Paisaia Pedagogiko Iraunkorra proiektua ezagutu du Gobernu Kontseiluak gaur Ekoetxea Urdaibain
Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira batu da gaur Busturiko Ekoetxea Urdaibain Gobernu Kontseilua; bertan egin dute ohiko bilera.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua Busturiko Ekoetxea Urdaibain dago gaur; izan ere, bertan egin dute asteroko bilera. Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izan zen herenegun, eta, horren harira, batu dira gaur Busturian. Goizean, Busturiko Udalaren ordezkaritzak egin die harrera Ekoetxearen kanpoaldean.
Talde argazkia egin ostean, Paisaia Pedagogiko Iraunkorra proiektuaren berri eduki dute. Aipatu proiektua Ekoetxea Urdaibaik hurrengo 2-3 urteetan egin nahi duen proiektua da. Izan ere, Ekoetxea inguratzen duten bost hektarea eraldatzeko konpromisoa hartu dute; betiere, iraunkortasunean oinarrituz.
Proiektua azaltzerako orduan, hiru puntu izan dituzte kontuan. Lehenik eta behin, ingurua ikertu eta aztertu dutela esan du Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok, hainbat ondorio atara dituztela gaineratuta: “Hainbat gauza oso argi ditugu: gure ingurunearen kontserbazio berezia egin nahi dugu. Gure tradizio eta kultura errepestetzea ezinbestekoa da; padura gure altxorra eta oinarria da, iraunkortasuna dugu ardatz, hariztia eta artadia gure ingurunearen parte dira, eta hauen hedapenean lagunduko dugu”.
Ondoren, proiektuan egingo diren eta egin diren obra batzuk aurkeztu dituzte; tartean, aparkalekuan egingo dituzten aldaketak azaldu ditu Barredok. “Urbanoa” dela iritzita, zorua material iragazkorrarekin egingo dutela esan du, “ura lurrean iragazteko eta euriak landaketetan lagundu dezan”. Inguruan, gainera, bide asko aldatu dituzte esan du sailburuordeak, inguruko bide asko material iragazkor horrekin asfaltatu dituztela azalduz. Beste alde batetik, seinaleztapenean “lan handia” egin dutela aipatu du, proiektuaren ardatzetako bat hori dela nabarmenduta. Gainera, azaldu du proiektu honen bidez biodibertsitatea sustatzen ari direla.
Azkenik, lan egiteko erabiliko dituzten bideak aurkeztu dituzte. Jakinarazi dutenez, egingo diren lanetan erabiliko den materialaren %40a material birziklatua izango da; proiektua azaltzeko erabili duten maketa ere material jasangarriagaz egindakoa izan da.
Horrez gain, garrantzia handia eman diote mugikortasunari. Ekoetxeara iristeko, bide jasangarriak nahi dituztela azaldu dute, eta horretarako egiten ari diren lanaren zehaztasunak eman dituzte. Asmoa, Ibarrangelun hasi eta itsasoa inguratuta, Gaztelugatxeko San Juanera iristen den bide bat eraikitzea dela jakitera eman dute, txirrinduz edo oinez joateko aukera emango duena. Eta bide hori eraikitzeko, udaletxe desberdinekin akordioetara heltzea da euren asmoa; zehaztu dutenez, txirrindu elektrikoak kargatzeko puntuak jartzea ere bada akordio horretako helburuetako bat.
Ekoetxea Urdaibai bisitatzen duten 56.000 pertsonekin lan egiteko kanpaina bat ere aurkeztu dute. Horretan, batez ere, ikastetxeetatik datozen umeekin lan egiteko baldintzak egokituko dituzte, kontzientziazio jolasak tarteko.
Gobernu Kontseiluaren bilera. Proiektua ezagutu ostean, Gobernu Kontseiluak martitzenero egiten duen batzarra Ekoetxea Urdaibain egin dute gaur.