Udarako boluntario kanpaina abiatu du Urdaibai Bird Centerrek
Boluntarioak izan gura dutenek Urdaibai Bird Centerrek webgunean aurki daitekeen inprimakia bete beharko dute, ekainaren 10a baino lehen.
Ingurumenagaz eta naturako turismoagaz lotutako arloetan esperientzia hartzea helburu duen boluntarioen programa abiatu du beste behin Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek. Hezkuntzaren, ekoturismoaren eta ikerketaren arloan gaitasunak garatzea bilatzen du udako programak.
Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean gauzatuko dute esperientzia programa, eta hautatuak aukeratzeko orduan, hilabeteko egonaldiei lehentasuna emango diete. Hauek dira txandak:
- Ekainak 1 – Ekainak 30
- Ekainak 1 – Ekainak 15
- Ekainak 15 – ekainak 30
- Ekainak 30 – uztailak 31
- Ekainak 30 – uztailak 15
- Uztailak 15 – Uztailak 31
- Uztailak 31 – Abuztuak 31
- Uztailak 31 – Abuztuak 15
- Abuztuak 15 – Abuztuak 31
- Abuztuak 31 – Irailak 30
- Abuztuak 31 – Irailak 15
- Irailak 15- Irailak 30erazt1
Boluntarioek ingurumen hezkuntza eta Urdaibaiko natura baliabideen dibulgazioa gauzatu beharko dute, “bisitariei informazioa eta arreta emanez”. Gainera, padurako hegaztiak behatzeko eta interpretatzeko jarduerak zuzenduko dituzte, eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserban dauden hegaztien jarraipen eta monitorizazio proiektuetan parte hartuko dute. Hegaztien habitataren kudeaketagaz lotutako proiektuetan ere parte hartzeko aukera izango dute hautatuek.
Ekainaren 10a. Programan parte hartu gura dutenek hegaztien zentroko webgunean aurki daitekeen inprimakia bete beharko dute, eta hori egiteko azken eguna da ekainaren 10a. Arduradunek jakinarazi dutenez, hautagaiei ekainaren 11n jakinaraziko zaie hautatuak izan diren edo ez. Behin boluntariotza bukatuta, gainera, aldi horretan egindako lanen gaitasun ziurtagiria jasoko dutela azaldu dute.
Izena ematen dutenen artean, parte hartzearen arrazoiak kontutan hartuko dituzte, baita boluntarioek esperientziarik edota ezagutzarik duten ornitologian, ekologian edota ingurune naturaletan ere. Urdaibaiko Biosfera erreserbako natura balioei buruzko ezagutzak izatea ere garrantzitsua dela aitatu dute. Halaber, jendearen arretarako esperientzia edota hizkuntza gaitasuna ere aintzat hartuko dituztela jakinarazi dute.