Jose Luis Lekuona eta Manu Urionabarrenetxea gogoratu eta euren heriotzen bertsio ofizialak gezurtatu dituzte
Biktima guztiei egia, aitortza, justizia eta erreparazioa zor zaiela adierazi dute, eta, horretarako, bertsio ofizialen kutxa "iluna" irekitzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute, "egia jakiteko garaia dela esanez".
Duela 38 eta 33 urte Guardia Zibilak hildako Jose Luis Lekuona Katu eta Manu Urionabarrenetxea busturiarrak gogoratu dituzte gaur, Busturiko Altamira plazan. Egiari Zor Fundazioak eta Katu eta Manu gogoan ekimenak elkarlanean antolatu dute busturiarrak gogoratzeko ekitaldi hunkigarria, eta euren heriotzei buruzko bertsio ofizialak gezurtatu dituzte. Bertan batu dira horien senitarteko eta lagunak.
Biktima guztiei egia, aitortza, justizia eta erreparazioa zor zaielako jarri zuten martxan busturiarrek Katu eta Manu gogoan ekimena. Diskriminaziorik eta salbuespenik barik biktima guztiei egia eta justizia aitortzea bilatzen dute. “Egia oinarrizko elementua da. Badakigu zein den Bertsio Ofizialen pisua, dimentsioa, eragina… Bertsio horiek funtsezkoak izan dira giza eskubideen aurkako ekintzak justifikatzeko, boteretik erabilitako indarkeria legitimatzeko eta zigorgabetasunez estaltzeko. Guzti honetaz, tamalez, zerbait badakigu Busturin. Izan ere Juan Luis Lekuona eta Manu Urionabarrenetxea hil zituztenetik 38 eta 33 urte betetzen dira, eta oraindik, hainbatetan, euren heriotzei buruz emandako bertsio ofizial eta iraingarriak dirau”. Bertsio ofizialak gezurtatu eta “kutxa “ilun” hori irekitzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute, egia jakiteko garaia dela esanez.
Egiari Zor Fundazioaren izenean, Pilar Garaialdek –Espainiar estatuko terrorismoak erahildako Pablo Garaialderen alaba– esan du indarkeriaren “biktima batzuk aitortuak” izan direla, eta legeak ematen dizkien eskubideak erabili ahal izan dituztela. Bestalde, Espainiar Estatuak eragindako bortxaren biktima gehienentzat abiapuntua “oso bestelakoa” dela dio: “Urte askotako ukapenaren ondoren, egin zigutenaren egia ezartzeko borrokan jarraitzen dugu, heriotza eta giza eskubideen urraketa bakoitza, salbuespenik barik, ofizialki erroldatu, aitortu eta erreparatu dadin”.
Azaldu du poliziaren indakeriaren, salbuespeneko espetxe politikaren, eskuin muturraren, gerraren, torturaren FOP edo FSErekin izandako liskarren ondorioz hil zirenei buruz berba egitea dutela helburu. Izan ere, dioenez, “kasu gehienetan”, bertsio ofizialek “benetako krimenak ezkutatzeko” balio izan dute.
Heriotza horietako askori buruzko egia “itzalez eta argitu gabeko galderez” inguratuta dagoela salatu dute fundaziokoek, eta hori dela Katu eta Manuren kasua adierazi dute: “Bi kasuetan, iturri ofizialek Guardia Zibilaren operazioak justifikatu zituzten, argudiatuz hilik suertatu zirenek tiroz jaso zutela Guardia Zibila”. Bi kasu horietan, ordea, gertatutakoaren inguruko lekukoen testigantzek “kolokan” jartzen dutela bertsio ofiziala adierazi dute; diotenez, “pertsona hauen hilketa justifikatzeko erabilitako argudioa ezeztatu zuten lekukoek”.
Bi kasuak argitu ditzakeen dokumentazioa ez dagoela eskuragarri adierazi dute, Konstituzioaren aurreko lege batek babesten duelako. “Sekretu ofizialei buruzko legearen indargabetzea dagoeneko errealitatea ez izatea, indarrean dagoen demokraziaren kalitate eskasaren eta kasu hauek zein beste asko argitzeko borondate ezaren froga bat dira”, salatu du Garaialdek, fundazioaren izenean. 1968ko lege hori oraindik ere egia jakiteko “eskubidea murrizten” duen legezko mekanismo bat dela adierazi du, eta “oztopo” bat izaten jarraitzen duela dio: “Lege horrek krimenak ahalbidetzeaz gain, horiek hainbat hamarkadetan betikotzea ahalbidetu du”.
