Olatz Foruria: "Frontoi guztiak ez dira Gernikako Jai-Alai bezalakoak"
Olatz Foruria muruetarrak tokitxoa egin du telebistan; zesta-puntaren arrakastaren parte izan da, astelehenero agertu da-eta EITBko lehen katean partidak komentatzen
Zergatik aukeratu zenuen Kazetaritzako gradua ikastea?
Ez dakit zergatik den, baina nik txikitatik ikusten nuen nire burua jendearen aurrean. Mikrofonoa betidanik gustatu izan zait. Herriko jaietan beti animatzen nintzen agertokira igotzera eta ekitaldiak aurkeztera edo zer edo zertaz berba egitera. Nire ametsa beti izan da telebistan lan egitea. Komunikatzea beti gustatu izan zaidenez, oso argi izan nuen hau zela ikasi nahi nuena.
Nolakoa izan da zure orain arteko kazetari ibilbidea?
Nire lehen kazetaritza esperientzia Gernikako Bagabiz aldizkarian izan zen. Gero, graduko zein masterreko praktikak EITBn egin nituen. Dena dela, nire lehen lan profesionala Oizmendi telebistan egin nuen. Kamera aurrean jartzeko aukera eman zidaten lehenengoak izan ziren, eta nik beti esaten dut nire bizitzako urterik onenetakoa izan zela. Pila bat ikasi nuen esperientzia horretatik, eta jende on-ona eduki nuen aldamenean. Joan den urtetik EITBn nago.
Nortzuk ziren zure kazetari erreferenteak?
Nik betidanik jarraitu izan dut kirol mundua, eta hain zuzen ere, oraingo nire lankideak izan ditut idolo edo erreferente. Izenen bat esatearren, Sara Gandara edo Elena Azpeitia aukeratuko nituzke.
“Hain zuzen ere, oraingo nire lankideak izan ditut idolo edo erreferente”
Zerk harritu zaitu gehien EITBtik?
Toki oso natural baten sartzen zara; horrek harritu nau gehien. Onerako edo txarrerako, EITB komunikabide erreferentea da gure inguruan, eta horren eraginez, distantziatik ikusten duzu. Nik zerbait irreala edo eskuraezina modura ikusten nuen bertan sartzea. Behin barruan egonda ere, ez nuen nire burua astero pilotan edo telebistan ikusten. Ateak zabalik izan ditut lehen unetik, ostera; eta konfiantza erakutsi didate. Jende oso normala dago bertan.
Argi al zeneukan kirol kazetaria izan nahi zenuela?
Bai, oso argi. Kazetaritza ikasi nahi nuela baino lehenagotik nekien kirolaren inguruan lan egin nahi nuela. Bitxikeria bat kontatuko dizut: nire lehengusuak eta biok txikitan oso hurretik jarraitzen genuen Athletic. Berak fisioterapeuta izan nahi zuen, eta nik kazetaria. Beti esaten nion: `zuk masajeak emango dizkiezu jokalariei, eta nik partidak kontatuko ditut´.
“Kazetaritza ikasi nahi nuela baino lehenagotik nekien kirolaren inguruan lan egin nahi nuela”
Zein kirolekin gozatzen duzu gehien ?
Nik pila bat gozatu dut, eta gustatu zait, zesta-puntako txapelketa hau. Orain arte kazetari modura izan dudan erronkarik handiena eta politena izan da, eta oso gogotsu nago jarraitzeko. Lana pila bat erraztu didate denek.
Nola iritsi zitzaizun zesta-puntaren aukera?
Nire kamera aurreko lehen esperientzia iazko udan izan zen, zehatz esateko, zesta-puntako udako masterrean. Ordurako esaten zuten Daniako frontoia itxi egingo zutela. Beraz, proiektu berri bat martxan jartzeko unea zela entzuten zen, eta horrela izan zen gerora. Nik ikaragarrizko zorte ona eduki nuen nire nagusiagaz, Joseba Urkiolagaz, nigan konfiantza eduki zuelako, eta horrela hasi zen abentura hau. EITBk benetako apustu gogorra egin zuen zesta-puntaren alde, eta berarekin batera, baita puntistek beraiek zein frontoiko agintariek ere. Horregatik izan da ekimen arrakastatsua: denek bultzatu dutelako. Harrigarria izan da nola lagundu gaituzten guztiek.
Nolakoa da horrelako talde-lan baten parte izatea?
Gozamen hutsa da.Gauza ederra da hain esperientzia handiko profesionalekin lan egitea; kazetaritzaz horrenbeste dakitenekin. Nik beti esaten dut EITBn ondokoengandik ahalik eta gehien ikasten ahalegintzen naizela, esponja baten modura.
Nola ikusten duzu zesta-puntaren etorkizun hurbila?
Etorkizuna hemendik hurre ikusten dut. Surfarekin konparaketa eginez, orain olatua hartzen dagoela uste dut, eta olatuaren goialdetik hurre dagoela esango nuke. Hala ere, gorantza joateko aukera dago oraindik ere. Frontoi guztiak ez dira Gernikako Jai-Alai bezalakoak, baina hala ere asko betetzen dira. Hazia ereinda dago,eta lanean jarraitzen bada, argi daukat berpizkunde horri jarraipena emango zaiola.
Nola ikusten duzu emakumeen papera kirol kazetaritzan?
Ez dizut gezurrik esango, ni oraindik triste jartzen naiz adibidez prentsaurreko batera iristean emakume bakarra naizela ikustean. Horrelakoa da errealitatea. Orain dela aste batzuk, Bartzelonako emakumeen futbol taldeak futbolean asistentzia errekorra lortu eta hurrengo egunean, neu bakarrik joan nintzen Iraia Iturregiren prentsaurrekora; ez zen beste kazetaririk agertu. Hori ikusteak gauza asko pentsarazten dizkizu.
“Oraindik triste jartzen naiz adibidez prentsaurreko batera iristean emakume bakarra naizela ikustean”
Eta etorkizunean?
Emakumeok kirol kazetaritzan ateak oso itxita ditugu. Hala ere, gaur egun emakumeen mailagaz eta talentuagaz gutxinaka-gutxinaka hormak jausten ari dira. Praktiketan gero eta emakume gehiago datoz, eta etorkizuna oparoagoa izatea espero dut.
Nola ikusten duzu Youtube edo Twitch bezalako plataformen bat-bateko arrakasta?
Kontsumitzaile bezala, asko gustatzen zaizkit bertako edukiak. Kazetaritzak gazteengana hurbiltzeko hartu behar dituen baliabideak direla uste dut. Dena dela, hori kazetaritza al da? Nik ondo ikusten ditut. Hori bai: beti ere jakinda zer diren eta zertarako kontsumitzen diren. Nire iritziz, bertan kontsumitzen denak gehiago du entretenimendutik kazetaritzatik baino, eta ez da ezer gertatzen.
Ze proiektu dituzu momentu honetan esku artean?
Momentuz bakarrik dakit uztailaera arte dudala EITBgaz kontratua, eta ez dakit etorkizunean zer gertatuko den. Momentu honetan bizitzen ari naizen amets honetaz disfrutatzen ari naiz. Ez dut beste ezertan pentsatzen. Beti izan nahi izan dut kirol kazetari, eta orain horretaz bizitzeko aukera daukadanez, gozatzea da nire asmoa. Ez dakit noiz bukatu den amets hau, eta beraz, bizirik jarraitzen duen bitartean, aprobetxatzen saiatuko naiz. Momentua bizi nahi dut.