Bermeoko Udalak herriko gudari eta milizianoak omenduko ditu
Oroimen ekitaldi desberdinak egingo dituzte ekainaren 16tik 18ra bitartean. Ekainaren 18an, gainera, itsas gudari izandako Juan Azkarate omenduko dute.
36ko gerran autogobernuaren, demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zuten gudari eta miliziano bermeotarrak omenduko ditu Bermeoko Udalak.
Omenaldi ekitaldi nagusia ekainaren 18an (zapatua) izango bada ere, udalak “egitarau sendoa” aurkeztu du Gogora Institutuarekin batera.
Ekainaren 16an, eguenez, Matxitxako elkarteak egindako Matxitxako dokumentala jarriko dute Nestor Basterretxea aretoan, 19:30ean. Herritar guztientzako zabalik egongo den doako emanaldia izango da. Dokumentalak Matxitxakoko Batailaren nondik norakoak kontatzen ditu; gainera, bataila haretan parte hartu zuten gudari batzuen testigantzak entzuteko aukera ere eskaintzen du.
Hilaren 17an, barikuan, Angel Ituarte gudari bermeotarraren ibilbidea laburbiltzen duen hitzaldia eskainiko du Iñaki Goiogana historialariak; Arrantzaleen Museoan izango da, 19:00tan hasita.
Egunik “garrantzitsuena”, hala ere, ekainaren 18a izango da. Egun horretan, hain zuzen ere, bizirik dagoen Bermeoko azken itsas gudari Juan Azkarate Araukuak 100 urte egiten ditu; horregatik aukeratu dute egun hori omenaldi instituzionala egiteko. Goiko Plazan izango da, 10:30ean hasita. “Merezitakoa eta hunkigarria” izango dela adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Nahi duenak ekitaldira hurbiltzeko aukera izango du, eta gainera herriko hiru taldek parte hartuko dute: Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak, Bermeoko Txistulari Taldeak eta Bermeoko Abesbatzak.
Memoria historikoa. “Gure nortasuna eta historia” balioan jartzea da Bermeoko Udalaren helburu estrategikoetako bat, eta bide horretan hainbat ekimen antolatu dituztela adierazi du alkateak.
Abaroak uste du gudari eta milizanoei, erakunde modura, horrelako omenaldi bat zor diotela. Ekintzetan parte hartuko duten erakunde guztiei eskerrak eman dizkie.