Garbitasuna saritzen duen 'Platinozko erratza' berritu du Gernika-Lumok
Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok erakunde garbienak bereizten dituen saria jaso du, eta 2018an lortutakoa berretsi du.
Gernika-Lumoko Udala erreferentzia bihurtu da hiri garbiketan. 2014an Urrezko erratza eta 2018an Platinozko erratza lortu eta gero, Hondakinak eta Ingurumena Kudeatzeko Elkarte Teknikoak (Ategrus) berriro ere saririk onena eman dio foru herriari: Platinozko erratza. Aitortzak azken urteetan egindako lana eta garbiketa sistemak izan dira.
Jose Mari Gorroño udalerriko alkateak adierazi duenez, “bizilagun guztientzako” saria da: “Sari honekin harro gaude, gure lana eta ingurumen politika arduratsu batekiko dugun konpromisoa balioesten baitu”. Alkateak dioenez, azken urteetan udalak pauso “erraldoiak” eman ditu lan horretan, eta neurri asko jarri ditu martxan; besteren artean, erdigunean Zero Emisio izeneko garbiketa eremu bat sortzea eta makineria elektrikoa erabiltzearen alde egitea. Ondorioz, CO2 isuriak murriztu dituztela azpimarratu du agintariak.
Gainera, udal zoladuraren garbitasuna hobetu du udalak, presio handiko ur beroaren bidez garbitu eta zikinketia xurgatzen duen sistema berri bat gehitu baitu zerbitzura. “Garbiketa hobetzeaz gain, herritarren erorketak saihesten ditu”, azaldu dute. Neguko denboraldian, gainera, gertakari horiek sahiesteko asmoz, elurra kentzeko makinak eta gatz barreiagailuak, mekanizatuak eta eskuzkoak gehitu zituzten.
Garbiketa zerbitzua
Udalak hondakin bilketa banadua egiten du, gero eta hondakin gutxiago gauzatzeko plana garatzeko. Gainera, zenbait zerbitzu ordutegiz aldatu ditu, eta dagoeneko ez da gaueko bilketarik egiten, eguneko ordutegian batzen dituzte hondakinak. “Modu horretan, gauez e da bilketa zerbitzurik egiten eta auzokideen deskantsuak ez du eragozpenik jasan behar”, adierazi du Gorroñok.
Gainera, zeregin horretarako erabiltzen den makinariaren barruan, zazpi orga ekortze eta atoi hidrogarbitzaile bat daude, hormetako irudiak, berdexkak eta koipe orbanak kentzeko balio dutenak. Halaber, galtzada urez hornitzeko hainbat makina eta ikuskatzeko ibilgailu bat ere badaude, beste aparatu batzuekin batera.
Udalerriak Eco Puntu Mugikor bat ere badu, hiruguneko eta auzoetako bizilagunei erraztasunak ematen dizkiena hondakin txikiak birziklatzeko: erradiografiak, pilak, CDak, bonbilak eta fluoreszenteak. Bestalde, tamaina handikoak kentzeko, gru duen kaxa irekiko kamioi bat erabiltzen dute.