Urrunketari agur esanda, etxeratzea gauzatzeko ordua ailegatu da
Urrunketa politikoa azkar amaitzeko deiagaz eta preso horien guztien etxeratzea eskatzeko Gernika-Lumoko Sareren aldarriagaz bat egin dute ehunka herritarrek Gernika-Lumoko kaleetan.
184 euskal preso –horietako 15 gaixotasun sendaezin edo kronikoekin–, 30 bat iheslari eta 8 deportatu daude gatibu edo erbestean, egun. Presoei erreparatuz gero, Etxeraten datuen arabera, 101 daude, era batera edo bestera, Euskal Herriko espetxeetan preso. Egoera horren aurrean, urrunketa politikoa azkar amaitzeko deiagaz eta preso horien guztien etxeratzea eskatzeko Gernika-Lumoko Sareren aldarriagaz bat egin dute ehunka herritarrek gaur.
Sarek urrunketa politikoa lehenbailehen amaitzea du xede, eta 2022-2023 ikasturteko erronkatzat du sakabanaketa politikoaren amaiera erabatekoa izatea. Gernika-Lumoren kasuan, urrunketa ez da guztiz amaitu: Kepa Arronategi Aita Mennin (Arrasate, Euskal Herrian) dago egun; Eneko Goieaskoetxea El Dueson (Kantabria) dago, 102 kilometrotara; eta, Jabi Abaunza Lannemezanen (Frantzia), 317 kilometrotara. Hurbilduak izan dira, baina ez Euskal Herriratuak, eta “are gutxiago etxeratuak”. Eta hori eskatzeko batu dira gaur: etxerako bidea erabat gauza dadin eskatzeko, “bai Jabi, bai Eneko, bai Kepa, bai gainerako euskal preso eta iheslariak etxeratzea aldarrikatzeko”.
Aurrerapausoak eman direla adierazi dute Sarekoek, “baina ez behar bestekoak”. Diotenez, jakin bazekiten bidea ez zela erraza izango: “Bagenekien oztopoak noiz eta nonahi izango genituela”. Zentzu horretan, adierazi dute duela astebete Entzutegi Gorenak Xabier Atristainen kasuan Europako Giza Eskubideen epaitegiaren epaiaren aurka hartutako erabakia “sinesgaitza, ulertezina eta bereziki giza eskubideen aurkakoa” dela. “Entzutegi Gorenaren epaiak babesgabetasun juridikoa bermatzea dakar, horrek suposatzen duen guztiarekin. Halako erabakiak zuzenbide markoetatik urrun daude, eta, halako epaiek euskal jendartearen gehiengoaren borondatetik oso urrun kokatzen dute Espainiar Estatua”, adierazi dute Sareko kideek. Ondorioz, Atristainen eta bere egoeran aurki daitezkeen euskal presoen “berehalako” askatasuna aldarrikatu dute.
Beste pauso bat.
Izan Bidea dinamikaren baitan ezarritako 3 milioi kilometroko erronkari amaiera emango dio Sarek urriaren 8an, Donostian. Presoen etxeratzea eskatzeko bidean azken kilometroak egingo dituzte bertan, eguerdiko manifestazioan, lehenengo, eta jaialdian, gero. “Sarek jaialdi horregaz Izan Bidea dinamika amaitzeaz gain, urte luzeetan urruntze politikaren amaieraren alde aritu diren herritar guztiak batu gura ditu. Azken bultzada emateko eta hurrengo faseari oinarri sendoa eskaintzeko mugarria izan nahi du urriaren 8ko hitzorduak”, azaldu dute gaur. Hori dela eta, herritarrei parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek, eta zehaztu dute Gernika-Lumotik Donostiara joateko autobusak antolatuko dituztela, “ahalik eta herritar gehien bertaratzeko”.
Ibilbide luzea du Sarek, eta euren bide horren etapa bat amaitutzat emango dute orduan. Hala ere, etapak ez dira guztiz zarratzen; une jakin batean irekitzen ez diren modura. Ibilbidea dinamikoa izan ohi da, ezaugarri askotarikoa. Horregatik, urruntze politikari ahalik eta azkarren agur esatea dagokie: “Eta horretan zentratu ditugu indarrak azken urteetan. Hori bai, erronka berria ezartzeko asmoarekin lanean jarraitzeko egin dugu hori: euskal preso, iheslari eta deportatu guztien etxeratzea gauzatzea“.
Zentzu horretan, duela 7 urte Ispilue proiektua abiatu zuten Gernika-Lumon, urrunketa amaitzearen alde ahalik eta gernikar gehien aktibatzea helburu zuena. Sareko kideek onartu dute oraindik “lan asko” dagoela egiteko, baina datorren urteari begira, etxerako prozesuan Gernika aktiboa izateko erronka ezarri diote euren buruari, “orain arte ereindakoaren baitan”.