Busturialdea arraun taldea, abante
KAE2 tik KAE1 era saltoa egin du Busturialdeak. Harrobiko gazteekin eta arraunlari beteranoekin osatu dute lantaldea, eta ekainaren 19an hasiko dute denboraldia, Pasaian.
Iazko KAE2 arraun ligan gailendu ondoren, Busturialdea arraun elkartea KAE1 ligara itzuli da berriro, eta aurtengo denboraldian taldeko partaide izango diren arraunlariak nahiz lantaldea aurkeztu dituzte, Elantxoben. Busturialdea elkarteko lehendakaria, Patxi Egurrola elantxobetarra, “ilusioz gainezka” azaldu da liga batetik besterako igoeragaz. “Urte batzuk egin ditugu KAE2n, asko sufrituta, baina urratsak egiten joan gara apurka-apurka, eta azkenean lortu dugu KAE1era igotzea”. Orain igoera hori “emaitzekin frogatzea” egokituko zaiela azaldu du presidenteak.
Negu “oso ona” izan du taldeak: “Gogor entrenatzeko aukera izan dugu, prestaketa lanak ganoraz egiteko, eta, ondorioz, oso gogotsu gaude aurtengo denboraldiari hasiera emateko”. Neguko prestakuntza hori, Egurrolaren ustez, “gakoa” da udan maila handia erakusteko: “Prestatzailez aldatu genuen iaz, Ander Zabalagaz hasi baikinen beharrean; aurten ere beragaz jarraituko dugu, eta aurreratu du bai uretako, bai lehorreko entrenamenduak bide onetik joan direla”. KAE1 mailak, KAE2gaz alderatuta, gogortasun maila gehigarria duela azaldu du Egurrolak.
Hori dela eta, “guztiz beharrezkoa” dela azaldu du lantalde “sendoa, orekatua eta oso batua” eratzea. Ildo horretan Busturialdea taldeko entrenatzaile Luis Angel Salvadorren lana du ahotan Egurrolak: “Itzelezko beharra egin du lantaldearen kudeaketan”. Iazko lantaldearen “blokea eta esentzia” mantendu egin dituztela adierazi du Egurrolak, baina zenbait aldaketa ere izan dituzte. Esate baterako, Urko Barrenak eta Jon Aingeru Dominguez mundakarrak aurten ez dira arraunean ibiliko.
“Prestatzailez aldatu genuen iaz, Ander Zabalagaz hasi baikinen beharrean; aurten ere beragaz jarraituko dugu”
Aurtengo arraunlariak. Horrenbestez, ondorengoek osatuko dute Busturialdearen aurtengo lantaldea: Aitor Agirresarobe, Jon Arenaza, Jon Ander Arrasate, Ander Ayerza, Jon Canabal, Iker Goikoetxea, Aitor Gondra, Iñigo Martinez de Alegria, Iraitz Salcedo, Luis Angel Salvador, Endika Sanz, Asier Arego, Jon Aberasturi, Joseba Arevalo, Eneko Atutxa, Aritz Idoiaga, Josu Kortazar, Aimar Martija eta Jon Urizar. Zerrendako azken zazpi arraunlariak, gainera, harrobikoak izango dira.
“Oso harro gaude eskualdeko arraunlariei babesa emateaz eta beraien potentziala ikusteko aukera izateaz”
Harrobia da, hain zuzen ere, Busturialdea arraun elkartearen zuztarretako bat, Egurrolaren arabera: “Arraunlari asko eta asko oso gazteak dira, eta, hortaz, elkartearen jomugetako bat da beraiei proiekzioa ematea, babestea eta ahal bezainbeste irakastea”. Era berean, etorkizuneko arraunlariak ere erakarri gura dituzte, eta, horretarako, arraunarekiko interesa duten neska zein mutil gazte guztiei “beldur barik animatzeko” deialdia luzatu die.
Beste denboraldi batez, traineruko lantaldea Busturialdeko kideek osatuko dute, hori baita elkartearen alderdi bereizgarrienetako bat. “Oso harro gaude eskualdeko arraunlariei babesa emateaz eta beraien potentziala ikusteko aukera izateaz”, adierazi du lehendakariak. Besteak beste, Bermeo, Elantxobe, Mundaka, Muxika, Kortezubi, Gautegiz Arteagako arraulari gazteak daude taldean. Beteranoentzat ere berba ederrak baino ez ditu presidenteak: “Traineru barruan, Luis Angel Salvador, Iker Goikoetxea edota Iñigo Martinez de Alegria moduko eskarmentudun arraunlariak osagarri oso esanguratsuak dira, gazteenek erreferentzia modura eduki ditzaten”.
“Ahal dugun guztia egingo dugu eginiko lan gogorra ikusarazteko; hortik harago, itsasoak aginduko du”
Ekainaren 19aren esperoan. Ekainak lehiaketa hasieraren esanahia du Busturialdea arraun elkartekoentzat; izan ere, hilaren 19an astinduko dituzte lehendabizikoz arraunak konpetizio giroan, Pasaia San Pedron. Ondoren, ekainaren 26an, Zumaian lehiatuko dute; jarraian, uztailaren 2an, Castro Urdialesera joango dira. Uztailaren 3an, ostera, etxean arraun egitea tokatuko zaie, Elantxobek KAE1 ligako laugarren jardunaldia hartuko baitu. Parte hartzaileek lau kale izango dituzte, lau luze egiteko. Helburuez itaunduta, “dena ematea” erantzun du Egurrolak: “Ahal dugun guztia egingo dugu eginiko lan gogorra ikusarazteko; hortik harago, itsasoak aginduko du”.