Gernikako gerra-presoen ospitale militarrean hildako 269ak gogoratu dituzte Zallo hilerrian
Memoria ekitaldian egon dira omendutako batzuen senitarteko eta lagunak. Ekitaldi hunkigarria izan da, eta horren adierazgarri izan dira gerturatutako askoren negar malkoak.
1938 eta 1940 urteen bitartean egon zen martxan Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarra, eta ehundaka izan ziren bertatik igaro ziren presoak. Horietako 269 hil ziren han, eta horiei izena eta izana eman diete Pipergorri Kultur Alkarteko kideek. Hain zuzen ere, hildako guzti horiek gogoratu zituzten atzo arratsaldean Zallo hilerrian antolatutako omenaldian. Ekitaldia atzo egitea erabaki zuten, hildakoen artean hiltzen azkena izan zen Benito Fernandez asturiarra egun horretan bertan zendu zelako, hau da, duela 82 urteko ekainaren 3an.
Emozioz betetako memoria ekitaldia izan zen atzokoa. Gernikarrak ez ezik, inguruko herrietatik zein Espainitik udalerrira bertaratutako jendea egon zelako hilerrian, tartean, biktima batzuen senitarteko eta lagunak. Jakinarazi zutenez, biktimen hurbilekoak honako tokietatik iritsi ziren Gernika-Lumora: Nabarniz, Usansolo, Asturias, Murtzia, Alacante, Zaragoza eta Toledo.
Ekitaldia hunkigarria izan zen hasiera-hasieratik, izan ere, bertan hildako presoen senitartekoen eta lagunen artean negar malkoak ere ikus zitezkeen. Hala ere, eskertuta zeuden, euren familiakoei izena eta izana ematearren, eta merezi zuten omenaldia egin ahal izatearren.
Omenaldiagaz gernikarren historian ahaztu ezin daitekeen une bat gogoratu zuten Pipergorri taldekoek, eta hala adierazi zuen ekitaldia gidatu zuen Iratxe Astui kazetariak ere. “Gernikak berriz ere memoriaren inguruan batzen gaitu. Gure historia hurbileko beste gertaera bat gogoratzeko batu gara oraingoan, gogoratu gabe utzi ezin dezakeguna. Gaur gogora dakarzkigun 269 hildakoek egoera jasanezinak pairatu zituzten”, adierazi zuen bere berbaldian. Izan ere, ospitale militarrean preso zeuden gehienak gaixorik hil ziren.
Hildako horien gorpuak Gernikako hilerrian lurperatu zituzten, eta hori jakina den arren, “ezinezkoa” dela gorpuak zehazki non dauden jakitea adierazi zuten. Diotenez, hilerrian obra asko egin dira azken urteetan, eta orain dela gutxi izan dute lurperatutako gorpu horien berri.
Oroitutako 269 hildakoak “askatasunaren eta demokraziaren alde” egiteagatik zigortu zituzten, 2. Errepublika defendatzearren, hain zuzen. Eta, Espainiaren historiako garai hori gogoratzeko asmoz, Segundo Olaeta Musika Eskolako Banda Sinfonikoak Himno de Riego ereserkia interpretatu zuen; izan ere, lehen eta bigarren errepublikako ereserki ofiziala izan zen, frankismoa iritsi arte.
Musika eskolakoek bertaratutakoak txundituta utzi ostean, Gernikara hurbildutako biktimen familiek hartu zuten hitza. Sentimenduak oso bizirik zituzten famili hauek esfortzu izugarria egin zuten malkoak albo batera utzi, eta hitz batzuk esateko. Ekitaldiko unerik hunkigarrienetakoa izan zen. Pipergorritik adierazi zutenez, memoria berreskuratzeko proiektu honen “ardatz bereziena” izan da biktimen familiekin oroitzapen hauek berreskuratzea. Harri bitxiak balira bezala hartu zituzten hitz hauek entzule guztiek.
Familien hitzaldi berezienak.
Familiek Pipergorri Kultur Alkarteko kideak eskertu zituzten egindako lanagatik. Memoriaren alde egindako ikerketa lana eskertu eta lanean jarduteko eskatu zieten, egiten duten lana “izugarria” dela argudiatuz.
