Barandikak Markinako Jai Alai Grand Slameko lehen jardunaldia irabazi du
Erkiagak eta Zabalak etxekoen aurrean irabaztea lortu zuten, Markina Jai Alai Grand Slameko lehen jardunaldian, Olharan eta Etcheto menperatuta. Barandikak eta Del Riok, ostera, Beaskoetxea eta Lopezen kontrako partidua euren alde irauli zuten, garaipen estua lortzeko.
Markina-Xemeingo Jai Alai Grand Slama martxan da. Domekan ipini zen abian Markina-Xemeingo Uni pilotaleku historikoan egingo den zesta punta txapelketa; matinee formatuan izan zen, hau da, 12:00etan hasita. Frontoia jendez gainezka agertu zen eta, batez ere, pilotarienganako berotasuna eta babesa nabarmendu ziren. Unik 600 ikusletik gora hartu zituen. Lehendabiziko norgehiagokan Diego Beaskoetxea gernikarra eta Imanol Lopez zumaiarra Xabi Barandika gernikarraren eta Jokin Del Rio gasteiztarraren kontra aritu ziren. Barandika, bikote urdineko aurrelaria, aurreko egunean udako lehenengo txapelketa, Donostia Grand Slam, irabaztetik iritsi ziren Markina-Xemeinera; ikusteko zegoen, beraz, gorputza berreskuratzeko denbora nahikoa izan ote zuen. Gauzak horrela, Beaskoetxea eta Lopez ziren, hasieran, partidua eskuratzeko hautagai nagusiak.
Hautagaitza hori justifikatu zuten Beaskoetxeak eta Lopezek lehen setean. Izan ere, partiduaren lehen zatian jaun eta jabe izan ziren, eta Barandikak eta Del Riok, ostera, ez zuten beraien lekua topatu pilotalekuan. Beaskoetxeak eta Lopezek, beren aldetik, modu paregabean uztartu zituzten bakoitzaren indarguneak: 1-0, 2-0, 3-0, 4-0, 5-0, 6-0 eta 7-0ko partziala lortu dute. Bikote urdinak tanto batzuk ateratzea lortu arren, 13-3ko markagailua ezarri dute, eta seta 15-6 amaitu da. Beaskoetxea eta Lopez, lehen txanpan, nagusi agertu ziren. Dena dela, Barandikak eta Del Riok egundoko itxuraldatzea eman zioten partiduari, batez ere, atzelari gasteiztarrak. Izan ere, bere eskumakadek partiduaren bigarren zatia zehaztu zuten. Urdinek arriskatu besterik ez zuten egin, eta ikusleak eurekin batera joan ziren aurrera. 11-12koagaz, bete-betean sartu ziren partiduan; jarraian, Barandika aurrelari gernikarrak akats pare bat egin zuen, baina Del Riok 14ra berdintzea lortu zuen. Tentsioz beteriko set amaieraren ostean, Beaskoetxeak erremate batean hanka sartu zuen, eta berdinketa haustera joan ziren.
Azken setean ikusleak oso animatuta ibili ziren, eta baita bikote urdina ere. Del Riok 1-0eko markagailua ezarri zuen, eskumakada indartsu bategaz. Barandikak ere bere tokia aurkitu zuen azken zati osoan zehar, 0-2koa lortuz. Del Rioren akats baten ostean, urdinek azken esfortzua egin, eta txapelketako hautagaitzatik urrunen dagoen bikoteak, Barandikak eta Del Riok osatutakoak, 1-5 irabazi zuen azken seta eta, hortaz, partidua.
Bullet, etxeko izarra. Bigarren partiduan, Jose Maria Mirapeix pilotari kataluniarra (1968an, Mexikon, zesta punta txapeldun olinpikoa eta 1992ko Bartzelonako Joko Olinpikoetako hautatzailea izandakoa) izan zen sakea hautatzeko arduraduna. Ikusleek, bien bitartean, etxeko pilotariari, Jon Bullet Zabalari berotasuna erakutsi zioten. Dena dela, ogibide gaitza izan zuen Markina-Xemeingoak eta Aritz Erkiaga ispastertarrak Jean Olharan pautarraren eta Nicolas Etcheto bidartarraren kontra. Olharan eta Etchetok egundoko defentsa lanak egin zituzten Erkiagaren erasoen aurka, batez ere, Donostia Grand Slamean irabazi berri duen Etcheto atzelariak. Zabalak eta Erkiagak beraiei aurre egiteko errezeta topatu ez zuten arren, lehen setean bizirik irautea lortu zuten: 14-15, Iparraldekoen alde.
Bigarrenean, ostera, Lea-Artibaikoek taktikaz aldatu zuten: pilota eta jokaldi biziagoak behartu behar zituzten. Erkiagak aurreko koadroak bilatu zituen, horma bikoak egite aldera; Zabalak, aldiz, kantxaren erdigunea hartu zuen, ikusleen berotasunagaz. Zenbait tanto ikusgarriren ondoren eta partiduak hartutako erritmo bizkorraren ostean, 14ra berdindu zuten, eta azken tantoan etxekoek 15-14koa eskuratu zuten, bigarren set bikaina eta gero. Ikusleak, ostera, zutundu egin ziren, lau puntisten kemena goraipatzeko. Berdinketa haustean, 5-3 nagusitu ziren Erkiaga eta Zabala, eta Olharanek eta Etchetok osatutako bikoteak, partidu bikaina jokatu arren, ez zuen inongo aukerarik izan partidua eskuratzeko. Final handia, zelan ez, Markina-Xemeingo Karmen Egunean, uztailaren 16an, jokatuko da, festa giroan bete-betean sartuta.