Beroak ez du TropELA bira gelditu
30 txirrindulari inguruk atera dute ELAren aldeko aldarria euskal errepideetara. Bermeotik abiatuta, Donostia, Gasteiz eta Bilbo batu dituzte pedalkadaka, 382 kilometro eginez.
Zapatuko beroak ez zuen Bermeoko Ziklisten erronka geldiarazi, eta aurreikusi modura, TropELA bira egin zuten zapatuan. DalecandELA elkarteagaz batera, ELAren aldeko aldarria euskal errepideetara atera zuten berriro Bermeoko Ziklistek. 04:30ak aldera Bermeotik abiatuta, 382 kilometro egin zituzten txirrindulariek ELAdun gaixoentzako zein gaixoen senideentzako “laguntza handiagoa” eskatzeko, eta egun inongo irtenbide terapeutikorik ez duen gaixotasun neurodegeneratibo honen ikerketa sustatzeko premia aldarrikatzeko.
Jakitera eman dutenez, 30 txirrindulari inguruk parte hartu zuten erronkan; Mikel Landa txirrindulariak eta Mikel Artetxe eta Roberto Laiseka txirrindulari ohiek ere parte hartu zuten.
Bermeotik aterata, Donostia, Gasteiz eta Bilbo batu zituzten pedalkadaka, ordena horretan. Donostia, Gasteiz eta Bilboko alkateek dagozkien hiriburuetan egin zioten harrera tropel solidarioari, baita ere Bermeoko alkateak herrira iristerakoan.
Jaime Lafitak, DalecandELAren bultzatzailea eta ELAdun gaixoa, ezin izan zen tandemera igo zapatuan, nahiz eta helmugan tropelaren zain egon zen. Bere ordez, ELAdun gaixoa den Iñigo Velasco gehitu zen probaren azken tartera, hain zuzen ere, Bilbo eta Bermeoren arteko ibilbidera.
Dohaintzetan 8.000 euro lortzeko erronka zeukaten, baina ez dela posible izan azaldu dute; 4.000 euro baino gehiago lortu dituzte, eta AdELA Euskal Herria Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Elkarteen Federazioarentzat izango dira.