Bertaratutako sei familien kontakizunak oso bereziak izan ziren, baina, Ramiro Fonbella Sanchez asturiarraren familiak esandakoak izan ziren hunkigarrienak; izan ere, orain dela gutxira arte ez zeukaten Ramiroren berri. Esan zutenez, uste dute familiakoek Ramirotaz hitz egietari utzi ziotela, “garai hartako egoerak behartuta eta beldurraren ondorioz”. Hurrengo belaunaldiek, hortaz, ez dute Ramirotaz ezer jakin.
Beste alde batetik, Juan Bautista Gonzalvez Alacanteko presoaren familiakoek esan zuten ez zekitela ezer Bautistaren heriotzaz, eta orain dela bi aste izan zutela haren berri, Pipergorrikoen deia jaso zutenean. Hala ere, familian berataz asko hitz egin dela aitortu zuten, eta biloba batek bere omenezko poema bat idatzi zuen.
Jose del Campo Mendoza zaragozarraren senitarteko batek esandako hitzak txalo zaparrada eragin zuten: “Gureak bakea eta askatasunaren borrokagatik hil ziren. Gora Errepublika“.
Muskizko Constantino Fernandez Ikazaren 94 urteko alabak ere berba egin zuen atzo. Alabak gogoratu zuenez, aita bere ezkontzako urteurrena baino egun bat lehenego hil zen, eta aita Gernikako ospitalean zegoela, bisita bat egin ziola ere aitortu zuen. Izan ere, bisita hura atzo izango balitz bezala gogoratzen du alabak, eta aitari entzun zizkion azken hitzak ekarri zituen gogora. “Emakumea, zaindu altxor hauek”, esan zion alabei erreferentzia eginez.
Erakunde publikoetako ordezkariek ere parte hartu zuten ekimenean. Gernikako alkate Jose Mari Gorroño oso hunkituta agertu zen. Hitz batzuk prestatu zituela esan zuen, baina familien kontakizunak entzun ostean, jota zegoela aitortu zuen. “Gernikarroi gerratik geratu zaigun gauzarik handiena memoria historikoa da, eta zaindu egin behar dugu”, adierazi zuen. Gainera, Espainiatik bonbardaketako hilketak onartu ostean, atzo oroitutakoena onartzea falta dela gaineratu zuen.
Encarnacion Vicente Asturiazko justizia sailburua ere gerturatu zen Gernikara. Vicentek esker hitzak eskaini zizkien Pipergorri taldeari eta Gernikako herriari, “egindako ikerketa lanagatik”, eta memoria historikoa zaindu egin behar dela gogoratu zuen: “Modu horretara bakarrik bermatuko da egia eta justizia erreparatzea eta gerrak berriro ez ematea”.
Eusko Jaurlaritzako giza-eskubide memoria eta lankidetzako sailburu Jose Antonio Rodriguezek eta Espainiako Gobernuko ordezkari Denis Itxasok ere hitz egin zuten. Biek esan zuten omenduak zenbaki bat baino askoz ere gehiago direla. Horien heriotza “bidegabekeri” bat izan zela defendatu zuten, eta euren borroka “benetan garrantzitsua eta ohoretsua” izan zela adierazi zuten.
Hitzaldien ostean, 269 hildakoen izenak irakurri zituzten. Izenari, izana emon deitu zioten momentu polit eta oroigarri horri. Senitartekoek eta Gernikako pertsona desberdinek irakurri zituzten izen-abizenak. Bakoitzak hamar izen irakurri eta lore sorta bat uzten zuten Jose Ibarrolaren marmol gorriz egindako harri arrakalatuaren aurrean. Harri horren arrakalak zauria zabalik dagoela erakutsi nahi du.
Hildakoen omenez, minutu bateko isilunea ere egin zuten. Minutua bukatu eta jarraian, Irene Ojanguren soprano gernikarrak Remember Me abestu zuen SOMEko laukote baten laguntzaz. Ostean, Gernikako Arbola interpretatu zuten Segundo Olaetakoek eta txalo zaparrada jaso zuten.
Lur zatia, oroigarri.
Hildakoen gorpuzkiak bilatzea ezinezkoa den arren, Pipergorrik hildakoak etxean izateko modua eskaini nahi izan zuen. Horregatik, egurrezko ontzietan, hilerriko lurra sartu zuten, eta hori familiei eman zieten. Oroigarri hori poztasunez hartu zuten familiek, eta modu berezian gordeko dutela aitortu zuten.
Amaieran, senitarteko guztiak batu ziren lore sortaren eta omenduen izenak agertzen diren plakaren aurrean eta taldeko argazkia atera zuten.
Argazki galeria HEMEN