Urrunketa politikoa amaitzea eta presoen etxeratzea gauzatzea eskatuko du Sarek barikuan
Gernika-Lumoko Sarek antolatuta, barikuan, 19:00etan, Merkuriotik hasita, urrunketa politikoa ahalik eta arinen amaitzea eta presoen etxeratzea gauzatzea aldarrikatuko dute. Diotenez, elkarbizitzaren eraikuntza kolektibo bat egin ahal izateko preso eta iheslarien gaia konpondu behar da, eta, hori lortzeko, "modu errealena eta integralena" etxeratze prozesua muturreraino eramatea da.
Urrunketari agur esateko ordua da lelopean, manifestazioa egingo du Gernika-Lumoko Sarek barikuan, 19:00etan, Merkuriotik hasita. Urrunketa politikoa ahalik eta arinen amaitzea eskatuko dute udalerriko kaleetan zehar, eta etorkizunera begira jarriko dira, etxeratze gauzatzeko eskatuz.
Izan ere, azken urteetan dispertsioaren edo urrunketaren mapa izandakoa “zeharo” aldatu da, eta hein handi batean, euskal herritarrek egindako lanaren ondorioa izan dela uste dute Sarekoek, baita presoek egin duten bidearen ibilbide propioa ere: “Gainera, Euskal Herriko egoera aldatu egin da, eta sortu den egoerak hurreratze hori bultzatu du”.
Hori dela eta, Euskal Herritik urrutien dauden espetxeak hustu eta presoak hurreratu dituzte, baina oraindik “amaitu barik” dagoen fasea dela diote. “Ez da iraganeko kontu bat, izan ere, oraindik indarrean dagoen espetxe politikaren funtsa den urrunketa. Egia da asko aldatu dela, baina oraindik ere badago”, adierazi dute Gernika-Lumoko Sareko kideek.
Herritarrei ohartarazi gura diete gauzak “hobe bidean” dauden arren, oraindik amaitu barik daudela: “Urrunketaren amaiera eskatu behar dugu, ez dugu foku hori galdu gura”. Hala ere, gogorarazi dute urrunketa amaitzeak ez duela problematika konpontzen, “ezta gutxiago ere”.
Beste pauso bat.
Diotenez, elkarbizitzaren eraikuntza kolektibo bat egin ahal izateko preso eta iheslarien gaia konpondu behar da, eta, hori lortzeko, “modu errealena eta integralena” etxeratze prozesua muturreraino eramatea da. Horretan jarriko dute fokua, etxeratze bide hori amaieraraino eramateko bide horretan herritarrak aktibatzean, alegia: “Hori helburu hartuta antolatu dugu hurrengo prozesu soziala. Jendartea aktibatu behar dugu presoen etxeratzea eskatzeko. Urrunketa politikoa aldarazteko eduki dugun gaitasun soziala etxeratzeko bidea eskatzeko baliatu behar dugu”.
“Badirudi gai hau ez dela inoiz aldatzen, beti dagoela egoera berdinean, eta ez da horrela. Zorionez, gauza batzuk aldarazi ditugu, baina horiek aldatzeak ez du esan gura erroko arazoa konpondu denik. Eta, aurrera begira, bestelako egoera bat eraikitzeko erroko arazo hori konpondu behar dugu”, argudiatu dute Sareko kideek.
Esan dute prozesu sozialak ez direla egun jakin batean amaitzen eta beste batean hasten, tartean badagoelako oraindik guztiz amaitu barik geratzen den errealitate bat. Hala ere, beste fase bat zabaltzeko indarra dute sarekideek. “Guk uste dugu 2022-2023 urteak testuinguru dinamiko horretan egongo direla. Etxerako bidea gertu ikusten du Sarek. Iradokizun bat da, esperantza bat, aldarrikapen bat, gogo bat, baina, oraindik ere bidean dagoen zerbait da. Eta bide horri gure ekarpen guztia egiteko oztopoak gainditu eta gure indarrak horretan jarri behar ditugu”, adierazi dute.