ETEen kudeaketa hobetzeko tresnak eskuragarri jarri ditu Lanbide Ekimenak Zentroak
Berrikuntzan egituratutako zerbitzu bat abian jarri gura dute, ETEetara iritsi ahal izateko, eta eurek berrikuntzaren arloan duten aurrerapen mailaren arabera, haien beharretara egokitutako erantzuna eskaini ahal izateko. Horretarako, diagnostikoak egiteko, berrikuntza profilak zehazteko eta konponbideak aurkitzeko tresnak jarriko dituzte ETEen eskura.
Berrikuntzaren arloan egituratutako zerbitzu bat abian jartzeko asmoz, Lanbide Ekimenak Zentroak akordio bat sinatu du Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin. Akordioaren helburua da berrikuntzan egituratutako zerbitzuagaz ETEetara iritsi ahal izatea, eta eurek berrikuntzaren arloan duten aurrerapen mailaren arabera, haien beharretara egokitutako erantzuna eskaini ahal izatea. Horretarako, diagnostikoak egiteko, berrikuntza profilak zehazteko eta konponbideak aurkitzeko tresnak jarriko dituzte ETEen eskura.
Jon Lejarraga Gernika-Lumoko Lanbide Ekiumenak erakundeko presidenteak nabarmendu du enpresetako berrikuntza prozesuak modu aktibo eta kontzientean kudeatzeak “negozioak eralda” ditzakeela, “produktu hobeak eskainiz, prozesu hobeekin lan eginez eta onurak eraginkortasun handiagoz sortuz”.
Sistema berri horri esker, berrikuntzaren arloan enpresek zer erronka eta premia dituzten identifikatu ahal izango dute, eta konponbide zehatzak aurkitu ahalko dituzte, baita lehiakorragoak eta iraunkorragoak izateko dituzten “oztopoak gainditu” ere. Horrez gain, enpresa bakoitzak, eskuratutako ezagutzari esker, “sinergia berriak” ezar ditzakeela dio Lejarragak, eta, ondorioz, enpresen arteko lankidetzak susta daitezkeela uste du: “Alderdi hori funtsezkoa da, batez ere enpresa txiki eta ertainentzat, lehiarako abantaila bat sortzeko orduan euren konpetentzia direnak bereizi ahal izango dituztelako”.
Arduradunek zehaztu dutenez, azken fase batean, Innobasquek jarraipena egiten die emandako gomendioetatik enpresek bultzatutako ekintzen emaitzei, “emandako irtenbideen eraginkortasuna ezagutzeko helburuz”. Hala, Gernika inguruetako ETEen jarduera “berritzailea bultzatu” gura dute, eta, horretarako, enpresek duten gaitasun berritzaileak “zehatz eta mehatz” eta “modu sistematikoan” aztertuko dituztela adierazi dute.
Zerbitzu hori erabili gura duten enpresak Lanbiderekin jarri behar dira kontaktuan, akortazar@lanbide-ekimenak.eus helbide elektronikora idatzita edotaa 94 625 57 58 telefono zenbakira deituta.