Hazkunde demografikoa bultzatzea bilatuko du Gautegiz Arteagako HAPOk
Udalerriko hazkunde demografikoa bultzatzeko herriko gazteriarentzako etxebizitza eskuragarriak sortzea du helburu. Gainera, lehen sektorearen eta zerbitzuen sektorearen arteko oreka sortzea eta Zelaieta bidean hobekuntzak egitea aurreikusten du.
Gautegiz Arteagako Udalak hasierako onarpena eman dio Hiri Antolamenduako Plan Orokorrari. Hori garatzeko garapen jasangarrian jarri dute fokua, baita interes publikoan, hirigintza plangintzaren eskumenean, hirigintza antolamenduaren koherentzian eta herritarren parte hartzean ere. Testuinguru horretan, plan berriak udalerriko hazkunde demografikoa bultzatzeko herriko gazteriarentzako etxebizitza eskuragarriak sortzea du helburu. Gainera, lehen sektorearen eta zerbitzuen sektorearen arteko oreka sortzea eta Zelaieta jarduera gune bihurtzea bilatzen du.
“Gautegiz Arteagan udal plangintzako arau subsidiarioak 90eko hamarkadaren amaierakoak dira, eta 2003an onartu ziren. Indarraldia bete da, eta, lege kontuak alde batera utzita, udalerria herriaren eta gure bizilagunen beharrizan berrietara egokitzeko beharrizana dugu”, azaldu du Juan Felix Naberan herriko alkateak. Planaren aurkezpena egingo dute barikuan, 19:00etan, kultur etxean, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete udal ordezkariek. Izan ere, erredaktore taldeak planaren edukia eta tramitazio prozesua azalduko du, baita plana zenbat denboraz egongo den indarrean ere.
Plan orokorrak egungo hiri garapenari emango dio lehentasuna, eta diskriminazio positiboa bilatuko du hiri eraberritze eta birgaitze jarduketekin, lehendik dagoen ondare arkitektonikoari balioa emanez. “Dinamika demografiko negatiboa eten gura dugu, eta, horretarako, onartutako planak 100-120 etxebizitza eskaintzen ditu”, zehaztu du alkateak. Hori dela eta, onartutako planak, espazio hutsetan etxebizitzak eraikitzeko aukera ematen du; zehazki, hirigunearen iparraldean 30 etxebizitza inguru egitea, eta errepide orokorraren ekialdean eta mendebaldean 80 etxebizitza inguru sortzea. Ekialdeko eremu horretan bi eraikin kolektibo eraiki ahalko dira: 22 etxebizitza kolektibokoa bata, eta 15 etxebizitza adosatuetakoa bestea. “Bi jarduketa hauek etxebizitza iraunkorra eskaintzeko gauzatuko dira eta egituratze lan handia egingo dute hiriguneko ekialdean”, azaldu du Naberanek.
Bestalde, udalerriko lehen sektorearen eta zerbitzuen sektorearen arteko oreka bilautko du Gautegiz Arteagako HAPOk. Horretarako, hirigunearen hegoaldean 1.000 eta 2.000 metro koadroko lurzoru bat gordetzea aurreikusi dute, “etorkizuneko herriko beharrizanei erantzuteko“. Zehaztu dutenez, planean ez dago berariaz jarduera ekonomikoetara bideratutako eremurik, “epe laburreko eskaririk ez dagoelako”, baina epe ertain-luzera aukera hori bermatzeko sektorizatu gabeko eta urbanizatu daitekeen lurzoru bat gordetzea aurreikusi dute, tokiko behar ekonomikoetara bideratu daitekeena.
Urbanizatu ezin diren lurzoruak ere zehaztu dituzte, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren arabera; hurrengo hauek dira: Itsasadarraren eremua, Artadi Kantauriarren eremua, Urdaibaiko Ibai Sarearen eremua, Paisaiaren Babes eremua eta Landa Guneen eremuak.
HAPO berriak hilerria 1.000 metro koadrotan handitzea aurreikusten du, espazio libreak sortu eta autokarabanen parkearen ondoan aparkaleku bat sortzeaz gain. Kanalan ez da inolako hirigintza garapenik aurreikusten.
Zelaietako bidea hobetu.
Bide sistemari dagokionez, BI-2238 errepidearen Zelaietako bidea hobetzea aurreikusten da, eta, horrela, oinezkoen segurtasuna eta iriste erraztasuna bermatzea. Horrez gainera, BI-3223 errepidearen Mendialdua auzoaren zatia tokiko bide bihurtzea pentsatu dute. “Helburua da bide orokorraren eta barneko bideen konexioa hobetzea”, adierazi du alkateak.
Plangintzaren beste helburu batzuk dira natura eta hiri ingurunearen artean behar bezala egituratutako eta harmonizatutako gune bat eratzea; ondarea babestea; eta arkeologia, arkitektura eta ingurumen ikuspegitik garrantzitsuenak diren elementuak biltzen dituen katalogo baten bidez kultura intereseko ondasunak eta elementuak zaintzea.
HAPOaren ondorengo pausoak behin behineko onarpena eta ondorengo behin betiko onarpena dira, gero, indarrean sartzeko.