Enbeita eta Etxebarriazarraga ariko dira Bertsolari Txapelketa Nagusian
Bost urteren ostean, aurten berriro ospatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Irailaren 24an hasiko da txapelketa, eta guztira, hamalau saio izango ditu abenduaren 18an Iruñeako Nafarroa Arenan izango den finalaren aurretik.
Guztira, 42 bertsolarik parte hartuko dute aurtengo txapelketan, eta horien artean daude Onintza Enbeita Maguregi muxikarra eta Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernikarra. Txapelketako lehenengo fasean hasiko dira kantuan biak.
Izan ere, 2017ko finalistek eta herrialde bakoitzeko txapelketetan sailkatutako bertsolariek parte hartuko dute txapelketan. Hiru fasetan banatuko da txapelketa: lehenengo fasea, finalaurrekoak eta finala.
Lehenengo faseak sei saio izango ditu: irailaren 24an hasita, bina saio jokatuko dira astebururo. Zazpi finalaurreko etorriko dira, ondoren: asteburuko saio bat jokatuko da, zapaturo. Eta azkenik, abenduaren 18an finala lehiatuko da Iruñeko Nafarroa Arenan. Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan, Bilbon eta Iruñean izango dira 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioak.
Lehenengo fasean 36 bertsolari ariko dira kantuan, denak herrialdeetako txapelketetatik sailkatutakoak: bi Arabatik, 10 Bizkaitik, 16 Gipuzkoatik, 5 Nafarroatik eta 3 Xilabatik sailkatuak. Enbeitak eta Etxebarriazarragak urriaren 8an hasiko dute txapelketa, Donostian jokatuko den saioan. 5. txapelketa nagusia izango da Enbeitarentzat, Etxebarriazarraga, berriz, lehenengoz ariko da kategoria nagusienean.
Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera, eta puntu gehien batzen dituztenekin osatuko da finalaurrekoetara igaroko den taldea. 24 bertsolarik egingo dute kantuan finalaurrekoetan: 2017ko bost finalistek eta lehenengo fasetik sailkatzen diren bertsolariek.
Finalaurrekoak itzuli bi izango ditu: lau finalaurreko izango ditu lehenengo itzuliek eta bigarrenak, hiru. Bi saioetako puntuak batu eta taldeak aldatu egingo dituzte lehenengo itzulitik bigarrenera. Ohi modura, zortzi bertsolari aterako dira finaleko oholtzara: Maialen Lujanbio Zugasti 2017ko txapelduna eta finalaurrekoetatik sailkatutako zazpi bertsolariak.
Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, gaur [ekainak 23] iluntzean hasiko dira saltzen Bertsolari Txapelketa Nagusiko sarrerak. Gaur goizean ziren saltzen hastekoak, baina arazo tekniko batzuk tarteko, momentu honetan ez dabil www.bertsosarrerak.eus ataria. “Bertsozaleek sarrerak erosteko berehalako interesa adieraziko zutela jakitun, horretarako neurriak hartu genituen, baina, hala ere, ataria erori egin da. Arazoa bideratzen ari gara eta iluntzerako prest egotea aurreikusten dugu”.
Bertsolariez gainera, eskualdekoak egongo dira baita ere, gai jartzaile eta epaile lanetan. Zihara Enbeita Gardoki gernikarra eta Leire Garetxana Larrabe ajangiztarra gai jartzaile lanean ariko dira, eta Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa gernikarra epaile lanetan.