"Jokabide onak sortzeko erremintak dira ipuinak"
Ipuinak "inklusiboak, feministak eta bizikidetza sustatzen" dutenak izan behar direla dio Elssie Xalbadorrek. Horiek lantzen ditu, eta horretarako identitate sexualen aniztasuna presente du bere ipuinetan.
“Pentsatzen duguna baino gehiago transmititzen dute ipuinek”. Elssie Xalbardor ipuin kontalariaren berbak dira horiek, ipuinak erreminta “ahaltsuak, indartsuak, aberatsak eta emakorrak” direla esateko erabili dituenak. Historian ipuinak “jokabideak sortzeko” erabili izan direla uste du kontalariak, eta horiek “egokiak, inklusiboak eta feministak” izango balira, jokabide “zuzenak” transmitituko lituzketela dio: “Erreminta oso ahaltsuak dira, umetan buruan sartzen direnak eta betirako gogoratzen ditugunak. Bizi guztirako istorioak dira ipuinak. Horiek era egokian kontatuz gero, jokabide egokiak sor ditzakete”.
Hori lantzea da, hain zuzen ere, Xalbadorrek bilatzen duena. Genero eta identitate sexualen aniztasuna presente dauka bere ipuinetan, eta hori transmititzen saiatzen da, ikuspuntu feminista eta integratzaile batetik. “Saio nahikoa ditut gai desberdinak lantzeko; batzuek, ohiko printzesen irudiaren kontrako ikuspuntua lantzen dute, eta, beste batzuek, emakumeek historian zenbaterainoko garrantzia izan duten jorratzen dute. Izan ere, emakumeen lan hori plazaratzea bilatzen dut. Uste dut ikusleen aurrean aritzen garenok onak diren gauzak helarazi behar dizkiegula entzuleei. Horregatik, uste dut ipuinak erreferenteak, integratzaileak, feministak izan behar direla”.
LGTBIQ+ kolektiboaren hilabetea da ekaina, eta identitateak lantzeko ipuin sortak kontatzen ari da Xalbador. “Identitate lesbikoa edo gay mugimendua begibistakoak dira, baina LGTBIQ+ kolektiboaren barnean badaude horren ezagunak ez diren identitateak, eta horiek ikusaraztea da nire asmoa”, aitortu du artistak. Dioenez, umeek “erreferenteak” behar dituzte, eta ipuinetan horiek aurkitzeko aukera eduki behar dute; izan ere, horietan islatuta ikusi dezakete euren burua. “Ipuinen bitartez senti dezakete ez direla bakarrak”.
Bizikidetza, ardatz
Gizartearen errealitatea “normalizatzea” eta begibistan uztea bilatzen du Xalbadorrek: “Erreferenteak sortzea, eta horiek anitzak izatea bilatzen dut. Sagu bati buruzko istorioan, esaterako, bi emakumeren arteko erlazioa lantzen dut; ipuin horren bitartez, ohiko ereduetatik aldendu eta existitzen diren bestelako errealitateak normalizatzen ditut. Oso garrantzitsua iruditzen zait, beti, ipuinetan zerbait lantzea, eta zer edo zer hori integratzailea, positiboa eta feminista izatea; bizikidetza lantzea, alegia”.
Xalbadorrek zehaztu duenez, lantzen dituen kontzeptuak denetarikoak dira. “Identitatea da norberak sentitzen duena, norberak bere barruan daukana, eta denok sentitu behar gara islatuta ipuinetan. Izan ere, ipuinek gizartean dagoena islatzen dute, errealitatea plazaratzen dute. Egia da horiek denak lantzea ezinezkoa dela ipuin kontaketa batean, baina horiek guztiak normalizatu behar ditugu. Onartu behar dugu denok garela desberdinak. Ondokoa onartu behar dugu. Nik bilatzen dudana hori da, denok garela desberdinak eta bakoitzak izateko era bat daukala plazaratzea”. Kontalariak adierazi du ipuin batzuetan desberdina izatea dela kontakizunaren muina, baina beste batzuetan ez: ”Bigarren lerrora eramaten ditut bi ama edota bi aita izatearen kontuak, hori normala delako eta hala hartu behar delako. Hori ez da gatazka bat, onartu behar dugun kontua baizik; ez dago zalantzarik, ez dago azpimarratu beharrik, naturala da”.
