Doinuz betetako eguazten iluntzeetako hitzordua bueltan da
15 eragilek elkarlanean prestatu dituzte ekainaren 29an hasi eta uztailaren 27ra bitarteko Astra Iluntzeak beteko dituzten bost iluntzetako emanaldiak. Berritasun batekin datoz aurten: trenbide aldetik Astrako aparkalekuaren ingurura lekualdatuko dituzte ilunabarretako doinuak.
Iluntasuna argiz betetzeko asmoz, bueltan daude Astrako eguazten iluntze musikatuak. Udako iluntzeak, lagunak eta musika; denak uztartzen dituzte Astrako ilunabarretako zitak. Eta, aurten, 15 eragilek elkarlanean prestatu dituzte ekainaren 29an hasi eta uztailaren 27ra bitarteko bost iluntzetako emanaldiak.
Eguazki berriak etapa berri bat adierazten duenez, aurtengo Astra Iluntzeak berritasun bat dakar: ekimenaren kokapena aldatu dute; hala, trenbide aldetik Astrako aparkalekuaren ingurura lekualdatuko dituzte ilunabarretako doinuak. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira, eta, Baserritik Gernikarari esker, jateko eta edateko aukera edukiko dute bertaratzen direnek.
Urteroko esentzia izaten jarraituko duten ekitaldiak prestatu dituzte udalerriko eragile politiko eta kultur taldeek, eta, horren erakusle den egitarau “zabala” prestatu dute; izan ere, kultura “beharrezkoa” dela erakutsi gura dute beste urte batez.
“Luzaro ibili gara Astratik Gernikara berriro salto egiteko gogoz. Iluntasunez betetako urte luze biren ostean, indarberrituta gatoz, esperantzaz beteta”, azaldu dute Astra Iluntzeetako elkarteek. Onartu dute ez dela erraza izan pandemiaren arrastoari aurre egitea: “Ez da erraza izan, herria ezkutatuta egon den sasoi honetan –gure auzo ekimen zein herri eragileak bazterketara behartu dabezan bolada luzean–, aurrera jarraitzea, guretik eta gurera sotzen aritzea”.
Argitasun “falta” eduki dute, baina ez dira geldirik gelditu. “Harrotasunez” gogoratu dituzte pandemiaren momenturik gogorrenetan landu zituztenak, eta Eutsi Ederrenari ekimena azpimarratu dute. “Eutsi Ederrenari izan zen orduko lema eta, konbikzioaren hariari tiraka, eredu bihurtu zen kultur egitarau handi bat eratu genuen elkarlanean, autogestioa oinarri hartuta”, adierazi dute. Hala, astebururo-astebururo, arte adierazpen anitzak oholtzaratu zituzten, sinesten zutelako argi izpi falta horri “ekintza zuzenagaz” egiten zaiola aurre.
“Ilunpe asko bizi eta gero, beraz, iluntzeak betetzera gatoz, Astra Iluntzeak izan direlako beti gure iluntzeetako oinarri. Iaz, egoera eskasagaz izan bazen ere, lortu genuen sorkuntza lehen lerroan jartzea ekainean, uztailean eta abuztuan, eta aurten, ez gara gutxiago izango”, diote. Horretarako, “eguzki berri baten bila” antolatu dira, betiko koloreak edukiko dituena, baina “haize fresko eta gazteagaz” indarberrituta dagoena.
15 elkarte, bost saio.
Autogestioan oinarritutako kultura hori aldarrikatzetik praktikara eroatera datoz iluntzeak, denontzako kultura bat sustatzera. Hala, udalerriko elkarte eta taldeen elkarlan horren adierazgarri dira ekimena antolatzen parte hartu duten 15 taldeak: Mobidu, Ernai, Busturialdeko Neska Gaztiek. Itaia, GKS, IA, Metal Fabrika, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Sare feminista, Rudelariak, Swing, Egurre, Astra txiki, Lilibertso eta Sare.
Hain zuzen ere, Mobidu, Ernai eta Busturialdeko Neska Gaztiek antolatutako kontzertuagaz hasiko da aurtengo ekimena eguaztenean. Lorea Zulaika bakarlaria izango da protagonista, eta Jonan Erreapek hartuko du haren lekua. Uztaileko bigarren eguaztenean Entzi eta Otsoa hurreratuko dira kulturarako fabrika sozialera, eta reggae musikaz beteko da uztailaren 20ko ilunabarra. Hileko azken eguaztenean bertsolariak izango dira oholtza gainera igoko direnak: Jone Uria, Igor Elortza, Ibai Amillategi eta Beñat Bilbao.
Kultura autogestionatua aldarrikatu eta ilunabarrez gozatzeko deia egin diete antolatzaileek herritarrei.
Egitaraua.
Ekainak 29. Lorea Zulaika. Antolatzaileak: Mobidu, Ernai, Busturialdeko Neska Gaztiek.
Uztailak 6. Jonan Erreape. Antolatzaileak: Itaia, GKS, IA.
Uztailak 13. Entzu ta Otsoa. Antolatzaileak: Metal Fabrika, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Sare Feminista
Uztailak 20. Reggae gaua. Antolatzaileak: Rudelari, Swing, Egurre, Astratxiki
Uztailak 27. Bertso saioa: Jone Uria, Igor Elortza, Ibai Amillategi eta Beñat Bilbao. Antolatzailea: Lilibertso eta Sare.