Musikaz beteta dator ekaina
Ikasturte amaieragaz batera, kontzertu ugari antolatu ditu Bermeoko Musika Eskolak; atzo, BOSen urteurreneko ekitaldien baitan, TUTTI kontzertuan parte hartu zuten musika eskolako talde asko eta asko.
Ikasturte amaiera hemen dago, eta ikasitakoa erakusteko unea iritsi zaie Bermeoko Musika Eskolako taldeei ere. Hala, ekaina musikaz bete dute; kontzertu ugari antolatu baitituzte.
Arrantzaleen Museoa izango da Musika Eskolako ikasleen agertokietako bat. Gaur bertan, 19:30ean, Doinmuseuak kontzertua eskainiko dute. Ekainaren 14an (martitzena) ere bertan joko dute ordu berean. Gitarra Doinmuseuaken txanda izango da, berriz, ekainaren 15ean (eguaztena), 19:30ean.
Ekainaren 14an, gainera, Arrantzaleen Museoan eskainiko duten kontzertua baino lehen, Musika Eskolako konboen kontzertua egongo da Irakaskintza kaleko karpan, 19:00etan.
Ekainaren 21a (martitzena), Musikaren Nazioarteko Eguna da, eta hori ospatze aldera, 18:00etan hasita, Arrekatxutxa taldekoak kalejiran ibiliko dira.
TUTTI kontzertua atzo. Bilbao Okestra Sinfonikoaren (BOS) urteurrenaren baitan, TUTTI kontzertua eskaini zuten atzo Musika Eskolako taldeek. Ordubete inguruko kontzertua eskaini zuten Irakaskintzako karpan, eta izugarrizko giroa sortu zuten. Ingurua jendez bete zen, musikari txiki, ertain zein nagusien lanak ikusi eta ezagutzeko. Soka taldea, haize taldea, flautak, koroak, harrerako ikasleak, trikitilari-pandero joleak, txistulariak… parte hartu zuten, eta errepertorio zabala eskaini zuten bertaratutakoen gozamenerako.
Musikaldia. Joan den zapatuan, berriz, Bermeoko Musika Eskolako 45 musikari jinguru joan ziren Pasaian ospatu zen Musikaldira. Honako taldeek parte hartu zuten: Erroxape Abesbatza, Arrekatxutxa, Kankinkabara eta Gitarra Gazte taldea. “Oso gustura” ibili ziren, eta giro “jatorra” egon zela nabarmendu du Musika Eskolako zuzendari Esti Arrizabalagak. Zuzendariaren esanetan, “oso aberasgarria” da mota horretako ekintza bat herritik kanpo egin ahal izatea.