Herriko gaiteroek botako dute txupina Gorpuzti jaietan
Ekainaren 16tik 25era artean, hainbat jardueraz osatutako egitaraua osatu dute Ibarrangelun. Herri bazkarirako 200 pertsona inguruk eman dute izena.
Ekainak jai kutsua du Ibarrangelun. Izan ere, hilaren 16tik 25era bitartean, herriko jaiak ospatuko dituzte: gorpuztiak. Ibarrangeluko Udaletik “pozik eta ilusioz gainezka” ageri dira, koronabirusak ekarritako geldialdiaren ondoren, ibarrangelutarrak “oso gogotsu” nabaritzen baitituzte. Bihar, Gorpuzti egunean, ipiniko dute abian aurtengo jaietako egitaraua. 12:00etan, tradizioari jarraiki, Elexalde auzoko San Andres elizan meza elizkizuna egingo dute. Meza ostean, jaietako protagonista handietako batzuek, gaiteroek, Ibarrangeluko kaleak euren doinuekin alaituko dituzte; tabernaz taberna ariko dira, poteorako “oso aproposa” den giroan. Herriko gaiteroek, gainera, panderojoleak izango dituzte lagun kalean.
Txupina, gaiteroek. Barikuan, marinu eta arrantzaleen urteroko bazkaria egingo dute Lagako hondartzako Toki Alai tabernan. Bazkaria orduko tartea musikaz girotuko dute, zelan ez, gaiteroek. Marinu eta arrantzaleen bazkaria duela bospasei urte sortutako egitasmoa da, Joseba Bidasolo herritarraren bultzadagaz; helburua itsasoan ibilitakoak biltzea eta denen artean bazkaria egitea da. Izen ematea hogei eurokoa izango da, bertaratu gura duenarentzat. 20:00etan Ibarrangeluko jaietako momentu gorenetako bat hartuko du udaletxe aurreko eremuak. Aurten beraien 25. urteurrena betetzen duten gaiteroek txupina jaurtiko dute. “Herrian hain ezagunak eta estimatuak diren gaiteroei omenaldia egin gura diegu”, adierazi dute udaletik.
“Herrian hain ezagunak eta estimatuak diren gaiteroei omenaldia egin gura diegu”
21:00etan, aldiz, Elexaldeko poteoa bertsoz jantziko da: Janire Arrizabalaga eta Ibai Amillategi gernikarrek, Enare Muniategi arteagatarrak eta Asier Galarza muxikarrak bertso poteoa egingo dute. Antolatzaileek argitu dutenaren arabera, “hurreko bertsolariek parte hartzea” bilatu dute: “Busturialdeko bertsolariek Ibarrangelun beraien plaza izatea bilatu dugu, jaiotan eskualdeko partaidetza egotea, eta, batez ere, emakume bertsolariek ere parte hartzea”. Bertso poteoa eta gero, 22:30ak eta 23:00ak artean, triki poteoa egingo dute, eta Eingo taldearen emankizuna ere izango da. “Publiko guztientzako emanaldia” izango dela aurreratu dute udaletik: “Beraien emanaldien formatua asko gustatzen zaigu, eta herriko jaietan bikain funtzionatuko du”.
Zapatuan, hilaren 18an, eguneko egitaraua 13:00etan abiatuko da: Deustutik etorrita, Ondalan erraldoi konpartsak kaleetara egingo du salto, txistulari eta panderojoleekin batera. 15:00etan, ostera, herri bazkaria egingo dute. Bazkarirako izen ematea honezkero zarratuta dagoen arren, Ibarrangeluko Udaleko ordezkariek azaldu dute “ezin pozago” daudela izena eman duen jende kopuruagaz. Izan ere, 200 lagunetik gora izango dira herri bazkarian. “Oso pozik gaude herri bazkariak, oro har, izan duen jarraipenagaz eta atxikipenagaz; 70 edota 100 pertsonako zerrenda osatzea espero genuen, baina inondik inora ere ez 200 ingurukoa”, adierazi dute.
“70 edota 100 pertsonako zerrenda osatzea espero genuen, baina inondik inora ere ez 200 ingurukoa”
Bazkalostean, mahaigainekoa Koldo eta Josebaren trikitixa saioak girotuko du. 19:00etan, umeentzako disko festa antolatu dute Elexalden, 22:00etan hasiko den erromeria orduko; Luhartz taldeak joko du. Antolatzaileen ustez, Ibarrangeluko jaietan “oso gustora” hartzen dituzte Luhartzekoak: “Emanaldi bikaina eskaintzen dute, antolatzaileoi ez digute inongo traba edo arazorik jartzen, eta poz-pozik gaude jaietan edukitzeaz”. Domekan, ekainaren 19an, Diana egingo dute, herriko txistulari taldeagaz, 10:00etan hasita. Jarraian, 11:00etan, jaietako meza nagusia egingo dute San Andres elizan, 11:30eko euskal dantza ekitaldia baino behen; Lorea Ume herriko dantza taldea izango da protagonista. Arratsaldean, umeentzako jai giroak jarraitu egingo du, pilotalekuan jarriko dituzten puzgarriekin.
Eakinaren 25ean emango zaie amaiera Ibarrangeluko Gorpuzti jaiei. Azken egunean, baina, hainbat eta hainbat ekimen izango dituzte eskuragarri herritarrek. 12:00etan, Elexalden egingo den paella txapelketarako izen ematea izango da, eta 14:00etan aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek lehiaketa horretako paellak. 17:30ean, Ibaeta pilotalekuan esku pilota eta pala partiduak izango dira. Umeen txanda izango da lehenengo: Ekain Iglesias Danel Peñaren aurka neurtuko da lehenik eta behin; gero, Bengoetxea II.a eta Goikoetxea Gipuzkoako txapeldunen kontra lehiatuko dira; jarraian, Bidasolo eta Anitua Beitiaren eta Landaberen kontra ariko dira zein baino zein gehiago.
Horien ostean, kota bat gorago igoko da lehiaketaren maila: Olatz Arrizabalaga eta Nora Mendizabal Leire Garairen eta Enara Gaminderen aurka ibiliko dira. 19:00etan, profesional mailako gizonezkoen norgehiagoka izango da: Unai Lasok eta Iker Elizegik Iñaki Artolaren eta Andoni Aretxabalaletaren kontra jokatuko dute. 21:00etan kontzertuak izango dira Ibarrangeluko jaietako azken protagonistak. Lehenik eta behin, Space Jam eta The Uski’s taldeak taularatuko dira.