Sanantonioak ospatuko dituzte Errigoitin ere
Astelehenean, San Antonio Eguna ospatuko dute; ondoren, asteburuan jarraituko dute egitarauagaz.
Abinagako hondartzan modura, Errigoitin ere San Antonio jaiak ospatuko dituzte. Astelehenean, San Antonio Egunean bertan hasiko dira jaiak ospatzen. 12:00etako meza entzun ostean, 14:30ak aldera batuko dira Herri Bazkarian, Ikuilu Elkarteak antolatuta.
Ondoren, hurrengo asteburuan jarraituko dute sanantonioak ospatzen. Ekainaren 18an (zapatua), bosgarren duathloi txikia hartuko du Errigoitik, 17:30ean hasita. Antolatzaileek bakoitzak bere txirrindua eroateko deia egin dute. Duathloi txikiaren ostean, kamiseta tailerra edukiko dute. Parte hartu gura dutenek, kamiseta zuria eroan beharko dute.
Domekan, ekainaren 19an, mezagaz hasiko dituzte ospakizunak, 11:00etan. Horren ostean, dantzarien erakustialdiaz disfrutatu ahalko dute bertaratutakoek. 11:30ean, Bizkaia Esnea Pilota Txapelketako finala lehiatuko dute. Benjaminetan, Iturraspe, Silloniz, Bengoetxea eta Olabarria ariko dira lehian. Kimuen kategorian hurrenguek lehiatuko dute finala: Juez, Gallastegi, Galdos eta Goikoetxea. Haurren finala, berriz, Garmendiak, Mesonerok, Urzelaik eta Bengoetxeak jokatuko dute.
Gainera, Elizalden bertan, umeentzako puzgarriak egongo dira goizean, baita ere umeek ondo pasatzeko tailerrak. Musika ere izango dute giroa alaitzeko eta jan-edanik ere ez dela faltako azaldu dute antolatzaileek.