Arrolapetarrak, maila handian eta giro onean Camille Extreme lasterketan
Arrolape Mendi Klubeko Ekaitz Lejarzegi zortzigarren sailkatu da Camille Extrem proban. Arrolapetarrek, gainera, bost partaide sartu dituzte lehen hogeien sailkapenean. Horrez gain, asteburu pasa egin dute Izaban, lasterketa aitzakiatzat hartuta.
Arrolape Mendi Klubeko mendi korrikalariek Camille Extreme lasterketan lehiatzen ibili ziren, Izaban. Oihana Kortazar mutrikuarra eta Xabier Zarranz nagusitu ziren 31 kilometro eta 2.000 metro positibo inguruko desnibela izan zuen mendi proban. Arrolapetarrek, adierazi dutenaren arabera, “asteburu pasa ederra” egiteko aprobetxatu zuten: “Taldeko bidaia baten itxura izan zuen, guztira 30 pertsona inguru mugitu baikinen”. Osotara, mendi taldeko hamalau korrikalari eta Busturialdeko beste hiru joan ziren Izabara, adiskideez nahiz familiakoez lagunduta.
Ekaitz Lejarzegi izan zen arrolapetarretatik aurreratuena; zortzigarren postuan sailkatu zen. Dena dela, Lejarzegiz gain, beste lau lasterkarik lortu zuten lehendabiziko hogei postuetan sartzea. Kepa Bastegieta hamalaugarren sailkatu zen; Jokin Zabala, hamabosgarren; Aritz Martin, hamazazpigarren; eta Ibai Urrutia, azkenik, hemeretzigarren. Arrolapekoek lehen hogei postuetan bost sartzea “azpimarragarria” dela azaldu dute: “Maila handiko lasterketa izanda, oso itxuroso ibili ginen, eta pozik gaude lortutakoaz”. Gogortasun horrek goia jo zuen Ezkaurre mendian, korrikalariek tontorreraino igo behar izan baitzuten”.
Emakumezkoen proban, Araitz Irazu hernaniarrak konpetitu zuen, maila onean. Jaiotzez Hernanikoa izan arren, Gautegiz Arteagan bizi da Irazu, eta Arrolape Mendi Klubagaz lehiatzen du. Arrolape Mendi Klubetik ondorengo korrikalariek parte hartu zuten bai proban, bai asteburuan zehar: Araitz Irazu, Ekaitz Lejarzegi, Kepa Bastegieta, Jokin Zabala, Aritz Martin, Ibai Urrutia, Paul Goitisolo, Ander Legarra, Xabier Zabala, Jon Markel Etxegarai, Iker Arrien, Ibon Bilbao, Arkaitz Castañares eta Txaber Bilbao.