Astelehenean hasiko dira San Juan kaleko iriste erraztasuna hobetzeko lanak
Espaloien altuera ibilgailuen bidearen mailara jaitsiko dute kale horretako bi eremutan: Artekaleren elkargunetik San Juan Ibarra plazaraino doan segmentuan, lehenengo, eta Don Telloko semaforoen bidegurutzetik Errenteriako zubira doan tartean, gero.
San Juan kalea hobetzeko lanekin jarraituko du Gernika-Lumoko Udalak, eta astelehenean hasiko dira kalea eraberritzeko bigarren faseko lanak. 360.000 euro inguruko aurrekontua eta hiru hilabeteko gauzatze epea izango dute, lanokin abuztuaren erdialdean amaitzea espero baitute.
Espaloien altuera ibilgailuen bidearen mailara jaitsiko dute kale horretako bi eremutan: Artekaleren elkargunetik San Juan Ibarra plazaraino doan segmentuan, lehenengo, eta Don Telloko semaforoen bidegurutzetik Errenteriako zubira doan tartean, gero. Zehaztu dutenez espaloiak ere handituko dituzte, oinezkoak errazago igaro daitezan.
Lanek, guztira, 165 metroko azalera hartuko dute.
Neurriek erreka ondoan dagoen Aldape kalearekiko lotura hobetzen lagunduko dute: “Izan ere, uste dugu oinezkoek zeharbidearen puntu horretan eten sentsazioa dutela”.
Oinezkoak lehenesteko proiektua.
Gernika-Lumoko Udalak joan den urtearen hasieran ekin zion San Juan kaleko irisgarritasun baldintzak hobetzeari, “hori delako herriko kalerik jendetsuenetakoa”.
Orduan, azokaren eraikina (Domingo Alegria plaza) eta San Juan Ibarra plaza bereizten dituen espazioa urbanizatu zituen, eta Fernando Abaunza, Elbira Iturri eta Domingo Bernaola kaleak batzen zituen gune uniformea sortu zuen udalak.
Gero, inguru horretako irisgarritasuna hobetzeko, Ocho de Enero eta Don Tello kaleen arteko obrak egin ziren. Jarduketa hori 2.082 metro koadroko azaleran burutu zen.