Angel Navearen lana ondare historiko publikoa da orain
Angel Naveak grabatutako eta gordetako bideo guztiak kultur etxearen eskura jarri ditu Navea familiak. Bere lana ikusgai jartzea da asmoa, egindako horri balioa ematea, alegia.
Azken 50 eta 60 urteetan Gernika-Lumon izan diren jai, erakusketa, gertaera, ekimen edo pasadizo ilustre gehienak ikus daitezke Angel Navearen ikus-entzunezkoetan. Gordeta egon diren bideo horiek guztiak kultur etxearen eskura jarri ditu Navea familiak, eta Angel Naveak egindako lana ikusgai jartzea da asmoa, egindako horri balioa emateko.
Gernika-Lumoko kultur etxeak Navea familiak egindako dohaitza eskertu du: “Gaurko ekitaldia oso garrantzitsua da kultur etxearentzako, baita herriarentzako ere; izan ere, Navea familiak egin duen dohaitzari esker, Angel Naveak 40 urtetan grabatutako irudiak ondare publiko bihurtu dira, guztion ondarea”. Altxor hori “zaintzea eta zabaltzea” dela kultur etxeko kultura planaren ardatz estrategikoetako bat adierazi du Cristina Arana kultur etxeko zuzendariak, eta, dioenez, “beharrezkoa da” memoria historikoa eta kultur ondare materiala eta inmateriala babestea, “hurrengo belaunaldiei transmititzeko helburuz”.
Azpimarratu du herri administrazioaren ardura dela tokiko historiari balioa emateko planak ezartzea, hori delako benetako nortasunaren ezaugarria. “Bilduma hau izango da tokiko artxiboa osatuko duen lehenengo funtsa”, adierazi dute.
Hain zuzen ere, 700 bideo zinta inguruk osatzen dute Navearen bilduma, hiru arlotan banatuta: Navea familiakoa atala, Angel Naveak berak zuzenean grabatutakoen arloa eta Gernika-Lumori buruzko ikus-entzunezko dokumentuak, berak hainbat iturritatik jasoak.
Momentuz, Navearen lana digitalizatu dute, irudiak “modu egonkor” batean gordez: “Angelek grabatutako zintak, bideoak, DVDak… Mp4 formatura pasatu ditugu, eta disko gogor batean gorde ditugu”. Hurrengo pausoa irudiak deskribatzea, sailkatzea eta herritarren esku jartzea izango dela zehaztu du Aranak, izan ere, etorkizunean, liburutegian egongo dira Navearen irudiak: “Artxiboaren parte izango dira”.
“Angelek lan erraldoia egin zuen, eta orain guri tokatzen zaigu ondare hau zaintzea eta behar den moduan gordetzea, betiere, dokumentu bakarrak direla kontuan izanda”, azaldu du Aranak.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak dio Navearen “misioa” zela Gernika-Lumoko gaiak lantzea eta grabatzea: “Berak egindako lan horiek ikustea eta horietaz gozatzea sekulakoa da”. Alkate dela Naveak berak hainbat ekarpen egin dizkiola ere aitortu du: “Bere kamaragaz gauza asko ikusten zituen”.
Zabalkundea.
Josune Uriarte Angel Navearen emazteak dio bere senarrak egindako lan guztia digitalizatzea “oso garrantzitsua” izan dela, eta familia “oso eskertuta” dagoela: “Behar asko egin zuen, eta hori balioan jartzea sekulakoa da. Buru argia zeukan Angelek, eta berak ere bere bideoak digitalizatzea pentsatu zuen, baina ezin izan zuen egin”.
Orain arte etxean gordeta eduki dituzte dokumentuak, baina zabaltzea erabaki dute. “Bideo zinta guztiak etxean izan ditugu, leku batean gordeta, baina etxean edukitzeak ez du ezertarako balio, eta jendeak horietaz gozatzea gura dugu”, adierazi du Uriartek. Hala, udalerriko txikienek berak egindako lanarekin gozatu ahal izango dutela gehitu du, baita lehengo Gernika-Lumoko zelakoa zen ezagutu ere.
Afizionatua zen Navea, ikus-entzunezkoak grabatzea bere kontura ikasi zuena. “Bere afizioak edozer gaindi zezakeen, minarekin ere grabatzera ateratzen zen, eta grabatutako horiek editatzen zituen etxean, gero”, azaldu du Uriartek.