BOSen mendeurrenaren erakusketa ikusgai dago Bermeoko Lameran
Goizean egin dute aurkezpen ekitaldia, Lameran eta Nestro Basterretxea aretoan. Orkestra sinfonikoko lau kidek kontzertu labur bat eskaini dute
Bilboko Orkestra sinfonikoak (BOS) 100 urte bete ditu, eta hori ospatzeko egindako erakusketa ibiltariak Bermeon ere egin du geldialdia. Erakusketa atzo iritsi zen herrira, eta ekainaren 12ra arte egongo da ikusgai, Lameran. «BOSek lehenengo kontzertua eskaini zueneko mendeurrena ospatzeko antolatu dugu erakusketa ibiltaria, gure orkes-
traren historia foru-lurralde osoan zehar zabaltzeko asmoz. Bizkai osoaren orkestra da BOS, horregatik, bizkaitar guztiekin batera ospatu nahi dugu efemeride garrantzitsu hau».
Erakusketaren ailegaeran aurkezpen ekitaldia egin zuten, lehen zatia Lameran eta bigarrena, Nestor Basterretxea aretoan. Bertan egon ziren Bermeoko alkate Aritz Abaroa eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi Ibon Aranbarri.
Lehenengo zatian BOSeko zuzendai nagusiak erakusketako paneletan jasota dagoena azaldu zion alkateari, eta, bigarren zatian, orkestrako lau kidek hamar minutu inguruko kontzertu labur bat eskaini zieten Nestor Basterretxea aretoan bildutakoei. Kontzertua lau biolinistak eskaini zuten, eta une goxo, lasai eta polita bizi izan zen aretoan.
XIX. mendetik gaur egunera arteko testu juridikoak biltzen ditu erakusketa ibiltariak. Metro bateko zabalera eta metro biko altuera duten hamabi «atek» osatzen dute. Ateek orkestraren historiako etapak zabaltzen dituzte, Bizkaiko historiaren isla ere badirenak.
BOSek Bermeoko herriagaz duen harremana berezia da. Erakusketako paneletako batek Bermeo eta Busturialdeak orkestragaz eduki duten harremana kontatzen du. Ondorengoa irakurri daiteke, besteak beste, panel horretan: «BOS ohiko bisitaria da Bermeon eta Busturialdeko eskualde osoan. Orkestrak 1948ko irailaren 10ean jo zuen lehenengo aldiz Bermeon».
Bilboko Orkestra Sinfonikoak Bermeoko Musika Astean kontzertu bat ematea, izan ere, tradizio bihurtu da. «Berezia da orkestra herrian edukitzea, bermeotarrak hunkitu egiten dira orkestra entzutean», adierazi zuen Abaroak.
Aranbarrik lurraldeak eurontzat daukan garrantzia azpimarratu zuen: «Bilboko Orkestra Sinfonikoa Bizkai guztiaren orkestra da. Sarritan kanpora irteten garen arren, gu Bizkaiari zerbitzua emateko jaio ginen».
BOSen historia.Orkestrako lehen taldeko musikariak 1922ko martxoaren 8an Armand Marsick lehen zuzendari titularraren zuzendaritzapean gure historiako lehen kontzertua interpretatzeko Arriaga Antzokiko agertokira igo zirenean, ez zuten inondik inora ere pentsatuko 100 urte geroago orkestra horren sorreraren mendeurrenaren protagonista izango zirenik.
Bilboko eta Bizkaiko gizartearen bultzadari, erakundeen arteko lankidetzari eta 100 urte horiek hartzen dituzten 36.525 egunetan agertokira igo diren musikarien tinkotasunari esker sortu zen kultura-erakunde baten lehen pausoa izan zen.
Orkestrak 4.700 kontzertu baino gehiago eman ditu ordutik gaur egunera, kontzertu horiekin batera doazen antolaketa, ikasketa denbora, entsegu eta joan-etorriak barne. «Orkestra Bilbokoa eta Bizkaikoa den aldetik, ehun urte horietan gizartearen gorabeherak bizi izan dituen erakunde bati lotuta dauden pertsona askoren bizitzez ari gara».