Gudari eta miliziano bermeotarren lana gogoratu eta goraipatu dute
Bermeok omenaldia egin die "autogobernuaren, demokraziaren eta askatasunaren alde" borrokatu ziren gudariei. Ekitaldian protagonismo berezia izan du Juan Azkaratek, izan ere, 100 urte bete ditu gaur, eta udaletxeko horman gudari eta milizianoen omenez jarritako plaka estalgabetu du.
Autogobernuaren, demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu ziren miliziano eta gudari bermeotarrak omendu dituzte, gaur, Bermeoko Goiko plazan; eurek egindako lana gogoratu eta goraipatu dute bermeotarrek. Gogora Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutuaren lankidetzarekin antolatutako ekitaldian protegonismo berezia izan du Juan Azkarate Araukua itsas-gudariak. 100 urte bete ditu gaur, eta udaletxeko horman gudarien eta milizianoen omenez jarri duten plaka estalgabetu du.
Besteak beste, bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Aritz Abaroa Bermeoko alkatea, Josu Erkoreka lehendakariordea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Xabier Olabeaga Matxitxako Elkarteko presidentea eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria.
Abaroak onartu du “egun berezia” dela gaurkoa, euskaldunen nortasuna eta balioak defendatu zituzten bermeotarrei aitortza egiteko eguna delako. Gogorarazi du denborak zauri guztiak konpontzen dituela dioten arren, onartu beharra dagoela “denborari berari ere denborak markatu” behar zaizkiola. “Sendaketa prozesua ezin da ahanztura eta itxikeria prozesu bilakatu. Justiziak eta aitorpenak bakarrik ixten ditu zauriak, eta, besteak beste, erakundeei dagokigu horretarako lan egitea”, adierazi du. Gehitu du memoria lantzea “behar beharrezkoa” dela euskaldunen eta bermeotarren historia ezagutzeko eta memoria egiten jarraitzeko: “Izan ere, memoria egitea oso garrantzitsua da etorkizuna bide egokitik eraiki ahal izateko. Izan zirelako gara eta garelako izango dira. Hori da gure leloa”.
Alkateak gogorarazi du asko izan zirela “autogobernuaren eta askatasunaren alde bizia emateko prest agertu ziren bermeotarrak”. Azpimarratu du, ideologia politiko desberdinetako pertsonak helburu komunek batu zituztela: herriaren defentsak, legalki eratutako erakundeen defentsak eta herritarren askatasunaren defentsak; alegia, demokraziaren defentsak.
Bermeotar gudari eta milizianoak batailoi desberdinetako kideak izan zirela argitu du Abaroak, eta Matxitxakoko eta Sollubeko batailak gogoratu ditu: “Asko, inguruetako mendietan aritu ziren gure herria eta gure inguruko guneak zaintzen, eta, beste asko, itsasoan aritu ziren, itsas gunea eta itsasoko zeharkaldiak zeharkatzen. Gertakari gogoangarriak bizi izan ziren Bermeon eta inguruetan: ezin ahaztu genezake 1937. martxoaren 5ean Matxitxakon izan zen itsas bataila, ezta, maiatzaren 6aren eta 12aren bitartean, Solluben bizi izan zen bataila. Matxitxako eta Sollube bermeotarrentzako beti izan dira ikur bi, baina, ikur horiek ez ziren ezer izango bertan egon ziren gudari eta miliziano barik. Horretariko bakoitzak bere historia dauka, baina guztien artean idatzi dute gure historia“.
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du gaurkoa bezalako oroimenezko ekitaldiak egitea “betebehar instituzionala eta soziala” dela, “betebehar politiko eta etiko bat”; izan ere, gerra “bidegabea” bizi izan zutenei egia eta duintasuna itzuli behar zaiela adierazi du.
Lehendakariak nabarmendu du memoriaren “beharra” dagoela egungo gizartean, “demokrazia galtzen dugunean gal dezakegun guztia ulertzeko”. Gaineratu du “harro sentitzen” dela, “egoera txarrenean ere bizikidetza demokratikoa defendatu zuten pertsonen ahaleginaz”.
Horrez gain, gizarte modura printzipio demokratiko eta giza eskubideen defentsan konprometitzeko dagoen beharraz ere berba egin du Urkulluk, “balio demokratikoekin konpromisoa hartzea gure herriaren bizikidetzarekin konprometitzea” dela adieraziz.
Juan Azkarate Araukua.
Kantabriakoak, Asturiasekoak… asko ziren euskal mendi eta inguruetan egon ziren gudari eta milizianoak, baina, gaur, bermeotarrak goraipatu dituzte, eta Azkaratek leku berezia eduki du omenaldian. Bermeotarra Euskadiko itsas armada laguntzaileko kide izan zen, eta, gaur gaurkoz, bizirik dagoen itsas gudari bakarra da. “Gure historia bizia da”, adierazi du alkateak.
Lehendakariak, bere aldetik, Azkarateri adierazi dio berak ordezkatzen dituela Bermeoko herritar, gudari eta miliziano guztiak eta faxismoaren aurrean gobernu demokratiko baten alde, bakearen, giza eskubideen eta askatasunaren alde borrokatu ziren pertsona guztiak. “Belaunaldi oso baten konpromisoa” aitortu dio, eta onartu du gudari eta milizianoak “gure memoria kolektiboaren parte” direla.
Hainbat bermeotarren modura, itsas gizona izan zen Azkarate, “oso gaztetatik”, gainera. 11 urtegaz hasi zen itsasoan lanean, eta 14-15 urtegaz parte hartu zuen gerran. Bere herriaren, euskaldunen balioen eta askatasunen defentsan lan egiteko konpromisoa zeukan. “14 urtegaz, 1936. urteko abenduaren 18an, Agirre lehendakaiak Euskadiko itsas armada sortu eta itsas armada horretara sartu zen Juan. Hispania izeneko makailao ontzia Araba izeneko gerra ontzi bihurtu zen, eta Bou Araba horretan sartu zen Juan lanean, bigarren zerbitzari modura”, azaldu du alkateak. Bou Arabak ez zuen Matxitxakoko batailan parte hartu, izan ere, portuan zegoen erreparazio lanetan. Beraz, Azkaratek ez zuen zuzenean bizi izan kostaldeko bataila esanguratsu hori, baina hurre hurretik ikusi eta sentitu zituen bere anai-arreben borroka eta sufrimendua. “Gaur hemen gaudenok zorteko gara, oraindik historia hauek bere ahotik ezagutu eta entzuteko aukera dugulako”, esan du Abaroak.
Hori dela eta, “memoria lantzeko” deia egin du, “gure arbasoek irekitako bidetik jarraitzekoa, zauriak aitorpenarekin eta justiziarekin sendatuz“. “Gure arbasoen konpromiso eta balentria goraipatu eta duintasun osoz defendatu zituzten balioak eta demokrazia defendatzen jarraitzeko elkartu gara gaur. Demokrazia eta balioak defendatu behar dira. Izan ere, askatasuna eta demokrazia giza eskubideetan oinarrituriko gizarte oso baten esfortzu, izerdi eta gogoagaz sortu behar diren sistemak dira. Oso ahulak dira, gizarte osoaren konpromisorik ez badago, eta guri dagokigu memoria lantzea eta eurek zabaldutako bidetik jarraitzea”, adierazi du. Gehitu du “ohore bat” dela gudari eta miliziano bermeotarrei gaurko omenaldi “xume bezain garrantzitsu eta beharrezkoa” egitea.