Sorginik ez erretzeko eskatu dute Mundakan
Mundakan San Joan bezparako jaiagaz jarraitzea eskatzen dute, baina "udako solstizioarekin lotutako errituekin (sua, ura, loreak), eta ez sorgina erretzen".
San Joan bezpera gaua berezia izaten da mundakarrentzat, eta suan sorgin bat erretzea dute ohitura. Mundakako Egunsenti Dantza Taldeak eta Mundaka Futbol Klubak, hala ere, “nahikoa” dela uste dute, eta planto egin zuten atzo, protesta eginez. Gutun baten bidez, gainera, sorginik ez erretzeko eskatu diote Mundakako alkateari, eta gai horri buruz hausnartzeko eskaera ere egin diote.
“Historian zehar emakumeen aurka erabili den indarkeriari buruz Mundakan urtero egiten den irudikapen grafikoa gelditzea” eskatzen dute, “herriko gazteek emakumeei buruzko krudelkeria ekintzarik ez barneratzeko”.
Azaldu dutenez, alkateari bidali dioten gutunagaz ez daukate helburu San Joan gauean sorgin bat erretzearen alde daudenekin eztabaida piztea: “Ez zaigu interesatzen defendatzaile horiekin eztabaida hastea”. Gogorarazi gura izan dute jaiak San Joan izena badu ere, “ez dela jai erlijiosioa”; ia Euskal Herri osoan egiten den jaia dela nabarmendu dute, “eta etapa bat itxi eta berri bat ekitea dugu helburu”.
“Sorginak uxatzeko erritualez betetako gaua da. Ez diogu zentzurik aurkitzen gure udalerrian sorgin bat erretzeari. XV. mendean hasi ziren sorginak erretzen, eliza katolikoak uste zuelako deabruarekin ituna egin zutela; erlijioari lotuta”, azaldu dute Egunsenti Dantza Taldekoek. Gaineratu dute, gaur egun, Mundaka dela sorgina erretzen jarraitzen duen Euskal Herriko herri bakarra.
Alkateari jakinarazi gura izan diote gutunaren bidez, sorginak, batez ere, “ezagutza sendatzaileak zituzten emakume jakintsuak” zirela: “Hori nahikoa arrazoi zen eliza katolikoarentzat haiek erretzeko”.
Hala, Mundakan jaiagaz jarraitzea eskatzen dute, baina “udako solstizioarekin lotutako errituekin (sua, ura, loreak), eta ez sorgina erretzen”. Egungo testuinguruan ekintza “larria” dela uste dute, eta horregatik, hausnartzea eskatzen diote alkateari.