Klima Abentura proiektua aurkeztu dute Abiñako udalekuetan
Klima Abentura Parkea herritar guztientzako dago bideratuta. Parkean hiru erronka desberdin egiteko aukera egongo da. Gainera, bizikleta elektrikoen zerbitzua eta Scape Room bat ere izango dira.
BBK-k Abiñan duen zentroan martxan jarriko duen Klima Abentura proiektua aurkeztu du gaur. Orain arteko udalekuak ez bezala, proiektu hori herritar guztientzat dago bideratuta. Klima Abenturaren helburua da bizimodu jasangarriari buruz kontzientziatzea, sentsibilizatzea eta sustatzea. Inaugurazio ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu Lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Ana Otadui Batzar Nagusietako lehendakaria eta Xabier Sagredo BBKko presidentea. Klima Abentura familientzako lehen esperientzia parkea da; bertan, ingurumen-hezkuntzako zentroa eta klima-aldaketaren aurkako jarduera globala modu ludikoan bultzatzen duten jarduerak eskainiko dira.
Ingurumen-hezkuntzako zentroa eta klima-aldaketaren aurkako jarduera globala modu ludikoan bultzatzea duten jarduerak eskainiko dira
BBK Klima Abentura parkea BBK Urdaibai Zentroaren barruan dago; zentro hori 1925ean inauguratu zen. Orain arte, udalekuetara zetozen umeek aisialdia, kirola eta gazteen arteko elkarbizitza lantzen zituzten. Proiektu berri honekin, baina, jasangarritasuna eta ingurunearekiko kontzientzia landuko dituzte. BBKren helburua da parkeko ekintzak eginda, bisitariek 2030 agenda, 2050 agenda edota Itun Berdea proiektua ezagutzea. Gainera, klima aldaketaren erronka “handiari” heldu nahi diote. Proiektu hori jendearen jarrera aldatzeko ate gisa aurkezten da. Esperientzia aktibo bat bizitzeko diseinatutako azpiegitura, ezagutza eta ekintza multzoa da, etorkizun jasangarria gauzatzen ikasteko eta aldaketaren parte izateko ibilbide baten bidez. Lehendakariak azaldu duenez, “Klima Abentura Parkea jasangarritasunaren kultura bultzatzeko espazio bat da. Jasangarritasunak ingurunean, ekonomian eta gizartean dituen onurak ulertzeko tokia da. Azken finean espazio pedagogiko bat da”.
“Klima Abentura Parkea jasangarritasunaren kultura bultzatzeko espazio bat da”
Parkean zehar hainbat puntu desberdin aurkituko dituzte bisitariek. Instalazio nagusienetakoa Klimaterpe da; balio anitzeko eraikin hori naturagaz berriro konektatzeko eta klima aldaketagaz zerikusia duen guztia ikasten jarraitzeko babesleku handia da. Eraikin horren barruan, Klimasfera deituriko domo geodesiko bat egongo da. Domo horrek ingurumenean murgiltzen duen errealitate hedatua eskaintzen du, zoru taktiko dardarkariaz eta efektu atmosferikoez lagunduta. Material birziklatuagaz eta birziklagarriagaz egindako egitura berritzatzaile hori Bizkaiko enpresek diseinatu eta egindakoa da. BBKko presidenteak adierazi du, “Biharko eguna baino haratago begiratu behar dugu. Zentro hau horren eredu da, etorkizunaren eredu“.
Hiru erronkako bidea. Abentura hori hiru erronkaz osatutako ibilbide interaktiboa da. Hiru erronkak horrela izendatu dituzte: ura, energia mugikortasuna eta janaria. Bisitariek hiruretako bat aukeratu beharko dute; erronka bakoitzak sei proba edo instalazio ditu bataz beste. Erronkan zehar aurkitzen dituzten proba desberdinak gainditu beharko dituzte; ibilbide guztia egiteko bizpahiru ordu beharko dituztela kalkutatu dute BBKtik. Hiru erronkek izango dute, gainera, tirolinaz botatzeko aukera.
ARGAZKI GALERIA
Parkeak, erronkez gain, zerbitzu autonomoak izango ditu: bizikleta elektrikoak eta scape room bat. Bizikleta elektrikoen zerbitzua Klimabizi app-aren bidez erabili ahalko da. Scape room-a, aldiz, webgune bitartez egin beharko da. Gehienez zortzi pertsonako txandetan egingo dute erronka, eta 40 euroko prezioa izango du. Aurten, Klima Abentura uztailaren 4tik urrira arte gozatu ahalko da. Datorren urtetik aurrera, ostera, Aste Santutik urrira arte egongo da zabalik.
Aurten, Klima Abentura uztailaren 4tik urrira arte gozatu ahalko da
Parkera hurreratzeko asmoa izanez gero, ekainaren 30tik aurrera erosi ahal izango dira sarrerak . Oraindik zerbitzuz kanpo dagoen www.klima.bbk.eus webgunean egongo dira eskuragarri. Sarrerak lau adin tartetan banatuko dira. 6 urte artekoek dohainik izango dute pasea. 6 eta 12 urte bitartekoek bost euro ordaindu beharko dituzte, eta 12 urtetik 65 artekoentzat zortzi euroko kostua izango dute. Adinekoak, berriz, sei euroren truke sartu ahal izango dira. Igerilekura sartzeko aukera ere eskainiko dute, lau euro ordaindu beharko dituzte bost urtetik gorako denek, eta bi euro bost urtetik beherakoek. Aipatutako ekintza eta instalazioetaz gain, arboretum-a, intsektu hotela, anfiteatroa, energia berriztagarrien hainbat instalazio eta beste eskaintza ugari iegongo dira aukeran.