Suak girotutako auzoetako jai handiak
Zenbait herritako jai nagusiak dira sanjoanak, baina auzoetan ere bada zer ospatu. Hala, udako egunik luzeenak aprobetxatzeko jaiak antolatu dituzte Busturialdeko auzoetan.
Gertaera txarrak atzean uzteko eguna heltzear dago. Suaren ondoan dantzan egitekoa, eta sorginkeria, edabe eta konjuruez baliatuta, desio berriak eskatzekoa. Herrietako jai nagusietan murgilduko dira batzuk, baina zenbait auzotan ospakizun bereziak egingo dituzte. Izan ere, udako egun luze horiei aurre egiteko egitarauak prestatu dituzte Gernika-Lumoko San Juan Ibarran, Errigoitiko Zallobanten, Ereñoko Gabikan, Mendatako Lamikizen, Muxikako Ajurian, Ajangizko Kanpantxun eta Morgako Ganben.
San Joan eguna ekainaren 24an ospatzen bada ere, aurreko eta osteko egunetan ere jai giroan murgiltzen dira herritarrak. Magia berezia izaten dute sanjoanek, eta nork bere eran ospatzen ditu. Bermeotar askok, esaterako, Gaztelugatxen aurkitzen dute sanjoanetako xarma; horietako askorentzat ez da San Joan egunik Gaztelugatxera joan barik. Goizeko ordu txikietan ateratzen dira herritik, goizaldetik egoten baitira mezak Gaztelugatxeko baselizan: 06:30ean, 07:30ean, 08:30ean, 10:30ean, 11:30ean eta 12:30ean egongo dira aurten. Gero, herrira itzuli eta 20:00etan Gora Herria erromeriaz gozatzeko aukera edukiko dute.
Errigoitiko Zallobanten, berriz, San Joan sua piztu eta txokolatea jan aurretik, txontxongiloen antzerkiaz gozatzeko aukera edukiko dute, Alaia Galtzagorria: Mitoen bidaia ikuskizuna izango baitute aukeran. Ekainaren 24an meza egongo da, eta hamaiketakoan elkartuko dira txokoan.
Gernika-Lumoko San Juan Ibarran jai handiak dira sanjoanak, eta indartsu bueltatuko dira aurten. Izan ere, ekainaren 23tik 26rako jarduera ugari antolatu dituzte. San Joan bezperan txupina jaurti eta gero, jatekoaz, edatekoaz, kale antzerkiaz, musika emanaldiez, umeen jolasez eta Euskaraldiaren aurkezpenaz gozatzeko aukera egongo da. Pirata baten istorioa kale antzerkia egongo da eguen arratsaldean, eta barbakoa eta garagardoaren jaialdiak beteko ditu auzoko tabernak. Gauean, doinu bereziek girotuko dute auzoa, Segundo Olaeta Musika Eskolak antolatutako SOME Rock kontzertuari esker. Lau konbo estreinatuko dira, eta horiek 60ko hamarkadatik gaur egunera artekoak interpretatuko dituzte.
Ekainaren 24an, Euskaraldiaren ariketa berria aurkeztuko dute, eta musika eskolako Rock&Band kontzertuak beteko du gaua. Musika sinfonikoaren eta soinu elektronikoen arteko loturek ematen dituzten tinbre sendoak entzun ahal izango dira, eta ahots bakarlariz osatutako rock talde bategaz indartuko dute ikuskizuna. Hori guztia Ross dantza akademiaren koreografiek borobilduko dute.
Hurrengo egunean, trikitixak ariko dira goizean, eta Tucson taldearen txanda izango da arratsaldean. Domekan, jaiei agur esan orduko, umeentzako jolasak egingo dituzte, eta txokolate janean batuko dira Omagon.
Ereñoko Gabikan ez dute jai handirik egingo aurten, baina suaren ondoan batzeko hitzordua jarri dute, tradizioak agindu modura. Gero, ekainaren 24an, meza nagusia egingo dute, eta briska txapelketa antolatu dute herrikoentzat. Txantxiku txapelketa ere izango da, eta ostean, txokolate jana.
Mendatako Lamikiz auzoak, bere aldetik, “ilusio handiz” hartuko ditu sanjoanak, eta “giro ona” edukitzea espero dute. Tradizioan oinarritutako jarduerek ez dute hutsik egingo; hala, ohi modura, ekainaren 26an, Elexalden eta Albizen ez dela mezarik egongo gogoratu dute. Izan ere, Lamikiz auzoko San Juan baselizan emango dute meza domekan. Musikagaz girotuko dute ingurua, eta gastronomiarik ere ez da faltako, izan ere, trikitilariak egongo dira, eta pintxoak eta edariak izango dituzte bertaratzen diren guztientzat.
Ajangizen, Kanpantxun ospatuko dituzte jaiak, eta pilota partiduek izango dute protagonismoa. Finalaurrekoak lehiatuko dituzte ekainaren 23an, eta finalak, berriz, San Juan egunez. Horiek jokatuta, makailao eta sartenekoaz gozatua hartu ahal izango dute.
Muxikako Ajurian suaren inguruan elkartuko dira herritarrak ekainaren 23an, eta, sua pizteagaz batera, sorgin jaia egingo du Muxikako andreen antzerki taldeak. Ingurua sorginez, konjuruz eta edari magikoz bete eta gero, makailao janaz gozatzeko aukera izango dute, pintxo potea egingo baitute bertan. San Joan egunez, meza nagusia eta mezaostekoan batuko dira, baina jaiak ez dira amaituko, asteburua ere ekintzaz bete dutelako.
Hala, ekainaren 25ean, herri bazkarian elkartuko dira bizilagunak, eta jan ostea girotzeko umeentzako jolasak eta kirol ekintzak prestatu dituzte. Hurrengo egunean, berriz, hildakoen aldeko mezagaz hasiko dute eguna, eta pilota partiduek hartuko dute mezaren lekukoa. Eneko Gezuraga eta Aratz Apraiz Amets Alzola eta Aner Elgezabalen aurka ariko dira lehenengo norgehiagokan eta Enaitz Malleak eta Oihan Garcia Borreguerok Xabi Arana eta Aimar Idoiaga izango dituzte aurrez aurre, bigarrenean. Partiduak amaituta, Basotxoritxu dantza taldearen ikuskizunak hartuko du Ajuria.
Morgako Ganbe auzoan ere handiak izaten dira sanjoan festak. Urteko egunik luzeenak goizetik gauera arte gozatzea gustatzen zaie, eta horretarako egitaraua prestatu dute oraingoan ere. Txupina jaurtita hasiko dute eguna, eta San Tomas baselizan egingo dute meza. Bitartean, triki poteoan egongo dira bizilagunak, eta 15:00etan batuko dira herri bazkarian. Jatordurako tiketak Poli jatetxean eskuratu daitezkeela adierazi dute antolatzaileek.
Edanaz, janaz eta musikaz gozatuta, Tute Txapelketa izango dute aukeran, eta, iluntzean, sardinak jango dituzte. Erromeriak girotuko du iluntzea eta disko festak gaua.