Montorreko ikasleek garapen jasangarria bultzatzeko konpromisoa dute
Montorre Herri Eskolako ikasleek Gautegiz Arteagako diagnostikoa egin dute, eta Juan Felix Naberan udalerriko alkatearen aurrean, euren konpromisoa berretsi eta udalerrian antzeman dituzten hobekuntza beharrak aurkeztu dituzte.
Gautegiz Arteagako Montorre Eskolako ikasleek garapen jasangarria bultzatzen duen 2030 Agendaren helburuak landu dituzte ikasturtean zehar, eta, Juan Felix Naberan udalerriko alkatearen aurrean, euren konpromisoa berretsi eta udalerrian antzeman dituzten hobekuntza beharrak aurkeztu dituzte.
Ikasleek birziklatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute, papera, ura eta argia arduraz erabiltzekoa, udal espazioak eta ekipamenduak zaintzekoa, eta euren elikadura arduratsua izatearena; esaterako, “fruta bezalako produktu osasungarriak” euren dietara gehitzeko ardura dute.
Alkatearen aurrean, udalerrian antzeman dituzten hobekuntza beharrak ere azaldu dituzte, tartean, eskolako jolastokiko estalkiari teilatu hodiak jartzea eta kanpoan dagoen etxola konpontzea. Horiez gain, eskolan hondatuta dauden elementuak konpontzeko –lorontziak eta ateak, esaterako– eta eskaileretako irristadak saihesteko neurriak hartzeko eskatu diote udalari. “Parkean, gainera, tirolinaren jesarlekua, skate parkeko gunea eta haur jolas batzuetan dauden kalteak ere konpondu behar dira”, gehitu dute ikasleek.
Frontoian nabarmendu dute zenbait kalte konpondu behar direla eta segurtasun neurriak egokitu behar direla. Solte dabiltzan txakurrei buruz, animalia horiek kontrolpean izatearen garrantzia iradoki dute eta jabeek gorotzak jasotzeko duten betebeharra adierazi dute.
Gautegiz Arteagako alkate Juan Felix Naberanek, bere aldetik, herritarren parte hartzea “funtsezkoa” dela adierazi eta ikasleek ekarpenak kontutan izango dituztela aitortu du: “Garrantzitsua da gure herritarrei entzutea, horregatik, garrantzitsua da Montorre eskolako umeekin ekitaldi hau egitea. Ikasturte osoan 2030 Agendaren funtsezko alderdiak landu dituzte, eta, ingurumenean, kontsumo arduratsuan, hezkuntzan, giza eskubideetan edo genero berdintasunean jarri dute fokua, horiek guzti horiek udalerriko esparrura egokituz. Hori dela eta, udalean kontutan izango ditugu euren ekarpenak”.
Zehaztu dutenez, garapen jasangarrirako 2030 Agendak beste bultzada bat ematen dio udalak duen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) lortzeko konpromisoari. Ekintza plan “unibertsal, integral eta eraldatzailea” da hori, lurralde konpromisoa eta toki mailara egokitzea biltzen duena.