Gaztelugatxe kudeatzeko batzordea sortzearen aldeko sinadurak batzen dabil SOS Gaztelugatxe
Herri plataformatik gogorarazi dutenez, Gaztelugatxe kudeatzeko batzorde bat sortzearen alde agertu ziren iazko uztaileko udalbatzarrean; "aho batez bozkatu zuten". Diotenez, urtebetera, "ez dute ezer egin" eta sinadurak batzen dabiltza aipatu batzordea "lehenbailehen" martxan jartzeko.
2021eko uztailaren 30ean egindako osoko bilkuran Bermeoko udalbatza Gaztelugatxeren zaintzarako erakundeen arteko koordinazio irekiaren alde agertu zen, aho batez. Horretarako, eskumena daukaten erakundeei elkarlana eskaini eta koordinazio gune batean lan egiteko eskaera egiteko asmoa iragarri zuten aipatu osoko bilkuran. Ia urtebete pasata, Bermeoko Udalak “ez duela ezer egin” dio SOS Gaztelugatxe herri plataformak. Modu horretan, kanpaina berri bat hasi eta sinadurak batzen hasi dira Gaztelugatxe kudeatzeko batzordea “lehenbailehen” martxan jarri dezaten.
“Non hartzen dira Gaztelugatxeri buruzko erabakiak? Gaztelugatxe, Bizkaiko Foru Aldundiak gobernatzen du. Hartzen diren erabakiak herritik hartu behar dira eta ez Bizkaiko Foru Aldundtik unilateralki”, diote. Joan den barikua San Joan eguna zela baliatuta, Gaztelugatxeren sarreran bertan egon ziren sinadurak batzen herri plataformako kideak. Sinadurekin udalari eskatzen diote Gaztelugatxeren zaintzaz eta kudeaketaz ardurtuko den taldea “lehenbailehen” sortzea, “horretarako eman beharreko pausoak emanez, eta ez berbak bakarrik esanez”.
SOS Gaztelugatxek ekintzak gura ditu, “berbak ahaztu egiten baitira”. Era berean, herritarrak errespetatzeko deia egin dute, hartzen diren erabakiak betetzeko eskaera eginez.
Aparkalekua. Beste alde batetik, SOS Gaztelugatxe bideo bat prestatzen dabil. Gaztelugatxera doazen ibilgailu partikularrentzako Bermeoko Pergolan egokitu duten aparkalekua benetan horretarako erabiltzen den jakin gura dute, eta jende desberdinagaz elkarrizketak egiten ari direla azaldu dute; bermeotarrekin, bisitariekin, Eneperiko arduradunarekin…
Jakitera eman dutenez, Bermeoko aparkalekuan eta Gaztelugatxerako sarreran egin dituzte elkarrizketak: “Aparkalekuaren erabilera, ea aparkalekua dagoen ezagutzen duten, Gaztelugatxera zelan heldu diren, Turismo Bulegoetan zer nolako informazioak jasotzen dituzten… mota horretako galderak ari gara egiten”. Bideoa laster egongo da ikusgai.