Hazi berria ereingo dute Europako Herrialdeen Parkean, uztailaren 12an
Eñaut Elorrietak, Izarok eta Idoia Azurmendik jarriko diote musika Haziberriri aurten. Kontzerturako sarrerak 18:00etatik aurrera eskuratu daitezke www.haziberri.eus atarian.
Ingurumena errespetatzea eta zaintzea oinarritzat duen Haziberri kultur proprosamenak bigarrenez hartuko du Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkea uztailaren 12an. Formatu berezian eta eredu jasangarriari eutsiz, musika kontzertuak eskainiko dituzte oraingoan ere, eta Eñaut Elorrieta, Izaro eta Idoia Azurmendi izango dira iluntzea doinuztatzeaz arduratuko direnak. Kontzerturako sarrerak 18:00etatik aurrera eskuratu daitezke www.haziberri.eus atarian, 25 eurotan.
Jaialdi berezia da Haziberri, kultur proposamenak antolatzeko modu berriak aztertu eta martxan jarri dituena: antolatzaileek parkeak duen natur ondarearen zaintzea dute helburu, baita berrerabilitako materialekin lan egitea eta hondakinak gutxitzea ere.
1991an eraikitako Europako Herrien parkearen historian lehenengoz egin zuten iaz tankera horretako ikuskizuna, eta “gau magiko” haren balorazio “positiboa” eginda erabaki dute bigarrenez antolatzea. Iazko formatuari eutsita egingo dute hori. “Aurtengo edizioa aurrera eramateko hainbat erabaki hartu behar izan ditugu: Haziberrira zein musikari ekarriko ditugun erabakitzeaz gain, ikuskizun formatuari buruzko erabakia garrantzitsua izan da guretzat eta iazko formatuari eustea erabaki dugu. Iaz, jesarrita ikusi genuen kontzertua, lasaia izatea nahi genuelako, eta akaso pandemiak behartuta, baina estilo horri eustea erabaki dugu, edukiera mugatuz eta espazioa ahalik eta gutxien masifikatuz”, azaldu du Oier Plaza Haziberriren bultzatzaileetako batek.
Lehen mailako musikariak igoko dira parkeko oholtzara: Idoia, Izaro eta Eñaut Elorrieta. “Arin esaten diren izenak dira, baina sekulako pisua daukate euskal musikagintzan”. Azurmendik duela pare bat urte hasi zuen bere ibilbide artistikoa, baina “indar eta sentsibilitate” handiko musikaria da, eta dagoeneko bere lekua dauka euskal musikaren eszenan. Izaro, bere aldetik, Gernikan aritutakoa da, duela zazpi urte eskaini zuen kontzertua udalerrian, eta, orain, bueltan dator: “Zazpi urte pasatu dira Izaro Andresek Gernikan lehenengoz jo zuenetik, orduan musikari hasiberria zen, ez oso ezaguna, eta, orain, euskal musikaren izen handietako bat da, Eñaut Elorrieta modura”.
Hain zuzen ere, antolatzaileek Elorrietaren orain arteko ibilbide oparoaren aintzatespena izatea gura dute kontzertua. “Euskal kulturaren urrezko orrietan idatzita geratuko den musikaria da Elorrieta, eta oraindik egiteko eta emateko asko dauka. Gernikarra da, etxean joko du, eta gernikarren berotasuna sentitzea nahi genuke”, aitortu du Plazak.
Elorrietak Gernikan eta udalerriko gune horretan kontzetua eskaintzea “luxua” dela aitortu du, eta “kontzertu berezia” izango dela azpimarratu: “Idoiagaz eta Izarogaz eszenatokia banatzea ez da egunero gertatzen den gauza; momentu berezia izango de uste dut”. Gaur gaurkoz, azaroan argitaratzea espero duen bere lan berriaren grabazio prozesuan ari da buru-belarri lanean, baita 2019an kaleratutako Irteera Argiak diskoaren agur kontzertuak eskaintzen ere. “Agur kontzertu horietako bat Gernikan eta modu honetara ematea berezia izango da, uda honetako egun berezienetakoa, seguru asko”. Hori esanda, Lauaxetak idatzitako Mendigoixalearena kantatu du Elorrietak, gaurko aurkezpenean.
Jasangarritasuna, oinarri.
Musika da Haziberri, kultura da, baina egiteko modu bat ere badauka: “Badakigu ez dugula mundua konponduko, baina keinu batzuk egin eta zenbait arazo plazaratu ditzakegula ulertzen dugu”. Helburu horri jarraituz, iaz artilezko zakuak egin zituzten, zaborretara zihoan tonelada bat artile erabiliz, eta arazo hori zabaltzea lortu zuten. Horrez gain, jaialdiaren hondakinak ia zerora murriztu zituzten eta inguruko ekoizleen edariak eskaini; izen-abizenak eta aurpegia jarri zieten ekoizleei.
Aurten, tokiko ekoizleen edariez gain, produktuak ere eskainiko dituzte, izan ere, kebab berezi bat sortu dute jaialdirako propio. “Berteiz-Mendiondo okindegiko Juanma Oribe eta bere lan taldea eskertu gura ditugu, hainbat froga egin ondoren, ogi propio bat sortu dutelako, bertako irinez egindako ogia. Bestetik, Iturbe Anaiak harategiko okela eta eskualdeko baserritarren barazkiak erabiliko dira osagaien artean. Iturbe Anaiak eurek hazitako behien okela saltzen dute; estentsiboki eta larretze-sistema bidez zaindutako nimaliak hazten dituzte”, azaldu dute.
Lorea Bilbao kultura diputatuak azpimarratu du Haziberrik “ondarea eta ingurumena babesten” dituela, eta antolatzaileen, musikarien, nekazarien eta arduradunen lana azpimarratu du: “Bertako talentua azpimarratu gura nuke. Antolatzaile, nekazari, aurkezle, eta musikariek egiten duten lana. Belaunaldi desberdinetako artistak gai dira arrakastatsuak izateko eta sorkuntzan aurrerapausoak emateko. Benetan pozgarria da. Momentu eta lekuetara egokitzen dakite, eta bizi dugunaren araberako eskaintza aberatsa, potentea, ona eta kalitatezkoa eskaintzen dute. Behar ditugu horrelako erreferenteak”.
Gaineratu du kulturak “itxaropena” ematen duela, “gizarteak batzen eta kohesionatzen dituela, eta elkarrekin bizitzen laguntzeko “sekulako arma” dela: “Hori da aldarrikatu, bultzatu eta erabili behar duguna. Balioan jarri gura ditut kalean egiten diren kultur ekintzak, baina aretoetan egiten direnei ere euren lekua eskaini gura diet. Kultur sorkuntza kalean eta aretoetan, denetan dago, eta, kultur sorkuntza hori kontsumitzea ezinbestekoa da”.