Zuzendaritza batzordea berritu du Gernikako Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak
Gaizka Muniategik Gernika-Lumoko Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Enpresen Elkarteko (GME) presidente izaten jarraituko du. Diziplina anitzeko taldea sortu dutela nabarmendu du Muniategik, zeharkakoa dena, azpisektore, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa guztiak ordezkatzen dituena.
Gernika-Lumoko Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen elkarteak urteko batzarra egin du eta zuzendaritza batzordea berritu du. Gaizka Muniategik elkarteko presidente izaten jarraituko du, eta zuzendaritza batzordea honako bazkideek osatuko dute: Baskolor Bonillako arduradun Beñat Bonilla izango da idazkaria, Joana dendako Joana Garcia diruzaina eta Plazakoa Kafetegiko Andres Wetzel presidenteordea.
Urteko batzarrean aho batez aukeratu zituzten ordezkariak. Hori horrela, Bonillak zerbitzu sektorekoak ordezkatuko ditu, Garciak merkatariak eta Wetzelek ostalariak.
Diziplina anitzeko taldea sortu dutela nabarmendu du Muniategik, zeharkakoa dena, azpisektore, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa guztiak ordezkatzen dituena: “Bazkide guztiak zuzendaritza batzordean ordezkatuta senti daitezela gura dugu, gure kudeaketa eraginkorra izateko arlo partikular eta orokorrean”. Dioenez, euren helbudua da elkartekide diren enpresa guztien kezkak jasotzea eta haien proposamenak entzutea, elkartearen jarduerak guztiengan eragin positiboa izan dedin.
Zuzendaritza batzordea berrituta, “talde dinamikoa eta esperientziaduna” osatu dutela diote, baita erantzukizuna “ilusioz eta energiaz beteta” hartu dutela ere: “Elkarteak azken urteetan garatu duen lanaren goranzko ildoari jarraitzeko asmoa daukagu”. Azken urteetan hartutako esperientzia oinarrian edukita, lanean jarraitzeko eta Gernika-Lumori eta urte gogorrak pasatu dituen sektoreari “modu globalean” laguntzeko ekintzak abian jartzeko “gogoz” hartu dute kargua. “Esfortzutik, lanetik eta iraunkortasunetik baikortasunez ikusten dugu etorkizuna”, adierazi du elkarteko presidenteak.
136 kide.
Gernikako merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkartekoek azken urteetan elkartera batutako enpresen kopuruaren hazkundea nabarmendu dute: 103 kide ziren 2019an, eta 136 dira aurten. “Horretan zerikusi handia dute sustapen kanpainek, kudeaketa eta informazio lanak eta bazkide guztiei prestakuntzan ematen zaien laguntzak”, argudiatu dute ordezkariek. Hala ere, etxez etxeko banaketa zerbitzua martxan jartzeak eta sare sozialetan presentzia areagoteko comunity manager bat kontratatzeak zerikusia izan dutela gehitu dute.
Gaur gaurkoz, elkarteak hainbat proiektu ditu esku artean, eta horietako bat da onlineko salmentari dagokiona: “Erronka batzueu aurre egin behar diegu, hala nola online salmentari, eta horretan ari gara, preskuntza ematen eta gure espazioa bilatzen, betiere gure bezeroekiko harreman zuzenaren garrantzia ahaztu barik”. Gainera, gernikaren interesa erakarriko duten ekintza berriak bilatzen ari direla diote, baita eskuadeko herritarrena, edota Zornotza, Durango edo Lekeitiokoena ere.
Batzarrean, azken urteetan egindako lanaren balorazioa egin zuten eta udalagaz egindako elkarlana azpimarratu zuten; besteak beste, pandemia garaian, Nik Gernikan merkataritza eta ostalaritza bonuak eskaintzearen aldeko apustua egin izana nabarmendu dute: “Talde lan handia egin dugu udalagaz. Pandemiaren unerik kritikoenetan norabide berean arraun egiten jakin dugu, indarrak batzen eta ekimen garrantzitsuak aurrera eramaten.
jaurlaritzagaz eta aldundiagaz egindako lankidetzak ere gogoratu dituzte, baita elkartearen kanpaina propioak ere: Gernika Txarrtela, Winter Market, Summer Market edo Gabonatako kanpaina. “Arrakastaz garatu diren ekimenak izan dira”, dio Muniategik, eta Maierrek elkartearengan jarritako konfiantza eskertu du.