382 kilometro, ELAren ikerketa bultzatzeko funtsak biltzeko
Ekainaren 21a ELA gaixotasunaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, zapatuan, ekainaren 18an egingo dute erronka; goizaldeko 04:30ak aldera abiatuko dira txirrindulariak Bermeotik.
Erronka berria daukate Bermeoko Ziklistek taldeko kideek. Bermeo TropELA bira antolatu dute, hau da, 382 kilometro egingo dituzte ELAdun gaixoentzako zein gaixoen senideentzako “laguntza handiagoa” eskatzeko, eta egun inongo irtenbide terapeutikorik ez duen gaixotasun neurodegeneratibo honen ikerketa sustatzeko premia aldarrikatzeko. Hala, DalecandELA elkarteagaz batera, ELAren aldeko aldarria euskal errepideetara aterako dute berriro ere.
Bermeotik aterata, Donostia, Gasteiz eta Bilbo batu gura dituzte pedalkadaka, ordena horretan. Hiriburuetan alkateekin eta ELA daukaten gaixoen eta horien familiekin batuko dira Bermeoko Ziklisten taldeko txirrindulariak. Hitzordua etzirako (ekainak 18) jarri dute, ekainaren 21a ELA gaixotasunaren aurkako nazioarteko eguna dela baliatuta; goizaldeko 04:30ak aldera abiatuko dira txirrindulariak Bermeotik.
Ideia Bermeoko Ziklistek taldetik sortutakoa dela azaldu dute taldekideek: “Urte batzuk daramatzagu gizarteari gure aletxoa hainbat modutan ematen”. Aspalditik ezagutzen dute Jaime Lafita, “errepide berdinetan txirrinduan ibiltzen baitzen”. Hala, oraingoan, Lafita eta DalecandELA elkartea aipatu gaixotasunari laguntzeko egiten ari diren jarduerekin bat egitea pentsatu dute Bermeoko Ziklistek.
Bermeotik Donostiarako bidea hartuko dute. Gernika-Lumo, Markina-Xemein, Deba eta Orio bezalako herriak zeharkatu ostean, 08:30ak inguruan iristea aurreikusten dute. Iristerakoan, Donostiako alkate Eneko Goiagaz eta ELA duten gaixoen eta horien familiekin egongo dira.
Donostia atzean utzita, Gasteizko bidea hartuko dute; 121 kilometro eta 1.700 metroko desnibelari aurre egingo diote. Hernani, Tolosa, Zumarraga, Arrasate eta Aretxabaleta igarota, 14:00ak aldera iritsi daitezke Gasteizera. Gorka Urtaran alkatea izango dute zain, baita ere ELA duten gaixoak eta horien familiak.
Azkenaurreko txanpan, hau da, Gasteiz eta Bilbo artean, 111 kilometro egingo dituzte, 1.500 metroko desnibelagaz. Legutio, Barazar, Igorre, Lemoa eta Galdakao igarota iritsiko dira Bilbora, 17:00ak aldera. Han, Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui egongo dira txirrindularien zain, harrera egiteko. Bilbon ere ez dira faltako ELA daukaten gaixoak eta horien familiak.
Bilbotik herrirako bidea hartuko dute, Bermeorakoa, hain zuzen ere; ibilbide solidarioaren azken zatia izango baita. “Zatirik gogorrena izango da; ibilbidea zehazterako orduan eztabaidak sortu dira gure artean. Izan ere, Bermeora iristeko batetik joan zein bestetik, aldapak daude”, azaldu dute antolatzaileek. Hala, jakitera eman dutenez, Begoñatik aterako dira, eta Galdakao, Zornotza eta Gernika-Lumo zeharkatu ostean, Bermeorako bidea hartuko dute. Azken tarte horrek 50 kilometro inguru ditu, eta 630 metroko desnibela. Uste dute 20:00ak aldera egon daitezkeela Bermeon, eta Bermeoko alkate Aritz Abaroa eta Izaskun BIlbao EAJren europarlamentaria edukiko dituzte zain.
Ibilbidean izen handiko txirrindulari profesionalen eta profesional ohien laguntza izango dute; Pello Bilbao, Roberto Laiseka…
Txirrindulariek egingo dituzten kilometroak migroanodearena webgunearen bitartez eskuratu daitezkeela azaldu dute; “edozeinek lagundu dezake”. BBKren babespean antolatutako ekimen honetan batutako dirua AdELA Euskal Herria Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Elkarteen Federazioarentzat izango da. Danon laguntza behar dutela azaldu dute antolatzaileek, dohaintzen bidez lagundu daitekeela gaineratuta: “Kilometro bakoitzeko dohaintza bat, dohaintza bakoitzeko itxaropen bat eta itxaropen bakoitzeko bizitza bat”.
Orain artekoak. Gogorarazi dutenez, duela hiru urte hasi ziren Minbiziaren Aurkako Elkarteari “diru apur” bat ematen: “Asteburuetan txirrinduan ateratzen garen bakoitzean, kafe bat hartzen dugu. Txirrindulari bakoitzak euro 2 jartzen ditu, eta soberakinak gorde egiten ditugu. Beste edozertarako erabili beharrean, urte amaieran potean geratzen den diru hori Minbiziaren Aurkako Elkarteari ematen diogu”.
Iazko irailean, berriz, Roberto Garcia Lamela taldeko kideak erronka solidario batean parte hartu zuen, hau da, kilometroak aldatu zituen kontserbengatik: Kilometro bakoitzeko kilo bat kontserba. 24 orduz ibili zen pedalkadaka, Bermeo, Gernika-Lumo, Mungia, Gernika-Lumo, Bermeo ibilbidea eginez; ibilbide hori bederatzi aldiz baino gehiagotan egin zuen Garciak. Hala, 639,62 kilometro egin zituen, eta kilometro bakoitzeko kilo bat kontserba eskuratu zituen. Camposek eman zituen kontserbak eta Gurutze Gorriak hartu zituen behar zuten bermeotarren artean banatzeko.