Gazteen zirku erakustaldia, Muxikan
Sarreretatik lortzen duten dirua ekainaren 23tik 26ra bitartean egingo den Gazte Zirku Jaialdira joateko erabiliko dute. "Sarreren salmentarekin lortutako dirua, ikasleak Gazte Zirku jaialdira eroateko izango da".
Zirkuak hartuko du Muxika domekan. Txitatoki Zirku Eskolak erakustaldi berezia egingo du 18:00etan hasita, Muxikako frontoian, eta, sarreretatik lortzen duten dirua ekainaren 23tik 26ra bitartean egingo den Gazte Zirku Jaialdira joateko erabiliko dute. “Sarreren salmentarekin lortutako dirua, ikasleak Gazte Zirku jaialdira eroateko izango da”.
Izan ere, FEECSEk –zirku nazionala elkartzeko plataforma gisa sortutako federazioa– La Puebla de la Calzadan (Badajoz) Gazte Zirku Jaialdia antolatu du. Topaketa horietan 12 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartzen dute, eta, bertan, ekintza desberdinen bitartez, kultur eta pedagogia desberdinen trukaketa sustatzen da helburua. Aurten FEECSEk Txitatoki Zirku Eskola gonbidatu du jaialdian parte hartzera, eta eskolarentzat “oso garrantzitsua” dela bertan egotea adierazi dute: “Alde batetik, ikasleek duten gaitasuna erakusteko, eta, bestetik, eskola eta Gernika Espainian ezagutzera emateko”.
Zehaztu dutenez, erakustaldira joateko sarrerak www.txitatoki.com webgunean daude, 5 euroren truke. Gainera, erakustaldira joan ezin direnentzat eta lagundu gura dutenentzat, Fila 0 izeneko sarrerak erosteko aukera jarri dute. Bestela, eskolako kontu zenbakira ekarpenak egin daitezkeela adierazi dute, ‘Gala Txitatoki’ kontzeptua jarrita: ES59 3035 0022 4102 2008 1391.
36 prestakuntza proiektu.
2013an sortu zen FEECSE elkartea, eta gaur gaurkoz, 36 prestakuntza proiektu biltzen ditu zirkuaren hastapenaren, zirku sozialaren eta egokitutako zirkuaren arloan. Eskolek, elkarteek, prestakuntza proiektuek, zirkuko hezitzaileek eta norbanakoek osatzen dute.
Zehaztu dutenez, zirkuko artearen irakaskuntza bultzatzea, zirkua indartzea eta artisten belaunaldi berrien jarraipena ahalbidetzea dira federazioaren helburu nagusienak. Horrez gainera, zirkuko arteak “hezkuntza tresna” modura eta “gizarte eraldaketarako tresna” gisa sustatzea bilatzen du.