Ondorioz, salatu dute “indarkeriaren, egiaren eta justiziaren monopolioa Espainiar Estatuan bertan” dagoela: “Ez da harritzekoa, beraz, estatuak gatazkaren testuinguruan aplikatzen duen justizia eredua erabateko desorekakoa izatea. Justizia horretan, indarkeriazko eragile batzuei legea aplikatzen zaie, eta, beste eragile bortitz batzuentzako, zehazki gure sufimenduaren erantzuleentzako, inpunitatea besterik ez dago”. Indarkeria horrela sailkatzeak biolentzia jasan duten pertsonen araberako sailkatzea dakarrela diote: “Batzuek egia eta justizia gauzatzeko eskubidea izatea, eta beste batzuek, berriz, sufritu genuena aitortzeko dministrazio prozesu baterako eskubidea”.
Hori dela eta, esan dute ezin dutela onartu “zigorgabetasuna normalizaten jarraitzea eta estatu krimenak makilatzea”. Izan ere, horrela lortzen den gauza bakarra “ondorioak gutxitzea, erantzukizunak lauxotzea eta indarkeria legitimoa zela zabaltzea” dela diote. Beraz, Sekretu Ofizialen Legea indargabetzeko eskatu dute, bertsio ofizialen kutxa ireki eta gizarte osoari egiarako duen eskubidea ahalbidetzeko.
Lekukotasuna.
“Orain dela 3 egun, 38 urte bete dira nire osaba Joan Luis Lekuona Guardia Zibilak Hernanin hil zuenetik”, adierazi du Lekuonaren ilobak gaur. Gogoratu du egun horretan bertan Roman Orbe eta Tomas Perez erasotu zituztela; Perez hil egin zen eta Romanek bizi osoan jasan ditu erasoaren ondorioak. Bost urte beranduago, gainera, Manuel Urionabarrenetxea eta Juan Oiarbide hil zituztela ere adierazi du. “Gure oroimenean dago haien bizitzaren amaiera zelan gertatu zen. Ez da inoiz ere argia izan. Badakigu Espainiar Estatuko segurtasun indarren operazio batean erail zituztela, indar armatuen larregiko erabilpenaren ondorioz. Hori hala izan zela erakusten duen informaziorik ez da falta: garaiko prentsaurrekoez gain, proba eta testigantza ugari daude. Eta horiek bertsio ofiziala deuseztatzen dute”, arrazoitu du.
Gainera, horrelako datuek “ezinegona sortzarazten” dietela onartu dute ekimenaren arduradunek: “Kasu horiek argitzeko prozesu bat abiatzea beharrezkoa da, eta orain da horretarako momentua, izan ere, oraindik bizirik daude gertaera horrek lekukoak”.
Memoria bizia direla esanez, azken urteetan testigatzak batzen aritu direla aitortu dute, eta bi ordu baino gehiagoko dokuentala sortu dutela jakinarazi dute: “Dokumentala sortu dugu, eta, bertan, gertatutakoaren egia ageri da”. Euren helburua da prozesu horri esker gertatutakoari buruzko informazioa batu eta publikoa egitea, egia azaleraztea, eta Sekretu Ofizialen legeak estaltzen duena publikatzea. “Memoria, egia eta erreparazioa berreskuratu gura ditugu, eta berriro halakorik ez gertatzea bermatu”, azaldu dute.
Aldarrikapena egiteko hainbat dinamika jarri dituzte martxan, Katu eta Manu gogoan ekimenaren bidez; besteak beste, erakusketa bat egingo dute Busturiko kultur etxean, hurrengo hamar egunetan ikusgai egongo dena: garaiko hemeroteka, kartelak eta argazkiak ikusi ahalko dira bertan. Gainera, sinadura bilketa ere abiatu dute: justizia egiaztatzeko eta instituzioen inplikazioa eskatzeko.
Busturian azken hamarkadetan indarkeriaz bizia galdu duten herritarren memoria ezin da “galbidean” utzi argi adierazi dute, eta ez dutela etsiko esan dute.