Eskualdeko harri gorriari buruzkoak ezagutu dituzte 40 lagunek
Antoliñape kultur elkarteak antolatutako ibilbidea Laura Damas EHUko geologoak lagunduta egin zuten, bera arduratu baitzen tokian tokiko azalpenak emateaz.
Antoliñape kultur elkarteak deituta, harri gorriari buruzko ibilaldia egin zuten zapatuan 40 lagun inguruk. 32 pertsona elkartu ziren Gautegiz Arteagan, baina Ereñoko eta Gautegiz Arteagako harrobiko geldialdietan beste batzuk gehitu zitzaizkien, 40 pertsonako taldea osatuz.
09:30ean atera ziren Gautegiz Arteagako plazatik, eta eguraldia lagun, kontu kontari ekin zioten bideari Gautegiz Arteagako elizara iristeraino. Ibilbidea Laura Damas EHUko geologoak lagunduta egin zuten, bera arduratu baitzen tokian tokiko azalpenak emateaz. “Elizan, Laura ilusioz beteta hasi zitzaigun geologia ikasi ez dugunontzako arraroak diren berbak esaten eta azaltzen”, aitortu dute ibilbidean parte hartu zuten oinezkoek.
Handik, Ereñora joan ziren, Kurtzerotik pasatuz, eta Ereñon dagoen museoa bisitatu eta gero, kantera gorrira abiatu ziren. Bertan, Damasek era pedagogikoan azaldu zituen harrobi gorriari buruzkoak, izan ere, 2011n bere tesia harri horri buruz idatzi zuen: “Ondo prestatuta ekarri zituen bere tesian landutakoak, eta irudiak eta argazkiak erakutsi zizkigun azalpenak ulertzeko”. Partaideek zehaztu dute bidean ere harrri sedimentarioak zeintzuk diren erakutsi zizkiela gazteenei.
Azalpenak emanda, parte hartzaileek euren zalantzak argitzeko tartea izan zuten, eta herritarrak “oso pozik” aritu zirela aitortu dute antolatzaileek: “Jendea pozik egon zen eta esker ona adierazi zigun, Laurak egin modura”.