Iberiar penintsulako iparraldean jaiotako bi arrano arrantzale eraztundu dituzte
Aranzadi Zientzia Elkarteko eraztuntzaileek egin zuten eraztunketa, Kantabriako gobernuaren baimenarekin.
Urdaibai Bird Centerretik jakitera eman dutenez, joan den astean “ekitaldi ornitologiko berezia” gertatu zen; hain zuzen ere, Iberiar penintsulako iparraldean jaiotako arrano arrantzalearen bi txita eraztundu zituzten, lehen aldiz.
Aranzadi Zientzia Elkarteko eraztuntzaileek egin zuten eraztunketa, Kantabriako gobernuaren baimenarekin; horiek Juanjo Aja, Gonzalo eta Juan Pardo de Santallana bertako boluntarioen eta Carlos Sainz Santanderko Badian arrano arrantzalea berreskuratzearen sustatzaile sutsuaren laguntza izan zutela adierazi dute.
Kantabrian jaiotako bi arrano gazte horiek dira Urdaibai Bird Centerreko berreskurapen proiektuko Txuriko (Eskozian jaiotako arrak) eta Landak (Orleanseko basoetatik Orxeko paduretara), erreserba hartan garatutako programaren barruan sortutako emeak osatzen duten bikotearen lehen txitak.