Segundo Olaeta Musika Eskolako III. Aste Kulturala zazpi egunetakoa izango da
Bihar hasi eta ekainaren 24ra bitartean ospatuko da, eta zazpi egunez, musikaz eta musikariz beteko du udalerria.
Hastear dago Segundo Olaeta Musika Eskolaren hirugarren aste kulturala, eta, beti bezala, aldaketekin etorriko da. Ekimen “bizia eta aldakorra” denez, zazpi egunez beteko du musikaz eta musikariz udalerria: bihartik ekainaren 24ra bitartean musika jarduera berriak gauzatuko dituzte herrian.
Hori horrela, 6 eta 12 urte bitarteko koruko ikasleen kontzertuagaz hasiko dira bihar emanaldiak. Barikuan, berriz, piano jotzaileek hartuko dute abeslarien lekukoa eta entzunaldi bi prestatu dituzte Elai Alai aretoan, 17:30ean, bata, eta 19:00etan, bestea.
Bestalde, astelehenean (ekainak 20), musika instrumentu desberdinetako ikasleen emanaldi bi egongo dira Elai Alai aretoan. Lehenengoan, bost urteko biolin, biolontxelo eta piano ikasleek parte hartuko dute, 17:30ean hasita, eta bigarrenean, zeharkako txirula, piano eta gitarrako ikasleak ariko dira 19:30etik aurrera.
Martitzenean (ekainak 21), 19:00etan, Lizeo Antzokia beteko dute piano, txirula eta biolontxeko ikasleek, baita Orkestra Txikia osatzen duten musikari gazteek ere. Hurrengo egunean, taulagainera igoko dira trikitixa, klarinete eta saxoko ikasleak, eta eurekaz batera ariko dira gitarra eta haize metala ikasten ari diren ikasleak; 18:00etan hasiko da emanaldia.
Some Rock bueltan da.
Eguenean, 22:00etan, bi urte luzeren ondoren, Some Rock musika emanaldia bueltatuko da. Edizio honetan, Segundo Olaetako Musika Modernoaren arloko lau konbo estreinatuko dira, eta horiek 60ko hamarkadatik gaur egunera artekoak interpretatuko dituzte oholtza gainean.
Aste kulturala amaitzeko, Rock n´Band proiektuak hartuko du San Juan Ibarra barikuan, 22:00etan. Bertan, musika sinfonikoaren eta soinu elektronikoen arteko loturek ematen dituzten tinbre sendoak entzun ahal izango dituzte bertaratzen direnek, eta Segundo Olaeta Musika Bandak ahots bakarlariz osatutako rock talde batekin indartuko du gaua. Hori guztia Ross dantza akademiaren koreografiek biribilduko dute.
Zehaztu dutenez, oraingo honetan, Queen, Bruno Mars edo Iron Maiden taldeak omendu gura dituzte.