Kontzeptu horiek guztiak lantzeko ehunka aurpegi ditu Xalbadorrek. Artista guztiek dituzten milaka aurpegietako batzuk aukeratzen ditu saio bakoitzeko, eta inprobisazio eta urte askotako lanaz baliatuta, gertutasun handiko saioak eskaintzen ditu: “Saio bat egiteko ipuin asko irakurri behar dira. Batzuetan, publikoaren arabera aukeratu behar dira, eta beste batzuetan, adinaren arabera edo euren jokabidearen arabera. Nik, gero, pertsonaia bat sortzen dut, eta hori da agertokira igotzen dena; pertsonaia horrek kontatzen ditu istorioak. Ildo nagusi bat eraikitzen dut, eta ipuinak dira ildo hori jarraituz, nire pertsonaiari burura datozkion kontuak”.
Eta hori guztia pertsonaia desberdinen bidez egiten du. “Pertsonaiei bizitza ematen diet, ahotsa, izaera, hitz egiteko modua… Eta horiek umeen erreferente bihurtzen dira. Ipuinetan argazkiak edo irudiak ageri dira, eta horiek asko kontatzen dute, baina ipuin kontaketetan, guk sortu behar dugu, eta ume bakoitzak interpretatu”. Entzule bakoitzak berak ezagutzen duenaren arabera eraikitzen du pertsonaia, berak ezagutzen duen testuingurura moldatzen ditu, eta denak dira balizkoak eta erabilgarriak. “Askotan ipuinetako pertsonaietan islatzen dira gazteak, eta euren identitatea aurkitzen dute”, azaldu du kontalariak.
Adin guztientzako kontuak
3 urte dituztenak izaten ditu aurrean Xalbadorrek, baita etxeko nagusienak ere. “Batzuek ipuinak haurrekin bakarrik lotzen dituzte. Ipuinak hitza entzun eta umeen gauza direla uste dute, baina ez da egia. Publiko modura etortzen direnak ohartzen dira horretaz”, aitortu du.
Ipuinez nazkatuta izeneko kontakizun saio bat dauka helduentzat, eta betiko ipuinak moldatzen ditu, horiek birkontatu. “Ipuinak eraldatu eta pertsonaiak egungo errealitatera moldatzen ditut. Txanogorritxuren ipuinean, esaterako, txanogorritxu bortxatzen dutela kontatzen dut eta, horrek, entzuleak harritzen ditu”, dio. Kontakizun horien bitartez, txikitan entzun dutenari buruz hausnartzera gonbidatzen ditu entzuleak. “Zer jaso dugun eta gure seme-alaba edota bilobei zer kontatzen diegunari buruz hausnartu behar dugu. Helduok konturatu behar gara zein gauza ditugun barneratuta, eta horiei buruz hausnartu behar dugu. Horretarako balio dute ipuinek. Helduei ipuinen bidez ez diet ezer arraroa kontatuko, baina horiei buruz hausnartzeko metodoak izan daitezke”.
Kontalariak dio ipuinez haur, gazte zein helduek gozatu beharko luketela. Izan ere, “berebiziko” garrantzia dutela uste du: “Gauzak azaltzeko beste era bat da, etxean, eskolan edota kalean entzun daitekeena. Lehen etxean kontatzen ziren gehienbat, baina, orain, etxean entzuten duten hori kalean ikusteko aukera ere badute. Agertokietan ikusten gaituzte umeek, eta liluratuta geratzen dira. Esaten diezun horrek askoz ere indar gehiago dauka amak edo aitak etxean esaten dienak baino, eta etxean lantzen diren kontzeptuak azpimarratzea garrantzitsua da”.
Hamazortzi urte baino gehiago daramatza ipuin kontalari Xalbadorrek, eta ipuinak kontatzea izan du gustuko beti: “Nik nire burua ipuin kontalari eta aktore modura daukat, eta gaztetatik oso argi izan dut istorioak kontatu gura nituela; horiek kontatzeko modu bat da antzerkia, baina, gehiago gustatzen zait ipuinak sortzea”. Ipuin kontaketetan umeekin sortzen den harremana «magikoa» dela dio, oso berezia: “Gehienetan magia sortzen da, ez dakizu zergatik, baina sortzen den magia hori oso leku gutxitan aurkitu daiteke”.