Australiatik Euskal Herrira bueltatu zirenen lekukotasunak batzen ari dira
Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, Euskal Australiar Elkarteko kideak Australiara joan zirenen eta handik bueltatu zirenen bizipenak, memoriak eta lekukotasunak batzen ari dira.
Euskal Herritik Australiara lan egitera joan, eta handik Euskal Herrira itzultzeko bidea hartu zuten horien bizipenak batzen ari dira Euskal Australiar Elkarteko kideak. Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean ari dira, gero, testigantzak, Eusko Jaurlaritzak daukan Diasporari buruzko artxiboan gordetzeko.
“Australiara joan zirenen eta handik bueltatzea erabaki zutenen bizipenak, memoriak eta lekukotasunak batzea eta zabaltzea da asmoa, han zelan bizi ziren ezagutzeko. Eusko Jaurlaritzak memoria lanketa hori egiteko diru laguntza eskaini zigun, eta horretan ari gara, EHUgaz elkarlanean”, adierazi du Esther Korta elkarteko kideak. “Euskaldunek Australian izan zuten bizimodua gordetzeko proiektua da, zelan bizi ziren jakiteko balioko duena”, berretsi du elkarteko kide den Teresa Gabiolak.
Diasporan egon ziren horien bizipenak ez galtzeko lanean ari direla diote, baita herritarrek zein ikerlariek Australian izan ziren horien berri edukitzeko ere. Izan ere, sorterria utzi eta kaina ebaten aritu ziren euskal herritar asko eta asko Australian, baita fruta batzen eta tabakoan ere; zeregin horietan trebatu ziren eta asko eman zien, 1969 inguru arte. Makinekin lanean hasi ziren orduan, eta askok Euskal Herrira bueltatzea edo beste leku batera joatea erabaki zuten.
Horri guztiari buruzko dokumentazio lana da gauzatzen ari direna: “Elkarrizketetan, euren lana eta bizimoduari buruz berba egiten dugu, baita euren sentipenei buruz ere. Besteren artean, lanaz eta bizimoduaz gain, Euskal Herriko familiarekin zuten harremana, hango biztanleekin zituzten hartu emanak edota euren bidaia zelakoa izan zen aztertzen dugu, baita non egoten ziren edo zelako esperientziak bizi izan zituzten ere”.
Zehaztu dutenez, Lea-Artibai eta Busturialdeko 40 bizilagunen testigantzak gordeko dituzte Diasporaren artxiboan: “Jende nagusia elkarrizketatzen ari gara gehienbat, euren memoriak ez galtzeko”. Dagoeneko 17 elkarrizketatu dituzte Lekeition, eta orain, Gernikan egingo dute lan: “Nor elkarrizketatu jakiteko, Lea-Artibai eta Busturialdekoen zerrenda bat egin genuen, eta 40 pertsona aukeratu genituen; nagusienetatik hasi gara testigantzak batzen”. Jakinarazi dutenez, testigantza horiek Lekeition eta Gernikan grabatzen ari dira, bi udalek lan egiteko leku bat utzi baitie.
Hala ere, dokumentazio lan hau zabaltzeko asmoa dutela aurreratu dute. “Jaurlaritzaren laguntza jaso dugulako hasi gara lan honekin, baina etorkizunean elkarteak berak lan hau zabaltzeko asmoa dauka. Erakusketak, hitzaldiak, argazki erakusketak, edota liburu bat argitaratzea gustatuko litzaiguke”, onartu dute.
Izan ere, elkartekoek uste dute Australiara joan ziren horien historia kontatzea falta dela: “Gure historia da, euskaldunen historia. Euskal Herritik Amerikara joan zirenei buruzko ikerlan asko daude, baina Australiara joan zirenei buruz, aldiz, ez horrenbeste. Gure ondarea da hori ere, herri honen historiaren atal bat, eta gorde egin behar da”.
Adierazi dutenez, australiara joan ziren horiek “oso pozik” hartu dute artxiboko lana egiteko gonbidapena, eta “denetarako prest” agertu direla nabarmendu dute: “Koronabirusak gauzak zaildu dizkigu, batzuk hil egin direlako eta liburu hori, bakoitza liburu bat dela esan genezake, berreskuratu ezin izango dugulako. Baina, bertan daudenak denetarako prest eta pozik agertu dira, eta nabarmentzekoa da Australiari buruz esateko dituzten gauza guztiak oso onak direla. Ez daukate hitz txarrik Australiari buruz esateko. Hori benetan esanguratsua da”.
Elkarrizketak grabatzen jarraituko dute orain, eta Gabonetarako dena amaituta edukiko dutela aurreratu dute. Norbaitek parte hartu nahi izanez gero, eurekin harremanetan jartzeko eta elkartera deitzeko eskatu dute.
100 lagun inguru senidetze bazkarian.
Euskaldun asko lan egitera joan ziren Australiara, baina lagunak ere egin zituzten han, eta, garai hura gogoratzeko asmoz, senidetze bazkarian elkartu ziren 100 lagun inguru domekan. Gernika-Lumoko Zallo Barri Jatetxean izan zuten zita, eta kontu kontari aritu ziren berbetan. “Markina-Xemeindik, Lekeitiotik zein inguruetako hainbat herritatik etorri dira Gernikara, eta elkar ikusi dute berriro”, adierazi dute antolatzaileek.
Bazkarian izan ziren, baita ere, Juan Manuel Molina lau urtez Espainiako kontsul izan zena Australian, Manu Meaurio Jaurlaritzako teknikoa eta Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea.
Molinak adierazi zuen ohore bat zela Euskal Herritik Australiara euren familiak aurrera ateratzera joan zirenak ezagutzea: “Sekulako lana egin zenuten. Gaur nire amets bat bete dut: zuek Euskal Herrian ezagutzea eta zuen lanari aitorpen hau eskaintzea. Eskerrik asko”.
Bere aldetik, pandemiaren ostean ere, senidetze bazkaria antolatzen jarraitzea “oso hunkigarria” zela adierazi zuen Meauriok. “Senidetze bazkari hau berirro antolatzea oso berezia da. Harrituta nago elkarrekin egoteko konpromiso hau berretsi duzuelako, eta han igarotako denbora hori berriro bizitzearen alde egiten duzuelako. Seguru nago esperientzia hark zuen bizimoduak markatu zituela, eta hori gordetzea behar beharrezkoa da, euskaldunen historia ere badelako”.
Australian euskaldunek egin zuten lanari balio gehiago eman behar zaiola adierazi zuen Gorroñok: “Balio gutxi ematen diogu eurek egindako lanari, baina oso garrantzitsua da, eta eskertzekoa. Espero dut bazkari hau urte luzez antolatzen jarraitzea”.