2.000 euro lortu dituzte kirol egokituaren aldeko elkartasun jaian
Barbero Solidario elkartasun festak bizar eta ile mozketez bete zuen Gernika-Lumoko Industria kalea, domekan. Mozketetatik, zozketatik eta domekan kalean jarritako guneko salmentetatik lortutako dirua Haszten elkarteari laguntzeko da.
Kirol egokitu eta inklusiboa bultzatzeko Barbero Solidario elkartasun festak bizar eta ile mozketez bete zuen Gernika-Lumoko Industria kalea, domekan. 11 bizargin eta ile apaintzaile elkartu ziren udalerrian, eta euren eskuez baliatuta, kirol egokitua bultzatzeko 2.000 euro lortu zituzten; hain zuzen ere, 2019an baino 500 euro gehiago bildu zituzten.
Sorkun ileapaindegiak, Mujeres Barberas elkarteak eta Haszten kirol elkarteak bigarren urtez antolatu dute elkartasun festa, eta, elkarlanean, denentzako kirolaren alde egin dute, “aniztasun funtzionala duten gazte zein umeen errealitatea ezagutaraziz”. Mozketetatik, zozketatik eta domekan kalean jarritako guneko salmentetatik lortutako dirua Haszten elkarteari laguntzeko da. 2014an sortu zen taldea da Haszten, aniztasun funtzionala duten Bizkaiko neska-mutilen kolektiboan kirol hastapena bultzatzeko sortu zena. Izan ere, aniztasun funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten dute, Bizkaiko lurraldean kirolaren eta jarduera fisiko inklusibo eta egokituaren bidez.
Helburu horrekin, goizetik hasi ziren lanean, eta lehen ordutik jendearen joan-etorria etengabekoa izan zen, ilara luzeak osatu baitziren ilea edo bizarra mozteko. Etenik barik aritu ziren lanean, eta 14:30ak artean bertan egon zirela onartu du Sorkun Ordorika antolatzaileak: “Ikaragarria izan da. 14:30ean utzi genion jendea hartzeari, eta ezetza eman behar izan genien bertan zeuden batzuei. Han jarraituz gero, jendea prest zegoen ilea mozteko, baina muga bat jarri behar izan genuen”.
Gernikarrek erakutsitako elkartasunaz “hunkituta” dago Ordorika, kirol egokituari “sekulako” babesa eman dielako. “Ikaragarria izan da gernikarren ekarpena eta jarrera. Domekan antolatutako ekimen guztietan parte hartu zuten, bai batukadan, bai Crossfitekoen erakustaldian, bai Sutam taldearen kontzertuan, bai Haszten fundaziokoen gunean, bai ile eta bizar mozketetan. Zoriontzekoa da”, aitortu du antolatzaileak, eta Haszten elkartekoak “harrituta eta oso pozik” daudela esan du. Zozketetarako tiket guztiak saldu ez izana da damu bakarra, baina jasotako laguntzak gainditzen du hori.
Domekako jaia hainbeste talderen eta merkatariren babesagaz bultzatu du Ordorikak, eta jasotako laguntza eskertu du: “Bizargin eta ile-apaintzaileez gain, bertoko komertzioek eta taldeek asko lagundu digute”.
Aurrera begira.
Gernikako jaiaren arrakasta ikusita, jaialdia urtez urte antolatzen jarraitzeko ahalegina egingo duela aitortu du Ordorikak, eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lurraldeetara zabaltzeko asmoa daukala aitortu du: “Domekakoa ikusita, gustatuko litzaiguke elkartasun festa Bilbon edo Donostian antolatzea. Espainiako hegoaldean, Barbero Solidario elkartasun festa asko egiten dituzte, eta egonkortuta daude han. Guri ere, berdina egitea gustatuko litzaiguke, gure lanbideari esker elkartasuna batzea Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan”. Zehaztu du Haszten elkarteaz gain, bestelako elkarteei laguntzeko prest daudela.