Iratxe Arriola: "BUPeko udalen ondasunen titulartasun aldaketa herriaren espoliazio eragiketa da"
Eako Udalak BBUPari salaketa jarri dio, BUP osatzen zuten udal guztietako ondasunen titulartasuna aldatzearren. Bide administratiboa agortu ostean iritsi da bide judizialera jotzeko hautua. Gaur-gaurkoz, kasua tramite egoeran dago.
Eako Udalak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari salaketa jarri dio Busturialdeko Ur Partzuergoa osatzen zuten udalerri guztietako ondasunen titulartasuna aldatu dutelako eta, horrenbestez, “Busturialdeko herrien eta herritarren kontrako espoliazio eragiketa” egin dutela uste dutelako. Iratxe Arriola Eako alkateak azaldu du integrazioagaz partzuego bat beste partzuergo entitate “handiago eta konplexuago” baten barruan sartzeak “ez duela zertan zerbitzu hobea adierazi”, eta ondasunen titulartasunaren aldaketa “hainbat irregulartasunen erakuslea” dela.
“BBUPak, bere baliabideak gora behera, inbertsio benetan gutxi egiten du bigarren mailako sarean eta herri txikietako udalak, oro har, ez ditu aintzat hartzen”
Alkateak ahotan darabilen integrazio hori 2022ko urtarrilaren 1ean egin zen; orduan, Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren barruan sartu zen. Orduz geroztik sei hilabete igaro dira, eta, Arriolaren ustez, dagoeneko “lehendabiziko aldaketak” igartzen hasi dira. “BBUPk, bere baliabideak gora behera, inbertsio benetan gutxi egiten du bigarren mailako sarean eta herri txikietako udalak, oro har, ez ditu aintzat hartzen”, adierazi du Arriolak. Integrazioren osteko lehenengo sei hilabeteetan, BBUPk aurrekontu eta aukera zabalak izan arren, “gutxieneko zerbitzuetara ere ez dela ailegatzen, xehetasun txikietatik hasita” azaldu du. “Esate baterako, kontadoreen gainbegiratzea egitera etortzen diren teknikariak azpikontrata baten bitartez hautatuak dira, eta ez dute lekuko errealitatearen inongo informaziorik”.
Hain zuzen ere, BBUPk 272,8 milioi euroko inbertsioa onetsi du 2025. urtera bitartean; kopuru hori hornidura eta saneamendu azpiegituretarako bideratuko dute. 138,4 milioi inbertituko dituzte saneamenduan eta 134,4 milioi, ostera, hornidura sarera. Partzuegotik adierazi dutenaren arabera, diruaren zatirik handiena instalazio berrietara bideratuko dute, baina baita lehendik daudenak handitzeko eta hobetzeko ere. Busturialderako aurreikusitako inbertsioak hiru multzotan banatzen dira: instalazioak BBUPren estandarretara moldatzea, azpiegiturak hobetzea eta ur baliabideak handitzea. Baliabide handitze horietako esanguratsuena Busturialdeko sistema orokorra BBUPren Zadorra Sistemaren lehen mailako sareagaz (Mungia aldean) lotzea da; horrek markatuko du “baliabide defizita”; horretarako, 3 milioi euroko hasierako inbertsioa bideratu da, 2025era arte.
Herritarren ondasunak. BUP BBUPra integratu zenean, bozkatu zen BUPeko ondasun guztiak BBUPera transferitzea, baina Busturialdekoak direnez gain, Busturialdeko udalerrienak ere igorri dira, Arriolaren arabera. “Bada udalen ondasunen eta jabetzen inbentario bat, 179 milioi eurokoa dena, eta hori udalerrien jabegokoa dela uste dugu”. Zerrenda horretan daude, besteak beste, lursailak, ur harguneak, ekipamenduak, instalazioak, hodiak, kaptazio sistemak, sareak, edateko uraren zein hondakin uraren azpiegiturak eta abar. “Ondasun horiek guztiak herritarrenak dira edo, gutxienez, eskualdeko udalenak, eta ezin dute horien titulartasuna beste barik aldatu”, argitu du Arriolak.
“Oro har, badirudi deskapitalizazio publiko bat egin guran dabiltzala”
Eako Udalak beharrezko alegazioak aurkeztu zituen elementu horiek guztien titulartasuna udalei itzultzeko eskatuz, baina eskakizunek ez zuten fruiturik eman. Ondorioz, eskaerek beste tonu bat hartu dute: bide administratibotik bide judizialera salto egin dute. “BBUP hainbat proiektu, egitasmo eta ideiagaz laguntza ematera etorriko zela azaldu zitzaigun, eta, gaur-gaurkoz, eraginkortasun eta kalitate maila oso baxua besterik ez dute erakutsi, gutxieneko zerbitzuak ganoraz betetzera ere ez baitira iritsi. Hori gutxi ez, eta gu guztionak diren ondasunak bere egin gura dituzte, eta ez dakigu zertarako behar dituzten ere; are gehiago, herritarrei ez diete inongo kontsultarik egin. Oro har, badirudi deskapitalizazio publiko bat egin guran dabiltzala”, adierazi du Arriolak.
“BBUP hainbat proiektu, egitasmo eta ideiagaz laguntza ematera etorriko zela azaldu zitzaigun, eta, gaur-gaurkoz, eraginkortasun eta kalitate maila oso baxua besterik ez dute erakutsi”
Une honetan, auzi judizial hori tramitean dago. Alkatearen arabera, bide administratiboa “azken unera arte” baliatzen saiatu dira, baina ez dute inongo erantzunik jaso, eta, behin estrategia administratiboa amaituta, alderdi judizialera igaro behar izan dira. “Salaketa jarrita dago, eta orain dagozkion epeak itxaron beharko ditugu”, argitu du. Epaiketa urte honetan bertan izatea aurreikusten du Arriolak, data finkorik eman ezin duen arren. Bestalde, azaldu du Busturialdeko beste udalerri batzuk ere “bidegabezko kudeaketa horren aurka” agertu izan direla: “Muxikak, Ajangizek eta beste zenbaitek kudeaketa eredu horren kontra bozkatu zuten kontseilu orokorrean”. Dena dela, herri horiek ez dira batu bide judizialean: “Hautu judizialak kostu batzuk ditu eta, ulergarria den legez, denak ez daude prest horiek beregain hartzeko; hori bai, esaterako, harritzen nau Gernika-Lumo moduko udalerri batek eskualdeko herritarren ondasunen defentsa sendoagoa egin ez izanak”.