Maketa erakusketa ekainaren 17ra arte egongo da ikusgai
Juan Luis Garitaonaindia 'Boneti'-k egindako maketak Busturiko kultur etxean daude ikusgai. "Arrakasta handia" izan dute hainbat urteetako lana biltzen duten maketek, eta egilea pozarren dago.
“Maketa bat bukatzean eta buruan zenuen ideia errealitate bihurtu dela ikustean sentitzen den adrenalia eta poza deskribaezinak dira”, dio Juan Luis Garitaonaindia Bonetik. Bera da Busturiko kultur etxean ikusgai dauden maketen egilea, eta ekainaren 17ra arte izango ditu ikusgai.
Itsasoa gaztetatik maite du Bonetik, eta bere bizitzan eragin “izugarria” izan du. Gaztea zela, erakusketan ikusgai dagoen Blue Nose maketarekin elkartu zituen bere bi pasio handienak: itsasoa eta modelajea. Momentu haretan ez zekien, baina, maketa horrekin, bere gaur egungo zaletasun maitatuena ezagutu zuen.
Erakusketa honen ideia nola sortu zen, egileak berak azaldu du: “Kultur etxeko Marijek galdetu zidan behin, ea ausartzen nintzen nire maketak erakustera. Niri kriston lotsa ematen zidan, baina baiezkoa eman nuen, baina bi baldintza bete behar ziren: Nire izena ez agertzea eta herriko umeek erakusketa bisitatzea”. Bonetik helburutzat dauka, umeek teknologiez gain, beste zerbait ikastea; eta gazteenei eskulanak egiten erakustea da bere zaletasunetako bat.
Erakusketan sei ontzi, hainbat gaztelu, baseliza bat eta koheteren bat edo beste ikusi daitezke. Izan ere, Bonetik maketa desberdinak egitea du gustuko, eta espezializaziotik hurruntzen dela azaldu du.
Maketen atzean ordu askotako lana dagoela aitortu du: “Ordu asko pasatzen dituzu zure buruarekin bakarrik, eta uneoro zaude maketaren baterako ideia berriak pentsatzen. Altxatu naiz baten baino gehiagotan ohetik ideia bat buruan daukadalako, eta ezin daitekeelako aukera hori pasatzen utzi. Afizio honek ordu asko kentzen dizkizu, eta bizitza pertsonalean ez eragitea lortu behar da. Nik, zorionez, oso ondo daramat hori, eta nire ingurukoekin nagoenean zaletasuna alde batera uztea lortzen dut”.
Maiatzaren 9an zabaldu zituen ateak erakusketak, eta ordutik “jende nahiko” bertaratu dela esan du. “Bi feedback mota izan ditut: Batetik, jendea harrituta geratu da. Ezagutzen didatenek zoriondu egin naute, eta maketak nireak ez zirela ez zekitenek harrituta geratu dira egilea ni naizela jakitean. Bestetik, egon da baten bat, lanen alde txarra ikusi duena ere. Adibidez, atunontzi baten maketan Bakio jartzen du, eta baten batek esan dit Bakion porturik ez dagoela. Baina, orokorrean oso feedback ona izan dut”.
Maketa ikusgarriak. Kultur Etxetik esan dutenez, erakusketako bisitari gehienek maketak “ikusgarriak” direla komentatzen dute. “Benetan landuta” dauden lanak dira, eta lan bakoitza “prisa barik eta atentzio handia jarriz” begiratu behar dela uste dute.
Lan guztiak dira “txalotxekoak”, baina badaude besteak baino arrakasta gehiago izan dutenak. Kohetea da aipatzekoa, “ume guztiak txundituta utzi baititu”. Cesky Krumlov gazteluaren arrakasta ere nabarmendu dute, “bere edertasunagaitik”. Eta hirugarren bat aipatzekotan, Paray-le-Monialgo basilika aipatzen dute, “maketa honek dituen xehetasun txiki guztiak batuz sortzen duten edertasunagitik”.