BetiON zerbitzuko langileek euren hitzarmena beste sektore soziosanitario batzuekin parekatzeko eskatu dute
Eusko Jaurlaritzak dauka telelaguntza zerbitzua emateko eskumena, eta hori bere gain hartu zuenetik nabarmen egin dute gora zerbitzuaren erabiltzaileek. Erabiltzaile kopurua handitzen jarraitu gura du Jaurlaritzak, baina langileen kopurua eta "lan baldintzak ez datozela bat" salatu dute LAB, ELA, UGT eta ESK sindikatuek.
BetiON Bizkai, Araba eta Gipuzkoako telelaguntza zerbitzuko langileek greban jarraitzen dute, eta Gernika-Lumoko Foruen plazan egin dute elkarretaratzea gaur. Euren lan baldintzak hobetzeko eta hitzarmena beste sektore soziosanitario batzuekin parekatzeko eskatu dute.
Arreta iraunkorreko zerbitzua da BetiOn, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan martxan dagoena, eta larrialdi egoerei edo premia sozialei erantzun egokia emateko berariaz prestatuta dauden pertsonek eskaintzen dutena. Eusko Jaurlaritzak dauka telelaguntza zerbitzua emateko eskumena, eta hori bere gain hartu zuenetik nabarmen egin dute gora etxeko laguntza botoi gorri horren erabiltzaileak. 2011an 23.000 inguru ziren, eta gaur egun 65.000 dira. Erabiltzaile kopurua handitu gura du Jaurlaritzak, baina langileen kopurua eta “lan baldintzak ez datozela bat” salatu dute LAB, ELA, UGT eta ESK sindikatuek.
Zerbitzu publikoko langileen hitzarmen hori berritzen ez denez, eta negoziazio bilerak “nahiko geldirik” daudenez, ekainaren 25era bitartean greban jarraituko dutela adierazi dute, hurrengo egunetan: ekainaren 15, 16, 17, 18, 24 eta 25ean. “Lan baldintzen eta hitzarmenaren berritzea zaila izaten ari da, Eusko Jaurlaritzak Tunstall, GSR eta IMQ enpresa multinazionalen esku utzi baitu zerbitzu hori”, azaldu dute greban dauden langileek.
Sindikatuek eta greba batzordeko kideek negoziatzeko eta aurrera egiteko asmoa duten arren, ez dute azken bileran soldata igoeraren trukean enpresak proposatutakoa onartu: “Euren proposamenean, soldata igoeraren truke, zerbitzuko langileak mugarik gabe ez ordezkatzeko hautua hartu zuten”.
Momentu honetan, gainera, langileek salatu dute enpresa grebalariak ordezkatzen ari dela, “aldi baterako kontratazioaren bidez”. Adierazi dute hori guztia salatzen eta euren lan baldintza duinen alde mobilizatzem jarraituko dutela.