Bizikleta martxa, pentsiodunen eskubideak aldarrikatzeko
Donostian hasi eta bukatuko da astelehenean abiatu eta ekainaren 25ean bukatuko den hamahiru etapaz osatutako ibilbidea. Hain zuzen ere, ekainaren 16an Zornotzatik abiatuko den laugarren etapan ailegatuko da martxa eskualdera.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak hamahiru egun iraungo duen bizikleta martxa antolatu du, Euskal Herriko eskualde guztiak zeharkatuko dituena, pentsio publiko duinen aldeko borrokagaz jarraitzeko. Martxak hiru lelo nagusi izango ditu, izan ere, hiru aldarri jarriko dituzte borrokaren erdigunean: 1080 euroko eta gutxieneko pentsioaren aldarrikapena, zerbitzu publikoen defentsa eta zainketa partekatuen lana nabarmentzea. Hori guztia defendatu, eta pentsio publiko eta duinak lortzea aldarrikatuko dute Busturialdeko pentsiodunek.
Donostian hasi eta bukatuko da ekainaren 13an abiatu eta ekainaren 25ean bukatuko den hamahiru etapaz osatutako ibilbidea. Hain zuzen ere, ekainaren 16an Zornotzatik abiatuko den laugarren etapan ailegatuko da martxa eskualdera. 10:00ak inguruan ailegatuko dira Gernika-Lumora, eta harrera egingo diete udalerriko sarrerako biribilgunean. Handik, Lurgorri, Mestikabaso, Fray Martin de Murua eta Karmelo Etxegarai zeharkatuko dituzte, Batzarretxean argazkia ateratzeko. Ondoren, San Juan kaletik igarota, Foruen plazara ailegatuko dira, eta, han, elkarretaratzea egingo dute.
Busturialdeko Pentsiodunek zehaztu dutenez, txirrindulariei aurreskua dantzatuko diete eta Txalapartaren soinua ere entzungo dute, bertsoez eta irrintziez gain. Harrera eginda, Mungiarantz abiatuko dira.
Lau urte baino gehiago igaro dira pentsiodunak mobilizazioekin hasi zirenetik, eta pentsioak murrizten zituzten neurri batzuk leheneratzea lortu duten arren –pentsioen balioa % 0,25 handitzea esaterako–, beste lorpen batzuk eskuratzeko dituzte oraindik; tartean, Pentsio Sistema Publikorako bermeak behin batiko finkatzea, gutxieneko pentsioak Europako Gutun Sozialaren nahikotasun irizpideekin bat etortzea eta pentsioak KPI errealarekin birbalorizatzea. Hortaz, bidea dute aurretik, eta pedalkada bakoitzak indarra daukala erakusteko prest daude pentsiodunak.
Aurrekariak.
2022ko maiatzaren 12an, EAEko Pentsiodun Mugimendua Eusko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu ziren, 1200 pentsiodunen partaidetzarekin, alderdi politiko guztiei hamalau ordainsaritan 1080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko. Oraingoan, Bizikleta Martxagaz, Gasteizko eta Iruñeako Gobernuei zuzentzen dira, hain zuzen ere 2023ko aurrekontuetan 1080ko osagarria sartzeko, Estatuko Gobernuak gutxieneko pentsioa erabaki bitartean.
Pentsiodunen borrokak egungo langileei ere zuzenean eragiten die, erretiroaren ondoren bizi baldintza duinak lortzea, “guztioi dagokigun eskubide unibertsala delako”. Hortaz, langile, gizon, emakumea eta gazteei dei egiten diete, etapa ezberdinetan egongo diren ekitaldietan parte hartzeaz gain, etaparen amaieran egingo den elkarretaratzean parte hartzera, ekainaren 25ean, Donostiako Alderdi Ederren 12:00etan.