Asel Luzarraga: "Niri ez zait mugak jartzea gustatzen; gorroto ditut"
Idazle bermeotarrak bere azken bi liburuak aurkeztu ditu: ‘Esan gabe doa’ eta ‘Katuak jandakoa’. Lehenengoa nagusiei bideratuta dago, bigarrena, publiko guztiari.
Zergatik kokatu duzu Esan gabe doa-ko istorioa Hego-Amerikako herrialde imajinario batean ?
Ideia hau 2009an bururatu zitzaidan, Txilen nengoela. Nik imajinatzen nuen gizarte anarkista liberala non kokatu nezakeen hasi nintzen pentsatzen. Europagaz ez zetorren bat, eta Latinoamerikan sentitzen nuen taupada iraultzaileagoa zegoela. Koherenteagoa iruditzen zitzaidan. Bestetik, Latinoamerikako literatura maite dut; eta liburu honek bertako idazle askok erabilzen duten errealismo magikoaren puntua dauka. Orokorrean, aukera naturalena zela iruditu zitzaidan.
Zein egonezin agertuko dira kontakizunean?
Lehenengoa da pentsatzea ea estatu bako gobernu batek nola egingo dien aurre agertuko zaizkien arazoei. Urteetan egon naiz irtenbide horiek pentsatzen. Egonezin hori orokorra da. Gero, pertsonaia bakoitzak egonezin desberdinak izango ditu.
Nolakoa da irudikatzen duzun gizarte eredu berri hori?
Berba batean laburbildu beharko banu, gizarte anarkista dela esango nuke. Berezko modu batean sortzen den gizarte eredua da, bilatu gabekoa. Gehiago esateko, anarkista puruek hasieran ez dira gizarte horren parte, anarkistok askotan gure inguruan pasatzen diren iraultzak ez ditugulako ikusten. Berez, esperimentatzen doan gizarte bat da. Ez dago ez zentralismo ez gobernurik, eta batzarrez batzar adosten dira. Hiri bakoitzeko auzo bakoitzak bere batzar propioa dauka, baita ogibide bakoitzekoak ere. Adostasunean oinarritutako eredu bat dela esango nuke; etengabe pentsatzen eta gauzak birplanteatzen dituen gizartea.
Trilogia baten lehen partea da. Zein bide hartuko du trilogiak?
Pixka bat kapritxosoa da trilogia hau, bigarren liburua jadanik idatzita dagoelako. Bigarren liburua izan zen idatzi nuen lehenengoa, eta kronologikoki ere lehena da. Iraultza piztu aurreko gertaerak kontatzen dira bertan. Hasieratik, argi izan nuen lehen argitaratu nahi nuena trilogiako bigarrena izango zela. Trilogiaren ordenean, libruak honako ordena jarraitzen du: lehen liburuan, iraultza aurrekoa 2016an kokatzen da. Bigarrena, iraultza jadanik piztuta dagoen hori, 2026an kokatzen da. Eta aterako dudan hurrengoak, 12 urte egiten ditu aurrera, 2038ra arte.
Nola jokatzen duzu gerra mehatxuagaz?
Irudikatzen dudan gizarteak badaki gainontzeko herrialdeak bere iraultzaren aurka dauela eta, beraz, Nazio Batuen Erakundean Askalaia, herrialde imajinario hau, alegia, inbaditzeko eztabaida dago. Askalaiako gizartea inbasio posible horretarako prestatzen da kontakizunean. Gerra berez ez da ikusten, baina bai gerra danborrak.
Zergatik banandu duzu liburua lau ataletan?
Lau atalek lotura daukate; familiarena. Atal bakoitzean pertsonaia nagusi desberdin bat dago; familiako kide desberdin bat bakoitzean. Lehenengoa Lore da, arkitekta den iraultzailea; bigarrena, Jako; hirugarrena Jazinto eta amama Pilar laugarrena.
Zein da pertsonaia bakoitzaren ezaugarri identifikagarriena?
Lorerena, bere sentiberatasuna eta koherente izateko dituen gatazka personalak. Agusena, ikuspegi ironikoa eta irudimena. Fabirena, inguruagaz enpatia izateko duen gaitasuna. Jazinto konplexuena da, kapitalismoaren alde biak ezagutu dituelako.
Katuak jandakoa da atera duzun beste liburua.
Zer kontatzen du izenburuak liburuaren inguruan?
Katuak mihia jaten digula esaten dugu. Zigor eta Iraultza neba-arrebek gizartean dagoen arazo baten inguruko lan bat egin beharko dute ikastolarako. Iraultzak mihirik ez duen ume bat ezagutzen du, eta beraien herrian, Ondarretan, mihirik ez duen bigarren ume bat jaio dela jakiten du. Arazo hori azkenengo hamarkadan mundu mailan hazten doan arazo bat dela aztertzen dute, eta ume horiek erabakiak hartzeko gaitasunik ez dutela ikasten dute. Ikerketa horretan abentura batean sartuko dira, eta gauza asko pasatuko dira.
Nolako abentura da?
Komunitate zientifikoan ondo ikusita ez dagoen zientifiko bategaz elkartuko dira. Ikerketa prozesuan konturatuko dira ur oso sakonetan sartuta daudela, eta arriskutsua izan daitekeela gaixotasun hori ikertzea.
Zer jartzen da kolokan liburuan?
Gure gizarte eredua ezbaian jartzen da. Gure demokrazia ordezkatzailearen paradigmagaz jokatzen da. Gaur egun gure demokrazian erabakitzen dena da gure ordez erabakiko dutenak hautatzea. Beraz, guk ez dugu erabakitzen. Bestetik, zientziaren neutraltasuna eztabaidatzen da. COVID-19aren harira, oso argi ikusi da nola zientzian iritzi ildo zientifiko bakarra onartu den, eta hortik irteten den edonor iraindua dela.
Nori bideratutako liburua da?
Uzta Garaia libururuagaz ikusi nuen bezala, umeen literaturan definituta egon arren, helduei ere asko gustatuko zaiela uste dut. Gazteei ere bai. Nire esperientziagatik, esango nuke 11 urtetik gorako edonork gozatuko duela liburu hau irakurtzen.
Nola aldatzen duzu «txipa» helduen liburu bat idaztetik umeen liburu bat idaztera pasatzen zarenean?
Niretzat ez da arazoa. Are gehiago, liburu bi hauek aldi berean idatzi ditut. Bat barikuetan idazten nuen eta bestea asteburuetan. Nire liburu guztiak lotuta daude, helduentzat zein umeentzat direnak. Niri ez zait mugak jartzea gustatzen; gorroto ditut.