Errekak, herriak eta ospakizunak bat egiten duten tokia
Erreka Eguna ospatu dute, gaur, Ean. Egun osoko egitarauaz gozatu dute herritarrek eta bertaratu direnek. 12:00etan Ate gainekoagaz hasi dute sanjoanetako egun nagusia eta 18:00etan errekara salto egin dute, urtero legez.
Gaurko eguraldi motelak, aro freskoak eta euri langarrak ere ezin izan dituzte Eako San Joan jaiak eten, eta giro ederrean ospatu dute, gaur, herriko jaietako egun potoloa: Erreka Eguna. Eguenetik domekara bitartean ospatu dituzte sanjoanak; tartean, kontzertuak, kantu poteoak, fanfarriak, herri bazkaria, dantza ikuskizunak eta umeentzako emankizunak izan dituzte Ean.
Tradizioari jarraiki, Ate gainekoagaz hasi dute Erreka Eguna, 12:00etan. Herriko auzoak eta kaleak zeharkatuko dituzte dantza tradizional horregaz. Ostean, aurtengo Erreka Egunerako beren-beregi egindako Erreka abestia estreinatu dute herritarren aurrean. Kantu hori Josu Bergarak eta bere aita Agustin Bergarak konposatu dute, Karmelo Landaren hitzekin; gainera, hainbat kolaboratzaile izan dituzte, batik bat, Ardoa Barrura fanfarria, Naroa Gaintza edota Iholdi Beristain. Eatarrek begi onez hartu dute “herritik eta herrirako” egindako abestia, eta bere hitzak denen artean abestu dituzte, jai aldartean.
Josu Bergarak eta bere aita Agustin Bergarak konposatu dute Erreka abestia, Karmelo Landaren hitzekin eta herriko hainbat kolaboratzailerekin batera
Errekara!. Ondoren Ardoa barrura fanfarriak testigua hartu du, eta jaia musika dantzagarriaz gidatu du Aritzako hondartza eremutik udaletxe ingurura arte. Bidean, zenbait geldiune egin dituzte, eta herritarrek kanturako, dantzarako eta, oro har, ospakizunerako aprobetxatu dituzte. Donibane plaza inguruan iritsi da eguneko momentu gorena: errekara salto egiteko unea. Jende pila bat bildu da herriko zubietan, herritarrak errekan behera ikusteko; 18:00ak aldera agertu dira lehendabiziko eatarrak errekan behera.
Bergarak aurkeztutako Erreka abestiaren hitzak abestuz agertu dira asko eta asko, “errekara, errekara! Ietarrok errekara!” aldarri eginez. Aritzarako, hau da, itsasorainoko tartean, hainbat geldialdi egin dituzte: pare bat aldiz, Ate gainekoa dantzatu dute goizean legez, errekan bertan; gainerakoetan, erreka bazterreko etxeetakoei ardo botilak eta janaria eskatu dizkiete, eta azken horiek sokekin lotutako otzaretan eman. Eguna Danbayan batukadaren perkusio hotsekin borobildu dute.
Hainbat geldialdi egin dituzte errekan behera doazela, janaria nahiz edaria eskatzeko edota Ate gainekoa dantzatzeko
Uretan hasi zituzten eta uretan amaitu dituzte jaiak: eguenean, ikurrina igoera egin zuten portutik hurre dagoen Kaiarrixa haitzean, eta, jarraian, Josu Bergararen emanaldia, Dangiliske dantza emanaldia eta San Joan sua nahiz su artifizialak izan zituzten. Barikuan, Artiako abesbatza, meza santua, hamaiketakoa, umeentzako emanaldiak eta Eingo taldearen kontzertua izan ziren.
Zapatuan, ostera, herri bazkari jendetsua egin zuten eatarrek, eta bazkarirako zituzten aurreikuspen guztiak gainditu zituzten; gaurko Erreka Egunagaz, berriz, datorren urtera arteko agurra egin diete sanjoanei. Beste behin ere, eatarrek erakutsi dute San Joan jaiek suagaz duten besteko lotura daukatela uragaz, eta goitik behera blai-blai eginda amaitu dute guztiek, errekak, herriak eta ospakizunak bat egiten duten tokian.