Natura babesteko erabakia
Segundo Olaeta Musika Eskolak 500 ikasle batu ditu klima aldaketari buruzko 'Kausa bat, Kantu bat' sentsibilizazio ekimenean, eta ingurunea zaintzearen beharraz ohartuta, natura babesteko erabakia hartu dute gazteek.
Hausnarketetatik ekintzetara pasatzeko hautua hartu dute Gernika-Lumoko eta inguruetako ikastetxeetako ikasleek. Domekan Ingurumenaren Munduko Eguna ospatuko dela aitzaki hartuta, Segundo Olaeta Musika Eskola Publikoak lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako 500 ikasle batu ditu klima aldaketari buruzko Kausa bat, Kantu bat sentsibilizazio ekimenean. Eta ikasleek natura babesteko erabakia hartu dute, hausnarketetatik ekintzetara igarotzekoa, alegia.
“Natura gehiago maitatu behar dugu”, adierazi dute, gaur, Lizeo Antzokiko ekitaldian batu diren Barrutiko, San Fidel Ikastolako eta Seber Altube Ikastolako ikasleek. Horiez gain, bihar, Allende Salazar Herri Ikastetxeko ikasleek, Mertzedekoek eta Muxikako Urretxindorra eta Gautegiz Arteagako Montorrekoek jakinaraziko dituzte euren iritziak.
Kutsaduraz, deforestazioaz, iturri hidrikoen desagerpenaz eta, batez ere, baliabide naturalen gehiegizko ustiapenak planetari eragiten dizkion ondorioez hitz egin dute ikasleek, eta, musikaren, koreografien eta bertsoen bidez egin dute hori. Gainera, klima aldaketak planetari eragiten dizkion ondorioak arintzeko proposamenak ere aurkeztu dituzte kantuetan. Izan ere, gizakiek “suntsitu eta kaltetu” duten planeta eurek “konpondu” behar dutela aitortu dute.
Gizakiek lurra zaintzen eta maitatzen ikasi ote duten galdetu dute Barrutikoek, eta gizakien ohiturak eta joerak kritikatu dituzte. Hala ere, itxaropentsu agertu dira, ingurunea zaintzeko ekintzak martxan daudela esanez. Gainera, kantu bat ere aurkeztu dute, eta planeta zaindu beharra dagoela azpimarratu dute abestian: Zaindu dezagun, esnatu zaitez, gure planeta zaindu behar dugu.
San Fidel Ikastolakoak “kontsumismo basatiaz” aritu dira bertsotan. Jasangarritasuna zaintzen ez duten jarrerak izan dituzte izpide, eta munduan hara eta hona ibiltzea ez dela eredugarria adierazi dute: “Karibeak paradisu izateari utziko dio. Bada garaia etorkizunaz pentsatzen hastekoa, kontsumismo basatiaz amaitzekoa. Zentzuz jokatu eta gure ohiturak aldatu behar ditugu”.
Mundua zaintzea “guztion ardura” dela azpimarratu dute Seber Altube Ikastolakoek, natura apurtzen dabilelako. “Behar beharrezkoa da birziklatzea, zabor eta plastiko kopurua gutxitzea. Gure esku dago ingurunea zaintzea”.
Ekitaldi dinamikoa bezain entretenigarria izan da, musikaz beterikoa, doinu eta soinu desberdinak jorratu dituena. Haizea imitatu dute lehenengo, eta euriaren soinua eta trumoi hotsa gero. Salto egin eta denek batera kantatu dute In the jungle the mighty jungle abestia.