Uraren eta suaren ospakizuna
Ekainaren 23tik 26ra bitartean ospatuko dituzte Eako San Joan jaiak. Haurrei eta adinekoei zuzendutako egun bana prestatu dute egitarauan, tradizio handiko Erreka Egunagaz batera.
Sanjoanak suagaz lotzen diren arren, Eako herritarrentzat suak eta urak bat egiten duten jaiak dira. Izan ere, herriko jaiak, lehen egunetik azkenengora, uretan hasi eta amaitzen dituzte. Koronabirusaren pandemia atzean utzirik, eatarrak San Joan jaiei berrekiteko prest daude, eta Jai Batzordeko antolakuntza lantaldean ibili den Leire Ortegaren arabera, “herritar guztientzako” egitaraua atondu dute aurten, ekainaren 23a eta 26a bitartean: “Adin guztietako herritarrak kontuan eduki gura izan ditugu jaiak prestatzerakoan, belaunaldi arteko zer edo zer sortu nahi izan dugu, eta, horrenbestez, herriko elkarteen, eragileen eta tabernen artean antolatu ditugu jaiak”.
Uretan, hain zuzen ere, itsasoan hasiko dituzte jaiak Eako herritarrek. Hilaren 23an, 13:30ean portuan elkartuko dira, txalupetan Kaiarrixa izeneko haitzera joateko, eta bertan kokatuta dagoen mastan ikurrina igoera egiteko. 18:30ean Josu Bergararen emanaldia izango da Arritola enparantzan, eta plaza dantzetan oinarritutako Dangiliske ikuskizuna, ostera, frontoian. “Eneko Bilbao Kilker-ek gidaturiko dantza saioa da; mikrofono bategaz hainbat dantza irakasten dizkie bertaratzen direnei eta, egia esan, jendea dantzan jartzea lortzen du”, azaldu du Ortegak. Egunari amaiera emateko, sua egingo dute, hain zuzen, urak eta lurrak bat egiten duten tokian: Aritzan. San Joan sua egingo dute eta, aurretik, su artifizialak jaurtiko dituzte.
Ekainaren 24a mezagaz, aurreskuagaz eta hamaiketakoagaz abiatuko dute. Horrez gain, musika eta kantua ere ez dira faltako: Artiako abesbatzaren, Eingo taldearen eta Joxe Mendizabalen emanaldiak izango dira egunean zehar. Ekainaren 25ean, umeentzako eskaintza egongo da herrian zehar: 12:00etatik aurrera, Aritzako hondartza gaztelu lehiaketarako eremu bihurtuko dute; 18:00etan, haurrentzako jolasak egongo dira frontoian; 19:30ean, ostera, Dantzatzeko prest disko festa izango da Arritola plazan. Jarduera horiek guztiak Pauso Txikia elkarteak antolatu dituela argitu du Ortegak, “umeek ere beren espazioa izan dezaten herriko jaien egitarauan”.
Herri bazkari arrakastatsua. Egun horretan, bestalde, herri bazkaria ere egingo dute Arritola plazan, 15:00etan hasita. Aurtengo egitaraurako ipini dute martxan tiket bidezko sistema eta, Ortegaren arabera, “arrakastatsua” izan da: “Tiketak salgai jarri eta egun oso gutxira denak saldu genituen; gaur-gaurkoz, 90 pertsona inguru daude izena emanda, baina itxaron zerrenda ere badago. Beraz, baloratzen ari gara zerrenda horretakoei lekua egiteko bezainbesteko logistika egokia dagoen ala ez”. Dena dela, herri bazkariaren harrera “benetan bikaina” izan dela adierazi du Ortegak. “Badirudi koronabirusaren pandemiaren ondoren, jendea herriko jaietarako gogoz dagoela eta, hortaz, inoizkorik jende gehien animatu delakoan gaude”, argitu du.
21:00etan, kantu poteoa egingo dute herriko kale eta tabernetan zehar, Eztandap taldearen emanaldia orduko. Ortegaren ustez, kantu poteoa tabernei “emandako laguntza eta inplikazioa itzultzeko modua” da: “Herriko tabernek, herriko eragile modura funtzionatuz, esfortzu handia egiten dute jaiak antolatzeko; ondorioz, poteoa herriko taberna guztietan egiten saiatzen gara, denei esker ona erakusteko”.
Erreka-ren estreinaldia. Ekainaren 26a egun handia da eatarrentzat: Erreka Eguna. Ate gainekoagaz hasiko dute eguna, 12:00etan. Herriko auzoak eta kaleak zeharkatuko dituzte dantza tradizional horregaz. Ostean, aurtengo Erreka Egunerako beren-beregi egindako Erreka abestia estreinatuko dute. Kantu hori Josu Bergarak eta bere aita Agustin Bergarak konposatu dute, Karmelo Landaren hitzekin; gainera, hainbat kolaboratzaile izan dituzte, batik bat, Ardoa Barrura fanfarria, Naroa Gaintza edota Iholdi Beristain. Hain zuzen ere, Ardoa Barrura izango da herriko kaleetan zehar giroa alaituko duena, errekara salto egin orduko. Tradizioari jarraiki, 18:00rak inguruan, errekan sartuko dira eatarrak eta itsasorainoko bidea egingo dute uretan barrena. Horren ondoren, 20:30ean, Danbayan batukadaren perkusio hotsekin agurtuko dituzte sanjoanak.