte biko etenaldiaren ostean; nolanahi ere, ez zen horrelako jendetzarik espero”. Herritarrek “ezinhobe” erantzun zuten, eta 200 pertsona inguru bildu ziren bazkaritarako. Bestalde, eguneko aro petralak ere ez zituen kikildu paella txapelketako parte hartzaileak; hogei partaide inguruko bederatzi langunartek parte hartu zuten eta, horrenbestez, “giro aparta” izan zen. Natxituarrak lagunarteak irabazi zuen paellarik onenaren saria. Paella txapelketagaz, Gorpuztietako azken eguneko erakargarririk handiena esku pilota partiduak izan ziren. Udaletik azaldu dute urtero-urtero “emakumezko kirolarien aldeko apustua” egin ohi dutela eta partiduak “erabaki horren erakusle” direla.
Bai herri bazkariak, bai itsasgizon eta arrantzaleenak jende ugari bildu zuten.
Gaztetxoenen kategorietatik hasita, Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarraren bikotekako norgehiagokatik igarota eta profesional mailakoen partidura arte, Ibaeta pilotalekua “ikuslez gainezka” izan zen. Gorpuztiek beren bidea egin dute. Aurtengo jaien balorazioa “ezin positiboagoa” da, eta antolatzaileek hurrengo urterako langa “oso handia” dela uste dute, giroari eta parte hartzeari dagokionez.