Mestikabasotik Santa Luziaraino luzatuko dute bidegorria
Aste honetan bertan aurreikusi dute bizikleta bidearen obrekin hastea, eta hilabete inguruko epean erabilgarri egotea espero da.
Gernika-Lumoko bidegorria Mestikabasotik Santa Luziaraino luzatzeko asmoa dauka udalak, eta aste honetan bertan aurreikusi du bizikleta bidearen trazadura berri bat eraikitzeko obrekin hastea. Lanokin udalerriaren erdigunea auzo periferikoekin “modu jasangarrian” lotzea da helburua: “Proiektuaren helburua txirrindulariak eta oinezkoak modu seguruan mugitzea bilatzea da”.
Hain zuzen ere, bizikletentzako bidegorria 350 metro lineal handituko dute, eta, beraz, kilometro bat eta 25 metroko zirkuitu bat osatuko da.
Ibilbidea luzatzeko obrak 24.543 euroko aurrekontua izango du, eta hilabete inguruko epean erabilgarri egotea espero da. Eraikitzeko asfaltozko material aglomeratu gorria erabiliko dutela adierazi dute udal arduradunek.
Bidegorria udalerriko puntu gehiagotara zabaldu ahala, udalak 30 kilometro orduko abiadura muga ezarrituko du inguruan. “Bizikleta bidea herriaren fisionomiak ematen dituen aukeretara egokituko da, oinezkoen, bizikleten eta ibilgailuen artean partekatu ahal izango diren hiri espazioak sortzeko”, esan dute.