Katu eta Manuren heriotzen bi bertsioak
Jose Luis Lekuona Katu eta Manu Urionabarrenetxea gogoratu dituzte gaur, Busturiko Altamira plazan. Egiari Zor Fundazioak eta Katu eta Manu gogoan ekimenak elkarlanean antolatu dute busturiarrak gogoratzeko ekitaldi hunkigarria, eta Katu eta Manuren heriotzen bi bertsioak ezagutari dituzte: ofiziala eta ez ofiziala.
- Juan Luis Lekuonaren heriotzaren bi bertsioak:
Herri ekimenak eta fundazioak jakinarazi dutenez, “1984ko ekainaren 15ean, Intxaurrondoko kuarteleko Guardia Zibilak Hernanin hil zituen Agustin Arregi eta Juan Luis Lekuona”. Bertsio ofizialaren arabera, Guardia Zibila eurek zeuden etxebizitzara sartzean, etxeko gela batean ezkutatuta zeudenak tiroka hasi ziren. Erasoari aurre egiteko, Guardia Zibila buru-belarri aritu zen erasotzaileak menderatu arte.
Diotenez, Hernani eta Busturiko udal talde, sindikatu eta alderdi ezberdinetako arduradun politikoek zalantzan jarri zuten Espainiako Gobernuak emandako bertsioa, eta azalpenak zein gertatutakoa argitzeko “ikerketa sakon bat” eskatu zuten. “Gertaera haren lekuko askoren bertsioa ordea oso bestelakoa da. Leherketa bat entzun zen, etxeko atarian edo, eta bat-batean, garrasi eta kolpeak etxeko atean. Guardia Zibil talde bat berehala sartu zen barrura. Oihu artean, etxeko bikotea atxilotu, eta gizonari pistola jarri zioten buruan, baita familia horren adin gutxiko hiru seme-alabetatik nagusienari ere, eta mehatxu artean etxearen antolaketa marraztera behartu zituzten. Hala, Juan Luis eta Agustinen lagun bat atxilotu zuten, gela batean ezkutatuta zegoena. Juan Luis eta Agustin ondoko gelan zeuden, Guardia Zibilez inguratuta, eta tirokatu egin zituzten, kanpotik eta barrutik. Bat batean isiltasuna nagusitu zen, eta bi tiro gero; lehenengo, bat, eta gero, bestea. Gainera, kanpoko tiratzaile batek granada bat jaurti zuen Lekuona eta Arregi zeuden gelaren barrualdera, leherketa handia sortuz. Suteak dena suntsitzen du, eta kasu hartan, hilketen proba guztiak deuseztatu zituen. Egun horretan bertan, mugaren beste aldean, Miarritzen hain zuzen ere, Busturiko beste bizilagun batek estatu terrorismoaren beste aurpegiaren indarkeria jasan zuen. GALek moto bonba bat leherrarazi zuen Roman Orbe eta Tomas Perez ondotik pasatu zirenean. Larriki zauritu ziren, eta oso egoera kritikoan ospitalera eraman zituzten. Romanek, zorionez, pairatutako zauri larriak gainditzea lortu zuen, baina, tamalez, Tomas, aste batzuk geroago, zaurien larritasuna ezin gaindituz, zendu egin zen”.
- Manu Urionabarretxearen heriotzaren bi bertsioak:
Herri ekimenak eta fundazioak jakinarazi dutenez, “1989ko irailaren 17an, Intxaurrondoko kuarteleko Guardia Zibilak Manu Urionabarrenetxea eta Juan Maria Oiarbide hil zituen tiroz, autobideko ordainleku batean”. Salatu dutenez, iturri ofizialak Guardia Zibilaren bertsioa baieztatu zuen.
“Bertsio ofizialak zioen, Guardia Zibilak kamioia geldiarazi zuenean, barrualdetik granada bat jaurti zietela, eta agenteek erasoari erantzun, eta kamioiaren kargaren artean ezkutatzen ziren erasotzaileak menperatu zituztela, sortutako tiroketaren ondorioz, haietako bi hilik suertatuz”. Ekintza horretatik bizirik atera ziren lekukoen bertsioa, ordea, “oso bestelakoa” dela diote fundaziokoek: “Irailaren 17an, arratsaldeko 7ak inguruan, Guardia Zibilaren talde handi bat hedatzen hasi zen Urionabarrenetxea eta Oiarbide igaroko ziren ordainlekuaren inguruan, baita Irungo herrian ere. 22:00ak aldera, kamioilaria ordainsariaren leihatilan ordaintzen ari zenean, eztabaida eta oihuak entzun zituen, eta Guardia Zibilen aginduei jarraituz, bidesariko langileak lurrera bota ziren. Jarraian, kamioiaren gainera igo ziren hainbat Guardia Zibil, eta kamioiak zeraman kargaren kontra tirokatzen hasi ziren: tiroketa luze bat, etena, eta beste tiroketa luze bat. Orduan entzun zen: norbait bizirik badago atera dadila eskuak altxatuta. Berehala, anbulantzia bat iritsi zen, baina ez zioten hurbiltzen utzi, eta beste anbulantzia bi ere atxiki zituzten. Kazetariak ere ailegatu ziren, eta debekatu egin zieten gerturatzea, eta ikusten ari zirena kontatzea. Guardia Zibilak bideoan grabatu zuen operazio osoa. Baina, non dago material hori? Sekretu Ofizialen legearen babesean?”.